ATZEKOZ AURRERA. Ainhoa Larrabaster. Antiespezista

«Zapalkuntza dagoen edozein tradizio amaitu behar da»

Askekintza taldeko kidea da Larrabaster. 'Gurean' dokumentala egin du taldeak, jaietako animalien erabilera salatzeko; hartu dituzten festa batzordeen erantzun ona nabarmendu du.

GORKA RUBIO / FOKU

Izaro Zinkunegi Barandiaran -

2018ko ekainak 1

Antiespezista da Ainhoa Larrabaster (Bermeo, Bizkaia, 1994): gizakiek, gizakiak izateagatik, beste espezieetako animaliak zapaltzearen aurka dago. Haien interesak ahaztu eta pertsonen onurarako erabiltzea salatzen du; animaliek ere aske izan nahi dutela dio, aske bizi nahi dutela, sufritu gabe.

Askekintza taldeko kidea da Larrabaster; herriz herri dabil taldea, Gurean dokumentala aurkezten. Jaietan animaliak erabiltzen dituzten hainbat herritako irudiekin osatu dute lana, erabilerari buruzko eztabaida pizteko asmoz. BERRIAren webgunean ikusgai dago gaurtik aurrera, ekainaren 23ra arte.

Herriz herri dabil Gurean. Nolako harrera izan du?

Dokumentala grabatutako herri askotara joan gara, eta harrera ona izan du. Aurkako iritziak espero genituen herriotan, baina ez da halakorik gertatu. Hemeretzi herritan proiektatu dugu, eta solasaldi laburrak egin ditugu gero, jendearen iritzia ezagutzeko. Eztabaidak egon dira, baina aurkako iritzirik ez dugu jaso; ez, behintzat, txarrerako.

Grabaketa lana kolektiboa izan da, eta ezkutukoa kasu askotan.

Askekintzak autogestionatu du, eta lau urtean hainbat aktibistak grabatu dute. Askotan, ezkutuan egin dituzte grabaketak, beste identitate bat erabilita edo animalien erabileraren aldeko pertsonak zirela esanez. Arriskua edo tentsioa ere izan da, harrapatuko zituzten edo.

Duela bi hilabete estreinatu zenuten. Zerbait aldatu al da ordutik?

Aldaketak ez dira oraindik oso ikusgarriak, denbora gutxi pasatu da eta; baina jendea motibatu egin da. Gaiari pare bat buelta emateko balio izan du, baina badakigu ez dela gertatuko bat-bateko erabateko aldaketa, jendeak oso barneratuta baitu espezismoa. Hala ere, ikusitako herrietako pertsona asko festa batzordeetara sartzera animatu dira, aldaketak egiteko asmoz.

Ehizaren aldekoak kalera atera ziren duela gutxi. Zer iritzi duzu?

Gure herriak aurrerapauso asko eman ditu gizarte justuago bat sortzearen alde. Orain, garaia iritsi zaigu festetako animalien erabilera zalantzan jartzeko. Oro har, gero eta gehiago jartzen dugu, eta horregatik atera ziren ehizaren aldekoak; uste dut ez direla babestuak sentitzen. Egun berean ehizaren aurkako manifestazioa egin genuen; adin aldea nabarmena izan zen, aurkakoak gazteagoak ginen, eta hori esanguratsua da guretzat.

Ate joka dira udako festak. Zer esan nahi du horrek?

Toki askotan, oraindik animaliak erabiltzen jarraituko dutela. Baina, aldi berean, borrokarako indarrak horietan jarriko ditugu, etorkizunean zapalketa guztiak amaitzeko asmoz. Jaiak gero eta gertuago daudenez, eztabaidak pizten ari dira herrietan; horregatik, interesgarria iruditzen zaigu dokumentala herri horietan ere proiektatzea.

Jai batzordeek badute zeresana.

Jai giroa hurbiltzen ari da, eta festa batzordeetan gero eta eztabaida luze eta sakonagoak daude. Herri askotan, animaliak erabiltzen diren ekitaldiak kentzen ari dira, baina beste askotan atzerapausoak eman dituzte. Batzorde bakoitza mundu bat da: batzuk lantzen ari dira, eta, animaliak erabili arren, ez dira horrekin eroso sentitzen; beste batzuek harrotasunez defendatzen dute.

Haiekin lanean ari zarete.

Oro har, erantzun ona jaso dugu: beti eman zaigu gure arrazoiak azaltzeko espazio bat, eta hori asko eskertzen dugu. Agian, honako hau da kexa bakarra: herri askotan, lanketa falta jartzen da aitzakiatzat animaliak erabiltzen jarraitzeko, eta, guk lantzen dugunean, erabileraren aldekoak ez dira etortzen.

Tradizioa aitzakiatzat erabiltzen dela diozue.

Bai, kultura oso garrantzitsua izan da euskaldunontzat, urte askotan aritu baikara hura ez galtzeko borrokatzen. Hala ere, autokritika egitea garrantzitsua dela uste dugu: askotan erabili da tradizioa argumentu gisa gauzak egiten diren moduan egiten jarraitzeko. Horrek, askotan, ez du esan nahi tradizioa zerbait onuragarria dela: zapalkuntza dagoen edozein tradizio amaitu behar da.

Legediak babesten al ditu animalien eskubideak?

Legedia tranpa gisa ikusten dugu. Jaietan animalien eskubideak defendatzen saiatzen da, baina hiltegietan animaliak hiltzea baimentzen du. Gurean grabatzen ari zirenean, legez kanpoko praktikak ikusi ditugu, baina ez ditugu legez salatu; egunero animaliak hiltzea baimentzen duen legea zilegi egitea izango litzateke salaketa jartzea.

Zein dira aldaketarako urratsak?

Asko daude, baina gehienbat jendea informatu behar da. Aldaketa gugan dago, ikusi behar dugu animaliak zapaldu gabe bizi gaitezkeela, eta, hori lortzeko, ezinbestekoa da eztabaida herriratzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Izaro Zinkunegi Barandiaran

Informazio osagarria