Noiz sortua: 2018-03-07 00:30:00

ATZEKOZ AURRERA. Josetxu Riviere. Berdintasun teknikaria

«Gizonezko gehienek ez dute argi ikusten grebarena»

Maskulinitate eredu berrien inguruko ikastaroak ematen dizkie Rivierek gizonezko helduei. Biharko grebaren inguruan ikusi dituen jarrerez, matxismo berriaz eta Munillaz mintzatu da.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2018ko martxoak 7

Josetxu Riviere (Arrasate, Gipuzkoa, 1962) Emakunderen Gizonduz egitasmoaren koordinatzailea da 2007. urtetik, eta Gizonak Berdintasunaren Alde sareko kidea.

Bihar emakumeen nazioarteko eguna da, eta greba egingo dute emakume askok. Zuk gizonezko helduekin egiten duzu lan. Zelako giroa sortzen ari da horien artean?

Gizon asko galduta eta ezeroso daude, ez dakitelako zein den euren eginkizuna. Hori oso maskulinoa da, azken batean. Erdigunean ez egoteak ezerosotasun handia sortzen digu. Gizonezko gehienek ez dute argi ikusten grebarena; helburuak ez dituzte argi. Horregatik da oso interesgarria deialdiak eragiten duen eztabaida: zergatik eskatzen dizuten egun horretan zaintzeko, edo emakumeek egiten duten lana zeure gain hartzeko...

Gauza bat esaten dute gizonezkoek grebaz jendaurrean, eta beste bat euren artean edo anonimoki?

Hala gertatzen da berdintasunaren gaiarekin oro har. Horren alde txarra da ezin duzula eztabaidatu gizon batzuek dituzten benetako zalantzen inguruan. «Hau zuri esango dizut, baina ez dut botako gure kuadrilla mistoan», esaten dizute. Kontua da grebaren eztabaidak zeuri zuzenean egiten dizula galdera, zuk egiten duzunaz da: zenbat denbora eskaintzen diozun zaintzari, zenbateko espazio politikoa eta soziala okupatzen duzun... Eztabaida horrek ez digu eskatzen ados egoteko, baizik eta gauza jakin batzuk egiteko. Horregatik eragiten die atzera gizonezkoei, ez eztabaidatzeko «giro txarra» dagoelako.

Antzeman duzu matxismo berri bat sortzen ari dela?

Bai. Sare sozialetan etengabeak dira erasoak foro horietan iritzia ematen duten emakumeen kontra. Gizonezkoen alderdi oso tradizional batzuk berriz armatzen ari dira. Donald Trump bera moralki berriz armatu den maskulinitate horren adierazpen kezkagarri samarra da. Postmatxismoaz edo neomatxismoaz hitz egiten ari dira hainbat pentsalari.

Lehen Hezkuntzako irakaslea izateko ikasi zenuen, baina gizon helduak hezten ari zara lanean. Nahikoa al da hezkuntzan egiten ari den lana eskemak erreproduzi ez ditzan?

Ez, ez da nahiko lan egiten. Berdintasunak epe luzeko egitasmoak behar ditu, adituek gauzatutakoak, eta aurrekontuak. Ezin da gelako 25 ikasleko ratio batekin gai hau landu.

Ostiralean gizonezkoek esango al dute: «Hara, orain arte ez gara konturatu emakumeen ekarpena horrenbestekoa zenik, eta geuk gehiago egingo dugu»?

Hala bedi! Baina ez dut uste. Hau prozesu luzea izango da oraindik. Baina garrantzitsua da halako gizarte eztabaida mugarriak gertatzea debatea mahai gainean jartzeko. Greba honetan, gizon batzuek gauzak berriz aztertuko dituzte.

Euskal Herriko errealitatea nondik dago gertuago: Europako iparraldetik edo Mediterraneoaren inguruko herrialdeetatik?

Geure desberdintasun testuinguru propioa dugu, baina Europako hegoaldearen antza dugu. Ratio interesgarri on batzuk ditugu, baina beste batzuk, okerragoak. Alardeek gure muga erakusten dute, esaterako, oso modu argian. Ez gara ingurukoak baino hobeak.

Zer esango zenioke Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainari maskulinitate eredu berrien inguruko hitzaldi batean agertuko balitzaizu?

Elizako buruzagitzan dago erresistentziarik handienetako bat berdintasunaren kontra. Munillak eta beste gotzaiek genero ideologiaz horrelako mespretxuz hitz egitea lotsagarria da, elizaren buruzagitzak zabaldu baitu ideologia matxista urte luzez herrialde honetan. Hitzaldira etorriko balitz... iruditzen zait hura bezalako pertsona batekin zaila dela arrazoitzea. Oso atzerakoia da. Baina, halere, esango nioke otoitz egiteko, eta uzteko gizarteari berdintasunerantz aurrera egiten bakean. Pertsonen espiritualtasunaz gehiago arduratzeko, eta, bitartean, haien bizitza politikotik baztertzeko, alegia. Vade retro, Satanas!

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 25ean eguneratua, 20:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, zortzi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.496 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.020 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Berra adinekoen egoitza. ©JON URBE / FOKU

Ekainaren 8tik egin ahalko dira bisitak Gipuzkoako zahar etxeetan

Berria

Egoiliar bakoitzeko senide bakarra joan ahal izango da bisitan, eta segurtasun neurriak zorroztuko dituzte. Gipuzkoako zahar etxeetan 167 pertsona hil dira izurria hasi zenetik; gaur egun 22 eri daude, bi egoitzatan.

Maiatzaren 11an igaro zen lehen fasera Hegoaldea ©Marisol Ramirez, Foku

Hegoaldea lehen fasera igaro izanaren arrazoiak eman ditu Espainiako Gobernuak

Ainhoa Larretxea Agirre

Espainiako Osasun Ministerioak zehaztu du egoera epidemiologiko «ona» izan dela Nafarroa pasatzeko arrazoia; Osakidetzak pazienteak artatzeko duen «gaitasun handia», berriz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa igarotzekoa. Maiatzaren 11n aldatu zen lehen fasera Hegoaldea.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea ©Olivier Hoslet (Efe)

Baliteke Bruselak bi urtera mugatzea suspertze funtsa

Jokin Sagarzazu

Erakunde horretako iturriek jakinarazi dute erdibideko egitasmo bat aurkeztuko duela asteazkenean: bilioi erdiko funts bat, diru laguntzetan oinarritutakoa, baina maileguak ere barnean hartzen dituena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Edu Lartzanguren

Informazio osagarria