ATZEKOZ AURRERA. Amaranta Salazar. Dokumentalaren egileetako bat

«Bake prozesuaren gogoeta eta memoria dokumentua da filma»

Kolonbiako Cauca eskualdeko Nasa herri indigenak bizi duen egoera jaso dute film batean. Erresistentziaren «erreferente» bilakatu da komunitatea. Donostian aurkeztuko dute gaur.
BERRIA

Aitor Biain -

2018ko urtarrilak 31
Kolonbiako Cauca lurraldeko Nasa herri indigenak bizi duen egoera oinarri duen dokumentalaren egileetako bat da Amaranta Salazar (Bogota, 1984). Filma aurkezten dihardu Europan zehar, elkartasun bira bat eginez. Donostiako Kaxilda liburu dendan izango da gaur, 19:00etan.

Sangre y Tierra (Odola eta Lurra) du izena filmak. Cauca eskualdeko bi elementurik garrantzitsuenak dira?

Hala da, bi elementuek garrantzi berezia dute Cauca eskualdean, eta horregatik jarri genion izen hori filmari. Gorriarekin eta berdearekin islatzen dute bertako herritarrek bi elementu horiek: berdeak lurra irudikatzen du, eta Nasa komunitateak lurrarekiko duen lotura islatzen du. Gorriak, aldiz, odola irudikatzen du, eta azken 500 urteetan komunitatearen aldeko gatazketan isuri den odola islatu nahi du.

Zergatik jaso nahi zenuten Nasa herriaren egoera film batean?

Kolonbian, gertukoa bezain urrutikoa zaie Nasa herriaren egoera, bereziki gazteei. Askorentzat ez da ezaguna, nahiz eta 500 urte baino gehiago daramatzaten haien eskubideen alde borrokan. 2015ean, baina, gertakari garrantzitsu batzuk izan ziren, lurraren askapenarekin loturikoak, eta berebiziko oihartzuna izan zuten. Ohartu ginen gazteek ez zutela benetako errealitatearen berri, eta ez zutela ezagutzen zein zen beren egoera. Ikus-entzunezko proiektu bat abiatu genuen orduan, argazki eta bideoen bitartez, Nasa herriak bizi duen egoera ikusarazteko xedez. Nasa significa humano [Nasak gizaki esan nahi du] da proiektuaren izena, eta filma horren barnean dago.

Beraz, Kolonbiako gazteentzako da batez ere.

Hala zen hasieran. Baina, Kolonbiako gizarteari zuzenduta dago orokorrean; finean, egoera ezagutaraztea baita helburua. Nolanahi ere, jabetu gara badagoela gai honen inguruko interesa beste herrialde batzuetan ere; Hego Amerikako beste herrialdeetan, batez ere.

Nolakoa da Nasa komunitatea? Zein ezaugarri ditu?

Herri borrokalaria da, naturari eta tradizioari lotuta dagoena, eta dagozkion eskubideen alde urteetan lan egiten diharduena. Komunitate eskuzabala da, ordea; egunerokoa espiritualtasunari, arbasoei eta sustraiei lotua duena. Nasa herriaren gatazka erreferente bilakatu da Kolonbiako herri indigenen artean, baita Hego Amerika osoan ere. 500 urte baino gehiago daramatzate herriaren erresistentziaren alde borrokan. Egun, 110.000 biztanle inguru izango ditu komunitateak.

Ez da, ordea, Cauca haranean egun dagoen gatazka bakarra.

Gune oso aberatsa da Cauca, bai naturari dagokionez, eta bai kulturalki ere, eta horrek hainbat gatazka eragin ditu urteetan: narkotrafikoa, gatazka armatua, gizarte desberdintasuna, desplazatuak, azukre eta meatzaritza industrialaren ondorioak... Horiek guztiak, noski, lotura zuzena dute Nasa herriak bizi duenarekin, eta horiek ere jaso nahi izan ditugu filmean.

Bereziki zaila izan da dokumentala grabatzea egoera dela eta?

Ama Cauca departamenduan jaiotakoa da, eta bertako komunitateekin lan egin izan du urte askotan. Horrek asko erraztu zigun lana hasieratik; komunitateak ere beso zabalik hartu gintuen. Hala ere, gune konplikatua da, hainbat gatazkak bat egiten dutelako han, eta kontu handiz aritu behar izan dugu zer eta nola jasotzen genuen erabakitzeko orduan.

Nolako erantzuna izan du dokumentalak?

Errespetu handiz hartu dute orain arte ikusi dutenek, eta gazteen artean harrera ona izan du, bereziki; bada, oso pozik gaude. Nasa komunitateari erakutsi genion lehendabizi, eta haiek ere gustuko izan zuten. Beraz, zabalkunde prozesuan gaude orain. Txilen eta Argentinan maputxeei erakutsi diegu, baita Mexikon zapatistei ere.

Dokumentalak Kolonbian martxan dagoen bake prozesuan lagundu dezakeela diozue. Nola?

Bake elkarrizketen parte izan dira Kolonbiako herri indigenak, eta akordioak ere herrien eskubideak errespetatzeko konpromisoa jasotzen du, besteak beste. Betebeharrak ez dira bete, ordea, eta horien inguruan hausnartzeko tresna izan daitekeela uste dugu. Bake prozesuaren memoria eta gogoeta dokumentua baita filma, finean. Herrialdean egun bizi dugun egoera konplikatua da, baina aldatzeko aukerak badaudela uste dugu.

Bira solidarioa egiten ari zarete Europan orain.

Bai, Italian, Frantzian eta Portugalen izan gara filma erakusten. Espainiako hainbat hiritan ere izan gara. Euskal Herrian harrera ona izatea espero dugu, bereziki.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria