ATZEKOZ AURRERA. Julen Azpitarte. 'Pop Pilulak' fanzineko arduraduna

«Musikak zuen eragin soziala galdu du»

Bere garaian musikak izan zuen grina artean eta feminismoan ikusten du egun Azpitartek. 'Pop Pilulak' fanzinearen azken zenbakia argitaratu, eta agur festa egingo du gaur, Bilbon.
MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko urtarrilak 12
Pop kulturaz euskaraz idatzi eta irakurtzeko asmoarekin sortu zuen Julen Azpitartek (Bermeo, Bizkaia, 1971), 2013an, Pop Pilulak fanzinea. Lau urte eta zortzi zenbaki igaro dira orduz geroztik, eta joan den abenduan azken zenbakia argitaratu zuen. Fanzinearen itxiera, ordea, «harakiri festa batekin» ospatu nahi du. Gaur iluntzean, Bilboko Ambigu tabernan musika jartzen arituko dira fanzinean parte hartu izan duten hainbat kolaboratzaile.

Zortzi zenbakiren ondoren, azken zenbakia atera duzu. Zergatik?

Proiektu askok bezala, honek ere amaiera eduki behar zuen. Nire bizitza aldatu egin da, aita izan naiz, ardura gehiago dauzkat lanean, eta lehentasunak markatu behar dira. Horregatik amaitu behar izan dut.

Fanzine asko ez dira zortzi zenbakitara iristen. Hori behintzat lortu duzue...

Hori da. Askotan badirudi fanzinea delako txarto egindako zerbait izan behar duela, gaizki idatzia eta estetika zikin batekin eginda. Baina gaur egun gauza txukunak egin daitezke, are gehiago dauden bitarteko teknologikoekin. Eta hori lortu dugula uste dut. Pasioz egin dugu proiektu hau, eta halakoek denboran irautea zaila izaten da. Horregatik, zortzi zenbaki nahikoa direla uste dut.

Festa batekin abiatu zenuten fanzinea, eta berdin amaituko duzue. Ezin zen beste modu batera?

Ez. Hala ere, zalantza izan nuen proiektua nola amaitu. Isilik geratu eta sare sozialetako profilak ixtea zen aukera bat, baina pentsatu nuen azken hatsa ematea merezi zuela. Horrekin batera pentsatu nuen itxiera festa bat ere egitea. Lagun arteko zerbait izango da. Pentsa, ez dut fanzinerik ere izango saltzeko...

Arrakasta izan duen seinale?

Egia da azken zenbakiaren tirada txikia egin dudala. Fanzineak duen gauzarik latzena banaketa da, eta oraingoan erdiak egin ditut. Durangon saldu ziren nahiko, eta gero leku batzuetan egon da salgai. Zenbaki bakoitzaren bospasei ale bakarrik dauzkat etxean.

Eta orain zer?

Pentsatzen nabil akaso blog bat zabaldu eta bertan astero fanzineko testu bat igotzea. Baina zalantza dut dagoen bezala utzi eta soilik fisikoki existitu izana baloratzea. Ez baduzu eskuratzerik izan, ez duzu edukiko.

Papereko edukiari garrantzia emateko?

Gutizia bezala, bai. Fetitxismo puntua ere badu. Produktu fisikoei garrantzia eman behar zaie, eta horrela lortzen du.

Fanzine asko sortzen ari diren garaian itxi duzu zuk zurea, ordea...

Bai, egia da produktu asko sortzen ari direla, horren lekuko egiten ari diren autoekoizpen azokak. Baina asko arte mundutik ateratzen ari dira, baita feminismoaren korrontetik ere. Garai batean fanzinea musikarekin lotzen zen batez ere, baina gaur egun musikarekin lotutakoak dira urrienak.

Musikak beste esparru batera salto egin duelako?

Hori da. Akaso artearen eta autoekoizpenaren mundu hori bazterrekoarekin lotuago dagoelako. Musikaren esparrua lausotuta geratu dela iruditzen zait. Esan daiteke musikak bere garrantzia galdu duela hein batean. Zaran, autoan edo alabarekin entzuten da musika. Baina nor jartzen da orain diskoa etxean jartzen? Erritual hori galdu egin da. Musikak lehen zuen eragin soziala galdu du, oso kontu arin bat bihurtu da. Kontzertuetan, esaterako, jendea hitz egiten aritzen da, eta ez da egoten kontzertuari adi. Nahi dutena egin dezakete, noski, baina horrekin esan nahi dudana da garrantzia edo pasio hori galdu egin dela. Bestelako esparruetan, artean eta feminismoan, esaterako, grina hori oraindik sumatzen da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna