ATZEKOZ AURRERA. Santi Ochoa. Argazkilaria

«Identifikatzeko bidea dira elastikoak»

Poliziaren aurkako elastikoei ateratako argazkiez osatutako erakusketa osatu du Ochoak. Herritarrek Poliziari dioten ezinikusia jaso nahi izan du 'La Guerra de las Camisetas' erakusketan.

FOTOSDECAMISETAS.
Kerman Garralda Zubimendi.
2017ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Santi Ochoak (Madril, 1947) bere burua ez du argazkilaritzat, baina 25.000 argazki baino gehiago egin ditu. Denetan, elastiko aldarrikatzaileak dira protagonistak: besteak beste, ingurumenaren aldekoak, monarkiaren aurkakoak eta Poliziaren kontrakoak. Gasteizko ZAS Eraikinean daude ikusgai, LaGuerra de las Camisetas (Elastikoen Gerra) izeneko erakusketan.

«Iraultza elastikoekin izango da edo ez da iraultza izango», esan zenuen aurkezpenean.

Gizartea hobeto antolatzen da herri mugimenduen bidez, alderdi politikoen edo erakunde burokratizatuen barruan baino. Adibidez, Juan Carlos I.ak abdikatu zuenean, arratsalde hartan bertan, 20.000 lagun baino gehiago elkartu ziren Puerta del Solen [Madrilen]. Asteburuan, berriz, alderdi errepublikazaleek antolatutako deialdira hamar bider jende gutxiago agertu zen, nahiz eta antolatzaileek elementu propagandistiko guztiak martxan jarriakzituzten.

Gara daiteke herri mobilizaziorik elastikorik atera gabe?

Gaur egun, edozein mugimendu sozial, aldarrikatzaile, artistiko... elastikoak ateratzean errotzen da.Protesta guztiak elastiko berdinarekin egitea manifestatzeko era identitario bat da, mugimenduak duen gizarte onespen maila osoaren isla. Mugimenduarekin identifikatzeko bidea ere badira elastikoak.

Ez al da merchandising-a?

Elastikoak ez dira dirua ateratzeko saltzen. Ahalik eta merkeena saltzen dira, mezua ahalik eta gehienazabaltzeko. Dagoeneko ez dira finantza bide gisa saltzen; talde izaera sustatzeko saltzen dira.

Modan daude elastiko aldarrikatzaileak?

Elastikoek betidanik izan dute mezu lotsagabe, iraultzaile, aldarrikatzaile... bat. Zaila da zehatz-mehatz esatea, baina Madrilen punk mugimenduarekin batera hasi ziren elastiko errebeldeak. Orain, 25.000 elastikori baino gehiagori argazkia atera diedanean, askotan pentsatzen dut denak ikusiak ditudala. Baina elastikoen mundua birsortu egiten da. Beti dago borrokatzeko edo salatzeko kausa bat, eta beti egongo da horren inguruko elastiko bat.

Mozal legea-rekin, elastikoak zigorgarriak dira. Elastikoak benetan dira arriskutsuak? Justifikatuta dago zigorgarriak izatea?

Erakusketa neurri horren aurkako aldarri bat da. Elastikoak ez dira erasokorrak. Alderantziz, eraso sentitzen gara kamiseta jakin bat eramateagatik zigortzen gaituztenean.

Arazorik izan duzu inoiz?

Ezer aipagarririk ez. Nire abokatuak esan zidan gorroto delitua egiteagatik zigortu nazaketela, baina nik ez dut gorrotoa sustatzen. Herritarrek Poliziarekiko duten ezinikusia besterik ez dut jasotzen erakusketa honetan.

Elastikoak modu egokiak dira mezuak zabaltzeko?

Nire ikasle garaian, grisen aurretik korrika egitean, askok galdetzen zidaten ea ezer lortuko genuen horrela. Ez balu ezertarako balio, Polizia ez zen gure atzetik etorriko. Elastikoen mezuak ez balira zabalduko, alferrikako zerbait lirateke, ez lukete horrelako interesik edukiko haiek zapaltzen. Mina egiten duena bakarrik zapaltzen dute.

Noraino heldu behar du debekuak?

Debekua ez da ona edo txarra, egoeraren araberakoa da. Mugak beharrezkoak dira denon ongizatea babesteko.

Osasungarria da dena esan ahal izatea? Elastikoei mugak jarri behar zaizkie?

Hori norberaren irizpidea da. Nik ez ditut elastikoak egiten, soilik argazkiak ateratzen dizkiet. Baina elastiko naziak, eskuindarrak, arrazistak, matxistak... badira, ez diet argazkirik ateratzen.

Argazkietan hartzen dituzun elastikoak nolakoak dira? Zein mezu daramate?

Kirol elastikoak, korporatiboak, turistikoak... alboratu egiten ditut, eta politikan zentratzen naiz. Denetariko azpimultzoak ditut: monarkiaren aurkakoak, kapitalismoaren kontrakoak, feminismoaren aldekoak, klase borrokakoak...

Umorea eta kritika ongi nahasten dira elastikoetan?

Umorezkoak dira nire gustukoenak. Umorez helarazitako mezuak beti barneratzen ditugu gehiago. Behin, marka komertzialak parodiatzen zituzten 200 kamiseten argazkiekin osatutako erakusketa bat prestatu nuen. Gauza hutsala dirudi, baina klase borroka oso ongi islatzen zuen.

Zerk motibatzen zaitu horrelako erakusketak antolatzera?

Kontzientziak xaxatu nahi ditut. Argazkietan hartzen ditudan elastiko guztiek ideologia zabaldu nahi dute, eta nik gauza bera egin nahi dut: argazkien bidez ideologia ezkertiarra zabaldu. Ni konplize bat besterik ez naiz, mezu bat zabaltzen ari diren elastikoak bildu, eta are zabalkunde handiagoa ematen diet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.