ATZEKOZ AURRERA. Harald Helfgott. Matematikaria

«Matematikari asko okertzen dira jatetxeko kontuarekin»

Duela 271 urte planteatu zen matematika problema bat ebatzi du Helfgottek; nazioarteko beste hainbat aditurekin izan da Euskal Herriko Unibertsitatean ekarpen hori azaltzen.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Leioa
2014ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Italiako eta Espainiako bostmatematika elkartek First International Meeting antolatu dute Euskal Herriko Unibertsitatean. Ostiralera arte, mundu osoko adituak izango dira Leioako campusean matematikako alor desberdinak azaltzen. Hizlarien artean Goldbachen aieru hirukoitza 271 urte ondoren frogatu duen matematikaria izan da: Harald Helfgott perutarra (Lima, 1977). Aieru hori 1742an sortu zen, eta 5a baino zenbaki arrunt handiagoak diren guztiak hiru zenbaki lehenen batuketa direla dio.

Nondik piztu zitzaizun ikerketarako kuriositatea?

XX. mendearen hasieran aurrerakuntza garrantzitsuak egin zituzten gai horren inguruan, eta 80ko hamarkadan zenbait ikerketa egin zirela ikusi nuen. 2005ean hasi nintzen hainbat saialdi egiten. Ikertu ahala, nire jakingura piztuz joan zen, eta beste batzuen probak hobetu zitezkeela ikusita, horretan murgiltzea erabaki nuen.

Zer-nolako ekarpena egiten die aurkikuntza horrek matematikei?

Ikuspuntu historiko batetik, oso garrantzitsua izan da aspalditik airean zegoen erronka baitzen. Nik garatutako teknikak erabilgarriak izango dira Zenbakien Teoriaren alorrerako. Horrez gain, beste matematikarien ikerketa lerroetarako ere lagungarriak izango dira.

Gehiago ikertu daiteke?

Metodo berri hau beste esparru batzuetan nola aplikatu daitekeen aztertu beharra dago, eta hori da egin beharreko hurrengo lana. Nik ikerketa eremu berriekin jarraituko dut; zeregin hau beste matematikarien esku utziko dut.

Matematikak egunerokotasunean erabiltzen ditugu. Zertarako balio dute?

Batzuetan ez daukagu oso argi matematika hutsa zer den. Baina, modu batean edo bestean, edozertarako erabiltzen dira. Adibidez, mezu kodetu bat Internet bidez bidaltzeko; hori behin eta berriro egiten da. Matematikaren alor guztiak elkarri lotuta daude. Matematikarik gabe, fisika ez da existitzen. Fisikarik gabe, teknologia ez da existitzen, eta teknologiarik gabe, aurrerabidea ez da posible.

Bideragarria al da matematikarik gabeko gizartea?

Gaur egun ezagutzen dugun aurrerapen teknologikoa amets bat izango litzateke. Hala ere, zaila da imajinatzea nolakoa izango litzateke. Matematika teknologia baino zaharragoa da. Grezian eta Egipton oinarrizko matematika erabiltzen zuten, eta kalkulu horiekin lursailak neurtzen zituzten, adibidez.

Zientzia hauek zailak direla esan ohi da. Topiko bat al da?

Ez dira errezak. Ni bezalako ikertzaile batek egundaino frogatu ez diren teoriak frogatzea du helburu, eta hori ez da lan erraza inondik inora, baina ez da ezinezkoa. Hala eta guztiz ere, gehienek ez dakite zehatz-mehatz matematikak zer diren. Lehen Hezkuntzan ikasitakoarekin geratu dira, eta matematika, oro har, buru kalkuluak direla pentsatzen dute. Baina errealitatea ez da halakoa, haratago doa. Matematikari asko okertzen dira jatetxeko kontuarekin. Pertsona askok beldur ikaragarria diete matematikei. Ziur asko, txikitan gaizki irakatsi zietelako gertatzen da hori. Zailak dira, baina ikasi daitezke. Futbola zaila da, eta jendeak futbolean jokatzen du.

Zer esango zenieke matematikak gorrotatzen dituzten umeei?

Oso entretenigarriak izan daitezkeela. Matematikak hurbildu behar dizkiegu. Mundu horretan murgildu behar ditugu interes handiagoa gara dezaten. Askotan, ikasleak eragiketak egiten jartzen dituzte, eta hori baino gauza entretenigarriagoak egitea posible da. Gogoratzen dut Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egin nuenean nola ikasle traketsenak igarkizunak argitzeko gai ziren. Gainontzeko ikasgaietan oso txarrak ziren, baina jolas modura planteatuta, matematika ariketak ondo egiten zituzten. Egun, irakasleek ardura handia dute. Ikasleei gauza errazak eman beharrean, pentsaraztera behartzen dituzten lanak eman behar dizkiete. Modu horretan, planteamenduan kontzentratu beharko dira, eta interesa berez sortuko da. Aukerak zabalak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.