ATZEKOZ AURRERA. Txomin Bengoa. 'Europak hil usaina du' proiektuko kidea

«Musika tresna polita da elkartasunerako»

Perra Flaca con Malas Pulgas elkarteak elkartasun proiektu bat sortu du: Lizarrako Flitter taldea omenduz, disko bat egingo dute, etorkin gazteak laguntzeko. Elkarteko kide da Bengoa.
IÑIGO URIZ / FOKU

Ane Eslava -

2018ko maiatzak 3
Urtarrilean Lizarran (Nafarroa) sortu zuten Perra Flaca con Malas Pulgas kultur elkartean parte hartzen du Txomin Bengoak (Santurtzi, Bizkaia, 1978). Musika, gizarte salaketa eta elkartasuna dira elkartearen zutabeak, eta horiek uztartuz proiektu bat sortu berri dute: Europak hil usaina du diskoa. Europako Batasunaren politikak salatuko dituzte, eta Prodein GKEari laguntza emango diote. Diskoan 30 taldek parte hartuko dute, eta abenduaren 1ean aurkeztuko dute, Lizarran.

Europak hil usaina du izena du proiektuak. Errefuxiatuen krisiaren aurrean Europak duen jokabidea salatu nahi duzue?

Bai, hori da. Titulu horrek dena biltzen du: lotzen ditu diskoaren edukiak, Flitter taldea eta proiektu solidarioa. Izan ere, Huele a muerto Flitterren abesti bat da, 1989koa, taldearen lehenengo ereserkia izan zena. Diskoan sartu dugu, eta errepikan «Europak hil usaina du» esaldia sartu dugu. Horrela adierazi nahi dugu Europako herritar izateagatik lotsatuta gaudela, eta ez gaudela ados egiten ari diren gauzekin.

Zein garrantzi du Flitterrek zuentzat?

Gure herriko taldeen artean garrantzitsuena izan da. Horregatik omendu nahi dugu, eta eskerrak eman nahi dizkiogu. Ikusten dugu Lizarran erreferentzia dela, hemen musika sortzeari ekin dioten gazte askok haien eraginez egin dutelako. Gainera, uste dugu Flitterrek ez duela izan merezi zuen arrakasta.

Taldearen hitzen edukiek loturarik dute landu dituzuen gaiekin?

Bai, abesti gehienek gizarte salaketako karga handia dute, askatasunik eza salatzen dute, immigrazioaren gaia jorratzen dute... Beraz, hari gisa, egokia iruditu zitzaigun.

Nolakoa izango da diskoaren aurkezpena?

Diskoa urrian edo azaroan argitaratuko dugu, eta abenduaren 1ean aurkezpen kontzertu berezia egingo dugu, Lizarran. Parte hartu duten musikariak gonbidatu ditugu, eta Flitter ere egongo da. Laster jarriko ditugu salgai egun horretako sarrerak, eta diskoaren aurresalmentarekin hasiko gara. Horrez gain, oraingoz hamabost talde baino ez ditugu iragarri, eta datozen hilabeteetan gainontzekoak aurkeztuko ditugu.

Nola bururatu zitzaizuen lotzea musika talde talde bat, gizartearen arazoak eta GKE batekiko elkartasuna?

Barrenak eskatzen zigun halako zerbait egitea, eta ideia bakarrik sortu zen. Ikusi genuen musikako proiektua bide egokia izan zitekeela zabalkunderako, Flitter talde ezaguna delako, eta gonbidatu ditugun artistak ere bai. Modu interesgarria iruditu zitzaigun kezkatzen gaituzten gauzak adierazteko; besteak beste, Europan gertatzen diren bidegabekeriak. Hala, sentsibilizazioa bultzatu nahi dugu, eta ahotsik ez dutenei ahotsa eman.

Nola abiarazi zenuten egitasmoa?

Proiektuaren ideia pentsatu genuenean, Lizarra Harrera Hiria elkartearengana jo genuen, gai horiekin lan egiten duelako. Egitasmoa aurkeztu genien, eta asko gustatu zitzaien, oso eskertuta azaldu ziren. Orduan, elkarlanean hasi ginenean, haiek iradoki ziguten irabaziak Prodein GKEari ematea, behar handia duelako. Melillan [Espainia] lan egiten duen GKE bat da, kalean dauden umeei laguntzen diena.

Zein da Melillako haurren egoera?

Melillan 150 bat haur daude, bakarrik, baliabiderik gabe, gaztelaniaz jakin gabe, kalean bizitzen. Gehienak marokoarrak dira, mugako hesia gainditu dutenak, eta mugako hiri horretan harrapatuta gelditu direnak. 10 bat urteko haurrak dira, eta arbuiatzen eta estigmatizatzen dituen hiri baten agresibitateari aurre egin behar diote; salerosketaren eta mafien arriskua aurrean dute... Guztiz babesgabe daude, eta Melillako instituzioek ez dituzte babesten. Gainera, bi harrera zentro baino ez daude, eta jendez gainezka daude.

Zein da Prodein GKEaren lana?

Saiatzen dira haur horien oinarrizko beharrizanei erantzuten: afari beroa ematen diete, Melillako portuan sartzen saiatzen direnean egiten dituzten zauriak sendatzen dizkiete, gaztelania irakasten diete... Eta, horrez gain, gizatasun pixka bat ematen diete, umeak direla senti dezaten.

Zertarako erabiliko dute diskoarekin irabazitako dirua?

Gaztelania eskoletarako. Helburua da eskola orduak bikoiztea.

Musika eta kultura tresna egokiak dira halako auzietan laguntzeko?

Bai. Halako egoeretan edozein laguntza da ongi etorria, eta musika oso tresna polita iruditzen zait horretarako; elkartasunerako. Gure kasuan, profesional asko engaiatu dira egitasmora, eta dena eman dute, bueltan ezer eskatu gabe. Denok ahal dugun guztia egiten ari gara, eta horrek erakusten du herritarrok gai garela instituzioek egiten ez dituzten gauzak egiteko, haiek dituzten baliabideak izan gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ane Eslava

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna