Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Egoitz A. Albeniz. Emagineko kidea

«Maskulinitate eredu berriek mantendu egiten dute hegemonikoa»

Feminismoaren ekarpenak barneratzea eta egunerokoan txertatzea da gizonezkoen eginbeharra, Albenizen ustez. Horretarako, nahitaezkotzat jo du beren pribilegioak identifikatzea eta horiek uztea.
JON URBE / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2018ko otsailak 1 - Iruñea

Arlo akademiko, profesional eta pertsonalean feminismotik edan du beti Egoitz A. Albenizek (Hernani, Gipuzkoa, 1988). «Marika» gisa definitzen du bere burua, eta identitate horren eta maskulinitatearen arteko gurutzaketa hausnarketa gai izan du. Emagin elkartearekin eskolak ematen ditu, eta otsailean Gora Iruñeak antolatu duen Gizonezkoentzako desboteretze tailerrak gidatuko ditu, Iruñean.

Zeri deitzen zaio gizonezkoen desboteretzea?

Gizonezkook gure pribilegioen kontzientzia hartu, identifikatu, eta uzten saiatzea; beste rol batzuetan egoten ikastea. Horretarako, gure identitate maskulinoa kokatu behar dugu; izan ere, maskulinitate hegemonikoarekin oso kritikoak izan gaitezke, baina, praktikan, pribilegioei eusten diegu.

Nolakoa behar du izan desboteretze prozesuak?

Bi zati izan behar ditu. Batetik, alde pertsonala: kontzientzia hartzea gizonezko gisa, eta ikusi gure identitatea mantentzeak eragiten duela gure inguruko emakumeekiko edo gorputz anitzekiko indarkeria. Eta, bestetik, alde kolektiboa: hausnartzea, alternatibak bilatzea. Prozesuak ezin dira geratu maila pertsonalean, autolaguntzan.

Beste gauza batzuk eskatzen diren indar berarekin exijitu behar zaie desboteretzea gizonei?

Bai, gizonak ari garelako diskurtso feminista nahiko modu lotsagabean geureganatzen, horrek lasaitasun sentsazioa ematen digulako. Horrela, geure buruan, oso modu arrazionalean, dena desmuntatzen hasten gara, baina egunerokoan ez dugu ezer aplikatzen. Kontraesan handia dago hor, eta hori aldatzea desboteretzearen parte da: nola eramango ditugu diskurtso horiek herri mugimenduetara? Eta gure lagunartean, nola bukatuko ditugu botere harremanak?

Maskulinitate hegemonikoak eta bazterrekoak existitzen dira?

Gaur egun, batez ere bazterreko ezkerreko mugimenduetan, maskulinitate hegemonikotik ihes egiten hasi den jendea dago, beste maskulinitate modu batzuk nahiago dituena; eta maskulinitate eredu berriei buruz hitz egiten hasi dira. Nire ustez, berriz, eredu horiek beti existitu izan dira, baina beste espazio batzuk izan dituzte. Baina, azkenean, boterea mantentzeko sortzen diren identitate maskulinoak baino ez dira.

Toki berera heltzen dira, beraz?

Eta toki berean geratzen dira. Tesia-antitesia-sintesia da: hegemoniak beti dauka kontra-hegemonia bat, eta bien borrokatik ateratzen da sintesia, hegemonikoaren eredua erreproduzitzen duena. Maskulinitate berriek agian ez daukate argi pribilegioak eta botere posizioa mantendu nahi dituztenik, baina mantendu egiten dituzte.

Zein izan behar du gizonezkoen jokaerak mugimendu feministan?

Mugimendu feministaren subjektu protagonista emakumea da; gizonezkook arretaz begiratu behar diegu haien aldarrikapenei. Parte pasiboa tokatzen zaigu; atzeragoardian egon gaitezke, laguntzen, baina ez abangoardian.

Gizonezkoen lana feminismoaren ekarpenak barneratzea da, beraz?

Bai, kontzeptuak barneratzea eta, batez ere, praktikan jartzeko formulak bilatzea. Bide asko egon daitezke: agian aukera bat da kalera makillatuta ateratzea eta besteen begiraden bitartez zure gizon pribilegioak desegiten ikustea.

Militantziaren esparrua landuko duzu. Maskulinitate hegemonikoan oinarrituta dago?

Erabat. Espazio militante guztiak maskulinoak dira, bai forman, baita pertsona kopuruan ere. Eta militantzia eredu horiek politika eredu maskulinizatuak sortzen dituzte: politika gisa ulertzen da konfrontazioa, zentzu biolentoan, eta ez, adibidez, zaintza lana.

Emakumea espazio publikoan sartuz joan den heinean, militantzia modu berriak sortu dira?

Bai, sortzen ari dira, mugimendu feministaren lana oihartzuna izaten ari delako. Bestela, adibidez, prestatzen ari diren grebak ez luke horrenbesteko oihartzunik izango. Baina ezin gara erlaxatu. Mugimendu feministaren militantzia ereduei begiratu behar diegu: agian sartu behar dugu gure bilera guztietan emozioei lotutako zati bat, adibidez.

Jaien eta tradizioen gaia jorratuko duzu. Eredu bera bultzatzen dute?

Bai. Historikoki esparru publikoa gizonezkoena izateak eragin du jai eredua maskulinoa izatea. Zein gorputz jartzen dira plazaren erdian? Zein identitate goresten dira? Horiek ezbaian jarri nahi ditugu. Lanketa handia egin behar da, eta, hala ere, erresistentzia biolentoa jarriko dute. Gainera, ekintzak aldatuta ere, maila sinbolikoa hor dago: emakumeak plaza hartzen badu, haren gorputzari buruz egingo den analisia matxista izango da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bertsolariak koplatan, Azpeitiko taberna batean. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Giroa epeltzeko, bertsoak

Amaia Jimenez Larrea

Azpeitian ospatu da Bertso Eguna, bertsolarien eta bertsozaleen arteko topagunea. Berrikuntzak izan ditu aurten: arratsaldeko ekitaldiaren ordez, afaria eta saio nagusia izan dira Elikagunean.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Milioika gauza txar ekoizten dira, eta zenbait onak: hori da orain artisautza»

Amaia Igartua Aristondo

1857koa da Gorostiaga denda, eta bide gorabeheratsua izan du, Pirlaren arabera: 1920an, arrakasta; ondoren, gainbehera; sarri uholdeek erasan diote, eta, azkenaldian, ekoizpen industrialak.
Pamela Anderson Kanadako aktorea, <em>Pamela, a love story</em> dokumentalaren fotograma batean. ©NETFLIX

Andersonek hitza hartu du

Urtzi Urkizu

Netflixek 'Pamela, a love story' dokumentala estreinatuko du asteartean. Lan horretan, Pamela Anderson aktoreak bere bizitzaren errepasoa egiten du. Memorien liburu bat ere idatzi du.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Ane�Eslava

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.