ATZEKOZ AURRERA. Maria Jesus Alava Reyes. Psikologoa

«Norberak bere lagun onena izan behar du»

Zoriontsua izaten ikas daiteke, baina ardatz batzuei jarraitu behar zaie: norberak bere burua gehiago maitatzen eta barkatzen ikasi behar du, eta bizitzaren agintea hartzen, psikologoaren arabera.

ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2014ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Maria Jesus Alava Reyes (Madril, 1954) psikologoa eta zentro bateko arduraduna da Madrilen. Hainbat liburu ere idatzi ditu. Azken lana, Zoriontasunaren hiru ardatzak, aurkezteko etorri zen atzo Bilbora, eta, egoera baliatuta, zorigaitzetik aldentzeko aholkuak eman zituen.

Zeintzuk dira zoriontasunaren hiru ardatzak?

Asko ikertu da gai horren inguruan. Nik hiru giltzarri aipatuko nituzke: norbere burua barkatzen ikastea, geure burua hobeto maitatzea eta geure bizitzaren agintea hartzea. Lehenengo ardatz hori gabe ezin dira beste biak lortu eta zoriontsu bizi. Nire ustez, barkamenik gabeko bizitza gizakiaren porrota da.

Zoriontasuna eta norberak bere burua barkatzeko duen gaitasunaren erlazioa aztertu berri duzu.

Halaxe da. Ikerketa hori egiteko, parte hartzaileak sei taldetan banatu ditugu: erretiratuak, enpresariak, langile autonomoak, beste pertsona batentzat lan egiten dutenak, langabeak eta ikasleak. Ondorio ugari atera ditugu azterketa horretatik. Adibidez, zoriontsu sentitzen direnak enpresariak eta erretiratuak dira. Gainera, erretiratuek berebiziko garrantzia ematen diote norbere burua barkatzeari. Kontrara, zorigaizto handiena ikasleengan sumatu dugu. Ikasleek pentsatzen dute zoriontasuna eta arrakasta kanpoko pertsonen eraginpean daudela.

Zoriontasuna ingurukoen esku al dago?

Gehienek hori pentsatzen dute. Geure zoriontasuna eta hori lortzeko baldintzak inguruko pertsonen esku dagoela uste dute. Baina kanpoko egoerek ez dute erabakiko zoriontsuak edo zorigaiztokoak garen. Gizonak emakumeak baino zoriontsuagoak dira, eta hori gertatzen da emakumezkoek gehiago eskatzen diogulako geure buruari. Gizonek errazago barkatzen diote beren buruari.

Eta nola eragiten dio maitasunak zoriontasunari?

Zoriontsuak izateko ez gara zertan maiteminduta egon. Bikotekidea galtzen dugunean, asko maitatu eta baloratu behar dugu geure burua. Norberak bere lagun onena izan behar du.

Pertsona bat guztiz zoriontsua izan al daiteke?

Sentimendu hori izan dezake. Baina horrek ez du esan nahi tristura momentu batzuk izango ez dituenik. Zoriontasuna ez da egoera jarrai bat. Hala ere, pertsona zoriontsu batek erreakziorako gaitasun handiagoa dauka. Hau da, tristatzen duen arazo batekin topo egiten duenean, berehala saiatuko da ezinegona sorrarazten dion egoera hori aldatzen. Gainera, pertsona zoriontsua sortzaileagoa izan ohi da, eta, une zailetan, irtenbide azkarrak bilatzen ditu.

Zorigaiztokoak izan gaitezke horretaz kontziente izan gabe?

Pertsona askok zorigaitza sentimendu naturaltzat jotzen dute, eta uste dute halaxe bizi behar dela. Horiek inguruko pertsonen iritzien menpe bizi dira gehienetan. Kasu askotan, etengabeko tristuran murgilduta bizi direnak nahiko arriskutsuak bihurtzen dira, oso bekaiztiak direlako. Arriskutsuak direla esaten dut, batzuetan, haiek pozik senti daitezen inguruko pertsona zoriontsuak gaizki sentitzera behartzen dituztelako. Gainera, inoiz ez daude pozik daukatenarekin, eta manipulazio eta gezurretara jo ohi dute.

Pertsona askok autoestimu baxua daukate, adibidez, lanik aurkitzen ez dutelako. Kasu horietan, zer egin dezakete zoriontsuago sentitzeko?

Pertsona horiekin baliabide emozionalak erabiltzen ditugu, eta beren burua hobeto ezagutzen irakasten diegu. Bestalde, dituzten alde positibo eta esanguratsuenak kanporatzen laguntzen diegu. Zeure buruarekin pozik zaudenean, orduan has zaitezke lana bilatzen. Ilusioa transmititu behar da beti, eta, zorionez, hori landu daiteke. Konfiantza islatzen duen langabe batek triste ageri den beste batek baino azkarrago aurkituko du enplegua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.