ATZEKOZ AURRERA. Blanca de la Torre. Arte komisarioa

«Erretorika alferrik da artea egiteko erak aldatzen ez badira»

Artea aldarri guztiekin ongi nahasten delako, De la Torre sinistuta dago arteak arazo ekologikoari ere buelta ematen lagunduko duela. «Ekologista izatea ez da aukera bat, behar bat baizik».

BLANCA DE LA TORRE.
Kerman Garralda Zubimendi.
2018ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Blanca de la Torreren esanetan, (Leon, Espainia, 1977) ekologista izatea bizi estilo bat da. Hartzen dituen erabaki guztiak ingurumenaren ikuspuntutik hartzen ditu, baita artearen ingurukoak ere. Artearen munduan joera ekologistak zabaldu nahi ditu, eta, horretarako, hitzaldi bat eskainiko du gaur arratsaldean, Gasteizko Artiumen.

Zure hitzaldiaren aurkezpenakdio arazo ekologikoen inguruko jarduera artistikoen garrantziaz hitz egingo duzula. Hitz potoloak dira horiek.

Artearen eta ekologiaren hariari tiraka egin ditudan proiektuak baliatuz, frogatu nahi dut arazo ekologikoa artearen ikuspegitik lan daitekeela. Mahai gainean jarriko dut alferrikakoa dela erretorika ekologista, artea egiteko moduak aldatzen ez badira. Horretarako, artea egin eta kultura kontsumitzeko joera jasangarriagoak azalduko ditut.

Zeintzuk dira proiektu horiek?

Adibidez, orain ikusgai dagoen Kartografia likidoak erakusketa baliatuko dut hitzaldia gorpuzteko. Baina, gehienbat, 2017an egin ditudan bi erakusketa handiei eskainiko diet arreta: Hybris eta Invalace.

Baina artea industria kutsagarri bat da?

Egia esan, bai. Izan ere, ez gara ohartzen artea sortzeko eta kontsumitzeko ditugun joerak oso zaharkituak daudela. Gainera, askoz ere emaitza berritzaileagoak sor ditzakegu bide jasangarriagoak jorratuz. Artea egiteko formek aldatu egin behar dute.

Eta aldatzen ari zarete, ala bakarrik sentitzen zara borroka horretan?

Egia esan, denetik dago. Artista batzuk jabetzen dira gure egoera larriaz, eta saiatzen dira egokitzen, baina beste batzuei gehiago kostatzen zaie. Esango nuke Espainian itxiagoak garela, baina Miamin [AEB] izan nintzen duela gutxi, eta sortzaile guztiek zuten jasangarritasunaren aldeko jarrera.

Artista gazteek kontzientzia ekologista handiagoa dute?

Ez da adin kontua; gai hau belaunaldien gainetik dago. Espainian berriagoa zaigu guztia, baina, munduan, 70eko hamarkadan mugimendu ekologista garatzen hasi zenetik daude artea eta ekologia uztartzen dituzten joera paraleloak.

Zer gehi diezaiokezue artistek mugimendu ekologistari?

Datu zientifikoak ez dira nahikoa gizartea esnarazteko. Artea, baina, errazago murgiltzen da gure baitan, eta gehiago eragiten digu. Artearen bidez, mundua beste era batera ikus eta uler dezakegu, eta, kasu horretan, beharrezkoa den aldaketa bat eragin dezake.

Arteak aldarri asko babestu ditu, baina ekologiak eta arteak ongi egiten dute bat?

Bai, noski. Arteak edozerekin egiten du bat. Artea zeharkako tresna bat da, eta edozein aldarri batzeko gai da.

Beraz, artea bozgorailu ona da mezu ekologista zabaltzeko.

Hain garai kritikoan gaude, non mezu ekologista apur bat zabaltzen duen edozein bide baita ona. Eta beharrezkoa. Arteak irismen handia du, baina beste bozgorailu batzuekin uztartu behar du bere indarra handiagoa izan dadin.

Nola irudikatzen duzu etorkizuna? Eta etorkizuneko artea?

Niri ez zaizkit gustatzen mezu apokaliptikoak. Egia da garai larri batean gaudela, eta bide gogorra dugula aurrean. Baina gero eta kontzientziatuago gaude ingurumenarekin, bereziki artistak, eta orokorrean gizartea. Guztion artean aldatuko dugu egoera, eta etorkizuneko arteak ez ditu akats berberak egingo.

Nola murgildu zinen artearen munduan?

Hain izan zen aspaldi, zaila da gogoratzea. Betidanik izan dut lotura estua artearekin. Txikitatik asko bidaiatu izan dugu etxean, eta, horren ondorioz, hiri bakoitzean sortzen diren arte mota guztiak ezagutu eta gozatu ditut. Gainera, Artearen Historia ikasten hasi nintzenean, ez zegoen arte garaikidea bultzatzeko egitasmorik Leonen, eta ikasle talde bat hasi ginen gauza txikiak antolatzen. Hain gazte lanean hasi nintzenez, gehiago balioesten dut arte eta kultura garaikidea. Niretzat, artea mundua ikusi eta ezagutzeko ikuspuntu bat da. Are gehiago, artearen bidez komunikatzen naiz munduarekin.

Eta ekologiarekin betidanik izan duzu harremana?

Bai. Nerabezarotik arduratzen nau Lurraren egoerak, eta aspalditik nabil talde ekologistetan. Begetarianoa naiz, adibidez, ekologista izatea bizi estilo bat delako. Bizitza ulertzeko eta mundua ikusteko forma bat. Egunerokoan molde ekologistak aplikatzen baditut, zergatik ez artean? Gogoeta hori piztu nahi dut artea sortu eta kontsumitzen dutenen artean. Ekologista izatea ez da aukera bat, behar bat baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.