ATZEKOZ AURRERA. Koldo Urrutia. Erle laguna

«Erlezaina da erleen etsairik handiena»

Txikitatik ibili da erleen atzetik Urrutia. Haiei esker lortu du duen «zoriontasuna». Erlezaina baino gehiago erleen laguna dela dio. Buru-belarri ari da lanean Asteasuko txabolan, gal ez daitezen.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Asteasu
2014ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Orain arteko erlezaintza industriala bazterrean utzi eta, garai batean bezala, erleei beren kabuz lan egiten uztea. Horixe da, Koldo Urrutiaren (Andoain, Gipuzkoa, 1947) ustez, erleak desagertzea eteteko gakoa. Erleek bultzatuta erabaki zuen Urrutiak duela 23 urte Andoain utzi eta Asteasuko txabola batera bizitzera joatea. Han, erleei beren kabuz lan egiten uzten die.Urrutiak asteburuan hitzaldia eman zuen Bizi Tokin (Behauzea, Nafarroa Beherea).

Nondik datorkizu erleekiko zaletasuna?

Sortzez Andoaingoa naiz, eta txikia nintzenean orduak ematen nituen aita zenarekin baserri bateko enborretan ibiltzen ziren erleak ikusten. Zaletasun hori handituz joan zen. Pixkanaka erleei buruz irakurtzen, ikertzen eta abar joan nintzen. Gero eta erakargarriagoa egin zitzaidan mundu hori. Fraisoroko erletegi esperimentala sortu nuen, Gipuzkoako Erlezainen Elkartearen sorreran parte hartu nuen, eta Usurbilgo Erle Egunaren asmatzailea izan nintzen.

Erlezaina baino gehiago, erleen laguna zarela esaten duzu.

Erleek dudan bizimodua eman didate, eta haiei esker lortu dut neurri handi batean zoriontasuna. Oso garrantzitsuak dira niretzat, beti ibili naiz haien atzetik.

Andoain utzi eta Asteasu eta Aia artean dagoen Andatzarrate mendatara etorri zinen, egurrezko txabola batean bizitzera.

Oso lasai eta gustura bizi naiz hemen, nire txokoa aurkitu dut. Emaztea, alaba, eta bilobak ditut. Emaztea asteburuetan etortzen da hona.

Nolakoa da zure egunerokoa txabolan bizita?

05:30-06:00ak aldera jaikitzen naiz, eta taberna irekitzen dutenerako Villabonara jaisten naiz gosaltzera. Kafe abertzale bat gosaltzen du. Askok galdetzen didate zer den hori, eta nik honela erantzuten diet: kafe hutsa, urarekin. Izan ere, harekin batera jartzen dituzten gaileta, azukre eta abarrak txorakeria hutsa dira. Guk ez dugu halakorik behar. Egunkaria begiratu, jendearekin apur bat hitz egin, eta erosketaren bat egin ostean hona itzultzen naiz. Egiteko asko dago: baratza, zuhaitzen bat kimatu, erlategiak begiratu... Pentsatzeko eta hausnartzeko ere tartea hartzen dut. Ez bakarrik erleen inguruan. Euskararen munduak, adibidez, asko erakartzen nau. 21:30 aldera oheratzen naiz.

Baduzu, hala ere, une oro zurekin dagoen norbait: txakur bat.

Bai. Oso zakur zintzoa, azkarra eta lasaia da. Hura ere ohituta dago hemen bizitzera eta erleekin egotera. Txakur erlezaina da. Hori bai, erleekin ibiltzeko trajea jartzen dudanean, berehala joaten da auto azpira, eztenkadarik ez jasotzeko.

Zu makina bat eztenkada jasotakoa izango zara, ezta?

Manipulazio handiak egiten nituenean, asko. Behin edo behin Zaintza Intentsiboen Unitatera eramatekotan egon ziren eztenkadengatik. Orain, berriz, ez ditut jasotzen.

Sarritan galdetuko zizuten zein den eztenkadak ez jasotzeko sekretua.

Nik beti esaten dut oso garrantzitsua dela beldurrik ez izatea. Beldurra edukiz gero, hobe ez gerturatzea. Jasoz gero, nik beti erabili izan dut botika bera: aguantatzea.

Egun asko hitz egiten da erleen desagertzeaz. Kezkatuta egongo zara horrekin?

Bai, egoera benetan da larria. Zenbait lekutan ez dira jada erleak ikusten. Polinizazioaren estalduraren %80 erleen esku dagoela kontuan hartuta, haiek desagertzea sekulako hondamendia da. Inpolinizazio gune edo desertuak daude, eta horrek eragiten du zuhaitz eta landare asko desagertzea. Zenbait gunetan erleen isolamendu genetikoa ere gertatzen ari da, erle faltaren ondorioz. Espeziearen endekapen prozesu bat gertatzen ari da.

Zuk, ordea, defendatzen duzu posible dela konpontzea.

Bai, konponbidea argia da: urteetan egin dugun erlezaintza industriala erabat baztertzea. Benetako okerra izan da lan egiteko modu hori. Erleek milioika urte daramatzate gure artean, eta erlezainek esku hartu aurretik primeran egiten zuten beren lana. Erlezaina da erleen etsai handiena. Esku hartu dugunean erleak behartu, estresatu eta pozoindu ditugu: barroaren aurkako tratamenduak, xarabeak, argizaiola laminak, manipulazio okerrak ...

Nola aldatu lan egiteko modua?

Garai batekora itzulita eta erleei beren kabuz lan egiten utzita. Nik aberaskak beren kabuz egiten uzten diet, eta ez ditut sekula ukitzen, xarabeak ere ez ditut erabiltzen. Bestalde, barruan jartzen diren hamar laukien ordez, hamaika jartzen ditut. Horrela, eten egiten da barroaren zabalkundea. Horri esker, erle indartsuak izango ditugu, eta bost sei aldiz ezti gehiago lortzen da. Erle bakoitzeko 50-60 kilo urtean.

Erlezainak prest ikusten dituzu horretarako.

Lan handia eskatzen du, eta ikusi beharko da ea prest dauden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.