ATZEKOZ AURRERA. Alberto Irigoyen. Historialaria

«Euskaldunak Kuban beltz-tratulariak ziren»

Euskal herritar askok lehengusuak dituzte Argentinan, Uruguain edo Mexikon. Zergatik ez, ordea, Kuban? Diasporaren ikertzaile Irigoyenek egia deseroso bat azaleratu du uharteko artxibategietan.
ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Edu Lartzanguren -

2014ko ekainak 12
Alberto Irigoyen Artetxe idazleak (Montevideo, 1959) Eduardo Galeanoren hitzak gogoratu ditu euskal diasporan duen interesa azaltzeko: «Mexikarrak aztekengandik eta peruarrak inkengandik badatoz, uruguaitarrok itsasontzietatik gatoz». Irigoyenen aitona Pedro Artetxe bilbotarra arrazoi ekonomikoengatik emigraturiko horietako bat zen. Erbesteko Eusko Jaurlaritzako ordezkaria izan zen, 1960ko hamarkadan, eta liburutegi handi bat utzi zion. Uruguaiko eta Argentinako euskal diaspora ikertu ditu orain arte. Kubakoa aztertu du La asociación vasco-navarra de beneficencia de la Habana y otras entidades vasco-cubanas liburuan. Gaur aurkeztuko du Baionako Euskal Museoan, 18:00etan.

Nolatan hasi zinen Kubako euskal diaspora ikertzen?

Diasporako euskal aldizkariak digitalizatzen aritu gara emaztea [Adriana Patron] eta biok azken urteotan. 130 aldizkari jarri ditugu sarean [euskaletxeak.net], 360.000 orri inguru. Lan hori egiteko joan ginen Habanara, eta han digitalizatu genuen Asociación vasco-navarra de Beneficencia horren artxiboak. Jakin-minak 32.000 orri horiek ikertzera bultzatu ninduen. Izan ere, zalantza piztu zitzaidan elkartearen benetako helburuen inguruan.

Zalantza baino gehiago, ez al da susmo sendoa daukazuna?

Liburuan zalantzan uzten dut, ez bainaiz ondorio batera heldu. Baina susmoa beldurgarria da, eta zantzu asko dago. Jar zaitez garai hartan: Foruak 1876. urtean abolitu zituzten, eta, berehala, Uruguaiko euskaldunek Montevideoko Laurak Bat euskal etxea sortu zuten. Ondoren, Buenos Aireskoa. Izan ere, han zeuden euskaldunak Lehen Karlistaldiko etorkinak ziren, eta uste zuten politikoki jazarritako guztiek emigratu egingo zutela orduan ere. Haiek hartzeko eta euskal foruak erreibindikatzeko sortu zituzten elkarteok.

Kuban bestelako interesak zeuden, ordea.

Bai. Foruzaleak ziren haiek ere, baina Montevideoko eta Buenos Airesko fundatzaile haiek erdiko klasekoak ziren, eta Habanakoak, berriz, enpresaburu boteretsuak, etxaldeak eta beltz esklaboak zituztenak, edo Espainiako administrazio kolonialeko funtzionario zein politikariak ziren. Kontuan hartu behar da esklabotza abolitzeko prozesuan zebiltzala garai hartan, eta langile faltan zeudela azukre etxaldeetan.

Nortzuk ziren Habanako euskaldun horiek?

Elkarteko fundatzaileen artean zeuden Joaquin Calbeton abokatu liberal gipuzkoarra, eta Julian Zulueta esklabo-trafikatzaile arabarra. Esklaboak sartzea debekatu zutenean, txinatarrak Kubara eramaten jarraitu zuen Zuluetak. Txinarekin tratua egin zuen, haiek kolono gisa sartzeko, baina eskubiderik gabe eta esklabo gisa zituen. Gaur Euskal Herrian eta Europan egiten den bezala, legearen zirrikituak bilatzen zituen migranteak esplotatzeko.

Zer egin zuten esklabotza abolitu zutenean 1880ko hamarkadan?

Portugaleteko (Bizkaia) Manuel Calvo esklabistak —fundatzaileetako bat— emigranteen garraioarekin aberasten jarraitu zuen. Segundo Rigalek etxaldeetan presoak erabiltzeko baimena lortu zuen. Eta esklaboak baino okerrago tratatzen zituzten.

Eta halako negozioetan zebiltzanak ongintzarako elkarte bat sortu zuten herrikide euskaldunei laguntzeko?

Ez dut agiririk aurkitu erakundea zuzenean emigrazio negozioarekin lotzeko, baina argi dago sortzaileak horretan zebiltzala. Gainera, uharteko populazioa zuritu nahi zuten, beldurra zietelako beltzen gehiengoari, Haitin haiek matxinatu eta zuriak hil zituztelako. Kolono zuriak, halere, lurjabeen sasi-esklabo bihurtzen zituzten, eta esklaboak baino merkeago ateratzen zitzaien haiek gaizki tratatzea: hilez gero, esklaboak erosi egin behar zituzten, baina kolonoak doan ordezka zitzaketen.

Horregatik ez dugu lehengusurik Kuban?

Bat baino gehiago joan da hara esatera: «guk euskaldunok Kuban...». Eta, kontuz, euskaldunak Kuban beltz-tratulariak izan ziren. Uruguai edo Argentinara joandako euskaldunak errepublika batera joan ziren, baina Kuba, orduan, Espainia zen. Horiek guztiak independentisten aurka aritu ziren. Askok alde egin zuten independentzia usaindu zutenean. Elkartea benetan ongintzan aritu zen gero, eta horretan dabil gaur. Baina 1936ko gerran, Habanako Centro Vasco elkartean ospatu egin zituzten Durangoren zein Gernikaren bonbardaketak eta Bilboren okupazioa. Kubako iraultzarekin, Miamira joan ziren horietako batzuk. Historiaren lekuko ditugu Zuluetak Gasteizen erakitako jauregia eta Portugaleteko Puente Colgante hotela, Calvoren etxea zena. Dena esklabotzaren diruarekin eraikia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna