Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

ATZEKOZ AURRERA

Dantza, modari josita

Kultura eta moda uztartuz, eta ekitaldi berezi baten bidez, Skunkfunk markak eta Kukai dantza konpainiak bat egin dute 2015eko Udaberri-Uda bilduma aurkezteko.
Kukaiko dantzariak Skunkfunkeko modeloekin nahastu ziren ikuskizunean.
Kukaiko dantzariak Skunkfunkeko modeloekin nahastu ziren ikuskizunean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Ianire Renobales -

2014ko maiatzak 31 - Bilbo

Oinutsik agertu ziren hamabi emakume, eta, berehala, entzuten hasi zen musika. Hasieratik argi zegoen ez zela ohiko moda desfilea izango, eta, euskal soinuen eta gaur egungo doinuen erritmora, hasi ziren lehenengo soineko, elastiko, galtza eta gona koloretsuak sartzen. Ekitaldi esklusiboa egin zuen atzo Skunkfunk arropa markak 2015eko Udaberri-Uda bilduma aurkezteko. Eta, horretarako, oinarrizkoa izan zen Jon Maiak zuzentzen duen Kukai dantza konpainiaren eta DZ DJaren elkarlana.

Erro euskaldunak eta dantza garaikidea uztartzea posiblea dela erakutsi zuten atzo, EHUko Bizkaia aretoan antolatutako desfile berezian. Bata bestearen atzean atera ziren modeloak. Publikoak bilduma berria ongi ikus zezan, toki batean geldituta erakusten zituzten soinean zeramatzaten arropak, koloreka banatuta.

Jantziak sei aldiz aldatu zituzten, eta bitartean, desfilea girotzeko, Kukaiko kideak dantzan aritu ziren, musikaren erritmora mugituz, mugimendu klasikoak hiriko estiloarekin nahastuz. Bi arte kontzepturen arteko sinbiosi bat izan zen emanaldia, tradizioa eta modernitatea eta baserri eta hiritar giroa aldi berean iradokiz. Musika, dantza eta modaren arteko fusioa sortzea lortu zuten.

«Skunkfunkek datorren urteko udako bilduma aurkezteko asmoa zuen, eta beti saiatzen dira ekitaldi desberdinak egiten», adierazi zuen Jon Maiak. Skunkfunkekoak dantza konpainiarekin harremanetan jarri, jantzi berriak ikusi, eta moda eta mugimenduak nola batu pentsatzeari ekin zioten. «Esan ziguten guk egiten dugun lanak harremana zuela beren abiapuntuarekin, eta hortik abiatuta sortu genuen ekitaldi hau», gaineratu zuen. Kukai konpainiak euskal dantza tradizionala du ikuskizunetan oinarri; hala eta guztiz ere, gaur egungo ikuspuntua darabilte beste artista eta lantaldeekin aritzean.

Maiaren arabera, posible da modernitatearen eta tradizioaren arteko sinbiosi bat egitea: «Guk betiko dantzetatik abiatutako hainbat pieza eskaini ditugu, baina, oraingoan, beste ikuspegi batetik landuta». Hala, dantza modaren zerbitzura jarri zen atzo. Izan ere, ondo entseatutako dantza pausoen bitartez, udako proposamenak bata bestearen atzetik atera ziren publiko aurrera.

Ez zenez ohiko desfile bat, modeloak ere bereziak ziren. Agerraldian, kaleko hamabi modelo eta Kukaiko zazpi dantzari aritu ziren, bi neska eta bost mutil. Maia Kurutxet Skunkfunkeko diseinuburuaren ustez, «dantzariek modeloak besoetan hartu eta espaziotik mugitu dituzte dantzan ari ziren bitartean». Dantza eta modako profesionalek indarrak batu zituzten euskal markaren jantziak ahalik eta modu originalenean erakusteko. Hala, ateraldi bakoitza desberdina izan zen: ibiltzen, lasterka, dantzatzen... Ez zen etenunerik izan.

Ikuskizunetan aitzindari

Aurrekoetan Oreka Tx txalapartariekin edo Cesc Gelabert koreografoarekin egin bezala, artista desberdinekin kolaborazioak sortzen aditua da Kukai. Euskal tradizioa eta dantza garaikidea elkartuz, ikuskizun berritzaileak sortzen ditu, eta, oraingoan ere, Maia pozik agertu zen emaitzarekin: «Polita izan da elkarlana. Taldean ohituta gaude horrelako moldaketak egitera, eta erraz samar egokitu gara proposamen honetara». Proiektua egiteko, hogei laguneko taldea osatu zuten. «Beste esparru bateko jendea etorri da: moda eta komertzioen inguruko jendea, hain zuzen. Publiko hau moda munduko publikoa izaten da, dantza edo arte eszenikoen publikoa baino gehiago; beraz, beste sektore batera heltzeko balio izan digu esperientziak».

Skunkfunk taldearentzat ere proiektu aberasgarria izan da. «Ez da mota honetako ikuskizun bat antolatzen dugun lehen aldia. Moda lanaren fruitua erakutsi nahi genuen, baina, aldi berean, lan artistikoa sustatu; eta, horretarako, dantzaren mugimendu ederrak aproposak ziren», adierazi zuen Mikel Feijook, Skunkfunkeko presidenteak. Euskal markak ez die jarraitzen nazioarteko denda kateen joerei, eta, haientzat, pieza bakoitza «berezia» da. «Oso garrantzitsua da guretzat kultura eraikitzea, produktu komertzial bat saltzea baino gehiago. Moda munduan beti nabarmendu dugu ez diegula joerei jarraitzen, eta Kukairekin berdin gertatzen da: nortasun propioa daukate», azpimarratu zuen diseinuburuak. Desfilea identitatearen erakusle bihurtu eta ideia hori defendatu zuten: «Moda artea da, janzkeraren artea, eta guk estilo euskaldun bati heltzen diogu; benetakotasuna bilatzen dugu, hemengoak garelako. Gure identitatearen bizkarrezurra hemengoa da».

Aretoa beteta zegoela, publikoaren txalo zaparradak argi utzi zuen gustukoa izan zuela Skunkfunken bilduma berria eta Kukairen dantza emanaldi paregabea.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Lagun talde bat Bilboko Pabiloi 6 antzeztokiaren aurrean, artxiboko irudi batean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Abandonutik ekosistemara

Amaia Igartua Aristondo

Hutsik dauden industria nabeak erabili dituzte artista batzuek kultur proiektuak sortzeko. Bilboko Zorrotzaurren, Pabiloi 6 da ereduetako bat. Guneon ekarpenak aletu dituzte 'Bigarren ekitaldia' filmean.
Jamalus Orion taldeko kideak League of Legends jokoaren norgehiagokan, atzo, Bilboko BAT dorrean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Gatazkaren zuzeneko kontaketa

Amaia Igartua Aristondo

Bilboko BAT dorrean League of Legends online bideojokoaren lehiaketa bat antolatu dute. Bataila jokoa da, baina futbol partida bat bezala kontatu dute, eta sarraskiak txalotu dituzte ikusleek.
Joseba Ossa, etxeko saunan. ©JON URBE / FOKU

Sauna, bizitzaren ardatz

Ane Insausti Barandiaran

Finlandian oso errotuta dago saunaren kultura, eta bai helduek eta bai gazteek eusten diote tradizioari. Euskal Herrian ere badira zaleak, eta esperientzia «sakona» dela diote. Hainbat ikerketaren arabera, ona da osasunarentzat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.