ATZEKOZ AURRERA. Christian Bason. Danimarkako Mindlab laborategiko zuzendaria

«Arazoek egoera aldatzeko balio dute»

Gizarte politikak hobetzeko lan egiten du Danimarkako laborategiak; arazo publikoen berri izateko, herritarrei galdetu, eta egoera zuzentzen ahalegintzen dira, parte hartzea sustatuz.

Bilbo
2014ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Christian Bason (Kopenhage, 1972) Danimarkako Gobernuko Politika Publikoen Berrikuntzarako Mindlab laborategiko zuzendaria da, 2007 urteaz geroztik. Erakundearen xede nagusia da gobernuak gizartearen eta enpresen arazoei irtenbideak emateko estrategiak proposatzea, betiere herritarren iritziak aintzat hartuta. Lan egiteko eredu hori aurkezten aritu da Bilbon.

Nola hasi zinen proiektu honetan?

Zuzendaritzarako aholkulari gisa lan egiten nuen Danimarkako Gobernuarentzat eta Europako Batasunarentzat. Sektore publikoan egiteko asko zegoela ikusi nuen, baina aztertu gabeko alor asko zeuden. Aholkularitza berrikuntzarako bide berri bat izan zitekeen sektore publikoan, eta, horretarako, herritarrak elkarrizketatu behar ziren. Mindlab lan horietan zebilen. Zuzendari bila ari zirela ikusita, proiektu horretan murgiltzea erabaki nuen azkenean.

Laborategiak aldaketak bultzatzen ditu enpresetan eta gizartean. Zerk inspiratzen du zeure lana?

Gobernuak eta instituzio publikoek modu oso desberdinetan eragiten diete herritarrei. Eskola, ospitale, ingurumen, segurtasun neurri eta gizartean bazterturik gelditzen diren pertsonei eragiten diete hartzen dituzten erabakiek. Herrialde bat lehiakorra izan dadin, gobernuak ona izan behar du. Danimarkan, denbora, esfortzu eta diru asko xahutzen dugu beharrezkoak ez diren alorretan. Eskoletan umeek jakin beharko lituzketen ezagupenak irakasten ez direnean, jendeak lanposturik ez duenean edo osasun zerbitzua eraginkorra ez denean, arazoak sortzen dira. Hala ere, arazoek egoera aldatzeko balio dute. Istorio desberdina kontatzen duen etorkizuna eraiki daiteke, eta hori da lan egitera gehien motibatzen nauena.

Ba al dute herritarrek egoera aldatzeko gaitasunik?

Herritarrak dira arazoez lehenak ohartzen. Arazo publiko bat non dagoen antzemateko, ondorioak nozitzen ari diren herritarrei galdetu baino ez da egin behar. Hitz egin daiteke ospitaleetako itxaron zerrenda luzeetan dauden pertsonekin, adibidez. Nire ustez, dena hasi eta bukatu egin behar da herritarrengan. Haien esperientziak baliatu behar ditu gobernuak, egoera okerrak zuzentzeko.

Zein berrikuntza ekarriko zenituzke Danimarkatik Euskal Herrira?

Batzuetan, herrialde batean ondo funtzionatzen duenak ez du balio beste baterako. Testuinguruan, kulturan eta erakundeen antolaketan desberdintasunak daude. Baina sektore publikoa eta herritarrak lotzen dituen lan prozesua garatu behar da, eta irtenbideak guztien artean landu behar dira. Gobernuak ez ditu irtenbide eta erantzun guztiak, eta herritarrei ezin die esan une oro zer egin edo nola jokatu. Aukera bazenute lan egiteko prozedura hori Euskal Herrian ezartzeko, zoragarria izango litzateke. Abagune oso interesgarriak sortzen dira guztien artean lan egin eta ikasten dugunean.

Euskal Herriko eredurik hartuko zenuke?

Anbizio handiko estrategia eta egitasmo ugari daudela ikusi dut. Esaterako, euskara hizkuntza garatzeko planak daude, eta hori oso positiboa da. Ezin dira formula batean jarri berrikuntza eta gizarte bat garatzeko irizpideak; ez dago mirariak egiten dituen teknikarik. Sortzaileak izan behar dugu, eta, batzuetan, arriskuak hartu behar ditugu, eta handizaleak izan. Zenbait egoeratan, gauzak horrela sentitzen ditugulako martxan jartze hori hartuko nuke Euskal Herritik. Ez ditugu beti hartu behar aurretik ezarritako ekintza bideak.

Lidergoari buruzko lau liburu idatzi dituzu. Zer-nolakoa izan behar du lider batek herrialdeko arazoak konpontzeko?

Arazoa zein den identifikatzeko jakingura eta interesa izan behar ditu; aukera posible guztiak aztertu, eta horiei aurre egin. Bestalde, enpatia izatea oso beharrezkoa da, eta herritarrek dituzten beharrizanak ulertu behar ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.