ATZEKOZ AURRERA. Irune Lujanbio. Afanis elkarteko kidea

«25 familia behar ditugu Araban haur sahararrak hartzeko»

Lujanbiok bost urte daramatza udan haur saharar bati bere etxeko ateak zabaltzen. Guztiek etxea izan dezaten, 25 familia gehiago behar dituzte. «Gogobetetze maila oso handia izaten da».
JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Kerman Garralda Zubimendi -

2018ko apirilak 4
Arabako Afanis elkarteak abiatu du udan haur sahararrak hartzeko harrera familien izen-emate kanpaina. Irune Lujanbiok (Gasteiz, 1973) bi neskatila hartu izan ditu, Sabah Bannahi eta Mariam Sidi, eta esperientzia oso aberasgarria dela dio.

Zer esango zenieke oraindik harrera familia ez diren sendiei?

Haurrek behar handia dutela hona etortzeko. Saharako bizimodua oso gordina da. Laguntza humanitarioa beharrezkoa dute aurrera egiteko, eta laguntza geroz eta txikiagoa da. Egunean jatordu bat egiten dute. Horregatik, aurten, haurrek Euskal Herrira etortzeko beharra dutela azpimarratu nahi dugu, beste guztiaren gainetik.

Horren gogorra da han bizitzea?

Errefuxiatu kanpamentuetan bizi dira, iaia ezer gabe: ez dute urik, ez eta argindarrik ere. Elikadura ere ez da egokiena, eta klimak ere ez du laguntzen. Harriak besterik ez daude, baina haurrak zoriontsuak dira.

Haurrentzat, hortaz, Euskal Herrira etortzea arnasgune bat da.

Haurrak ez dira soilik ongi pasatzera etortzen. Elikadura osasuntsua ematen diegu: haragi eta arrain freskoa, barazkiak, fruituak... Bitaminaz ongi hornituta itzultzen dira etxera. Pentsa, hazi ere gehiago egiten dira. Hortzak eta ikusmena ere zaintzen dizkiegu.

Bestelako elkarteen laguntzarik izaten al duzue?

Behar bezalako elikadurarik ez dutenez, ikusmen arazoak izaten dituzte sarri. Betaurrekoak behar dituenari eman egiten dizkiogu La Ruta de la Luz gobernuz kanpoko erakundeari esker. Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren barnean ere bagaude. Arropa, zapatak... ere ematen dizkigute denda eta elkarteek. Euskal Herriak asko laguntzen dio Saharari.

Zenbat haur etor daitezke Euskal Herrira?

Arabaren kasuan, 50 haurri bidaia ordaintzeko dirua dugu, baina soilik 25 harrera familia ditugu. Beste horrenbeste harrera familia behar ditugu, eta horretarako zabaldu dugu deialdia. Zoritxarrez, nahi baino haur gutxiago etortzen dira, eta krisialdiak ere ez du lagundu. Jakitun gara lehen pausoa dela zailena, eta lehen uda urduria izaten dela, baina familia guztien gogobetetze maila oso handia izaten da.

Zer behar du harrera familia batek?

Nagusiki, denbora. Ez dugu ahaztu behar haurrak direla, eta arreta behar dutela. Elikadura egokia izan dadila, eta arropa. Nik ingurukoei eskatu nizkien arropak, jostailuak, bizikleta... Azkenean, moldatzen zara, eta ez da garestia. Elkarteak ordaintzen du bidaia.

Harrera familiak nolakoak izaten dira?

Egia esan, denetarik dago. Guraso bakarreko zazpi familia izan ditugu, haurrekin, haurrik gabe...

Gainerako haurrekin ongi moldatzen dira?

Bai. Haur sahararrak, beste jakinmin batzuk dituzte, baina jolastea dute gustukoen, beste edozein umek bezala.

Nolakoa izaten da uda etxean haur saharar bat izanda?

Haurrak izanez gero, uda ez da horrenbeste aldatzen. Igerilekura edo hondartzara joaten gara, eta tarteka txangoak antolatzen ditugu. Sobronera joaten gara, suhiltzaileek nola lan egiten duten ikusten dugu... Irtenaldiak aprobetxatzen ditugu haurrak elkarrekin egon daitezen. Baina badira familiak beste norabait joaten direnak oporretara, eta ez da arazorik egoten. Hori bai, haurrak ezin dira Espainiatik irten, aberrigabeak direnez pasaporterik ez dutelako.

Haurrek etxera itzuli nahi izaten dute?

Oso pozik egoten dira gurean, baina herrimina sentitzen dute. Azken finean, haurrak dira, eta bi hilabete gurasoengandik urruti, luze egiten zaie.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Kerman Garralda Zubimendi

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna