ATZEKOZ AURRERA. Eduardo Aznar. Ikerlaria

«Errioxa beti izan da lehia egiteko eremu geografikoa»

Aznarrek bere azken liburuan bildu ditu Erdi Aroan Errioxan hitz egiten zen euskarak gaur egun han utzi dituen arrastoak. Badaki gai arantzatsua dela Ebro iparraldean zein hegoaldean.
IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko urtarrilak 26
Euskara Errioxan hitz egiten zen garaira salto egin du Eduardo Aznar ikerlariak (Bartzelona, 1977). 2011. urtean, El euskera en la Rioja. Primeros testimonios (Euskara Errioxan. Lehen lekukotasunak) liburua argitaratu zuen, eta, aste honetan, gaiari jarraipena ematen dion beste bat aurkeztu du: Tierras, gentes y voces. El legado del euskera riojano (Lurrak, jendea eta ahotsak. Errioxar euskararen legatua).

Oraingo liburua lehenengo haren jarraipentzat hartu behar da?

Bai. Lehena antroponimiaz ari zen, erromatarren garaiko toponimiaz; orain, Erdi Aroko garaiko arrastoez ari da. Pertsonen izenak eta errioxarren hizkerako hitzak biltzen ditu toponimoak. Egungo hitz askoren jatorria euskaratik baitator.

Zein, adibidez?

Toponimo gehienak mendebaldean agertzen dira; adibidez, Ezkarai.

Eta errioxarren egungo hizkeran txertatuta dagoen euskal jatorriko hitzen bat?

Bizkarke, adibidez, zerriaren xolomoa da, bizkarreko zati bat; txintxorra, erretako animaliaren zatiak; sokarrar, zerbait asko erretzea.

Nekazaritza munduari lotutako hitzak direla ikus daiteke hor...

Bai, oso ohikoa dira landareei lotutako hitzak erabiltzea: gorrintxoa, esaterako, fruitu gorri bat dutelako. Oso zabalduta dago, bestalde, arrate hitza ere; egurra hazteko gordetako mendiko zatiei deitzen zaie. Nekazaritza esparrukoak dira, eta gaur egun arte iraun dute, gainera.

Gaur egun, Errioxan ez da euskararik hitz egiten...

Tira, Ezkaraira joan, eta hango kaleetan asko entzuten da.

Baina ez dago tokikoen bertakoen artean bizirik. Badago esparru hori ikertzeko interesik?

Ez, eta horregatik idatzi dut gaiaren inguruan, sekulako hutsunea dagoelako gaiaren inguruan. Bai akademikoki, bai afizio mailan. Ez dago ikerketarik. Merino Urrutia hil zenetik —XX. mende erdialdera ikerketa ugari egin zituen gaiaren inguruan—; apenas egin den gaiaren inguruko ikerketarik. Errioxako euskararen gaia gaizki ikusita dago, Ebro iparraldean zein hegoaldean. Hegoaldean, abertzaletasunarekin lotzen dute, eta, iparraldean, Errioxak ez du zazpi probintzien kontzeptuarekin bat egiten. Kanpoan geratzen da, eta ez dago interesik.

Errealitatea hor dago, ordea.

Bai, baina, askorentzat, Errioxa gazteleraren sorburua da.

Baina euskarazko lehen eskuizkribua ere hantxe topatu zen.

Baina ez dago ondo ikusia. Lehentasun batzuk daude, eta beldur bat dago abertzaleak etorriko ote diren. Lehia zahar bat da, Nafarroa eta Gaztela Errioxaren jabetzagatik lehiatu zirenekoa. Errioxa beti izan da lehia egiteko eremu geografikoa.

Hala ere, Errioxa penintsulako hizkuntzen ikerketarako ezinbesteko giltza dela diozu. Zergatik?

Bai, baina kontuan hartu Errioxaz hitz egiten dudanean zentzu geografikoan hitz egiten dudala; ez naiz egungo autonomia erkidegora mugatzen. Soria iparraldea, Burgos, Nafarroako Erribera... Indartzen ari da kontua, eta erromatar garaiko hilarriak ere azaldu dira, interes berezia dutenak. Zergatik? Latina ikasten ari ziren, baina euren erroa ahaztu gabe. Deiturak ez dira latinoak, euskara zaharraren antza izan dezakete. Orain arte Bizkaian ez da halakorik agertu, baina inguru horretan halako gehiago ager daitezke.

Asko dago oraindik ikertzeko?

Bai, etorkizuneko harrobi bat da, eta gauza gehiago topatuko direla iruditzen zait, informazio berria ateratzen delako.

Errioxako euskararen inguruan zer interes erakutsi du tokiko gobernuak?

Ez daki, eta ez du erantzuten. Mezu ugari bidali izan dizkiet gaiaren inguruan, baina ez dute erantzunik ematen.

Bi liburu hauek lagun dezakete gaur egun dauden mugak apurtzen?

Bai, akaso. Halere, badakit gai hauek zirkulu txikietan geratuko direla; ez dela asko aipatuko iritzi publikoan. Gauzak diren bezala, jendeak arreta handiagoa jartzen die Telecinco edo Master Chef saioei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Lander Muñagorri Garmendia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna