ATZEKOZ AURRERA. Yoshie Sakai. Koto interpretatzailea

«Kotoaren maisu handi asko itsuak izan ziren»

Milaka urte dituen Japoniako instrumentu baten doinuak entzun dira Bilbon: erlaxatzera gonbidatzen duen soinu mistiko bati helduz, koto emanaldia antolatu dute Arte Ederren Museoan.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2014ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Bilboko Arte Ederren Museoak japoniar arteari buruzko erakusketa bat prestatu du, eta, eskaintza osatzeko, ostiralean, Yoshie Sakai interpretatzaile japoniarra (Tokio, 1947) gonbidatu zuten. Emanaldian, Sakaik kotoa erabili zuen, Japoniako musika instrumentu zaharrenetarikoa.

Noizkoa da kotoa?

Izatez, Txinan sortutako musika instrumentua da. Japoniara VIII. mendean heldu zen, eta hasieran, batez ere, zeremonia erlijiosoetan erabiltzen zen, sortzen duen soinua oso mistikoa delako. Geroago, beste erritu batzuetara ere zabaldu zen, eta gero eta jende mota gehiago hasi zen erabiltzen.

Noiz hasi zinen instrumentu hori jotzen?

Txikitatik izan dut musikarako zaletasun handia. 15 urterekin hasi nintzen kotoa jotzen lehenengo aldiz. Beste instrumentu batzuk jotzen nituen lehendik, eta abesten nuen ordurako. Kotoa asko gustatu zitzaidan, eta, azkenean, honekin hastea erabaki nuen.

Zer gustatzen zaizu gehien?

Musika sortzeko ematen duen ahalmena gustatzen zait. Urte asko daramatzat jotzen, eta gero eta gehiago adieraz dezaket kotoarekin. Egunero ikasten da zer edo zer.

Oso erabilia al da Japonian?

Antzina, ohikoagoa zen. Baina, II. Mundu Gerraz geroztik, ez da oso instrumentu ezaguna. Egun, kotoa baino gehiago, pianoa edo biolina jotzen dira. Lehen, oso arrunta zen neskatoek kotoa jotzea; orain, beste instrumentu batzuek hartu dute protagonismoa, eta eskolan ez dute irakasten kotoa nola jo. Hala ere, badira instrumentua oso gogoko duten pertsona asko. Gaur egun, emakumezkoek jotzen dugu gehien. Hasieran, gizonezkoek erabili ohi zuten, monjeek batez ere. Hori dela eta, XVIII. mendearen inguruan, kotoa asko jotzen zen garaian, maisu handienak gizonezkoak izan ziren.

Zer behar da instrumentu hau ondo jotzeko?

Ez da behar trebetasun berezirik, baina, profesional moduan jotzeko, oso belarri ona izan behar da. Hori dela eta, kotoaren maisu handi asko itsuak izan ziren. Gizon haiek zentzumen berezia zuten instrumentu honek sortzen duen musika balioesteko. Antzina, eskuineko eskuarekin eta hiru azazkal bereziekin jotzen zen, eta, ezkerrekoarekin, tonuak igo eta jaitsi egiten ziren. XX. mendean, asko aldatu zen kotoa jotzeko teknika, eta, egun, bi eskuekin jotzen dugu, harpa bat erabiltzen den antzera. Oraindik ere gehiago eboluziona dezakeela pentsatzen dut.

Zer berezitasun dauka?

Deigarriena haren tamaina izan daiteke. Egurrez egina dago, eta, egur motaren arabera, pisu desberdina izan dezake. Hamahiru kordez osatuta dago, eta, normalean, hamar eta hamahiru kilo artean pisatzen du; nahiko astuna da. Gaur egun, ia bi metroko luzera dauka: 187 zentimetro neurtzen du, hain zuzen. Baina lehenengo mendeetan erabiltzen zirenak txikiagoak izaten ziren; ia erdia neurtzen zuten.

Obra tradizional eta garaikideen bilduma bat aurkeztu duzu Bilbon.

Kantu tradizionalak interpretatu ditut, duela mila urte Japonian entzun zitezkeen abestiak. Mendebaldeko estiloarekin nahasketak egitea ere gustatzen zait, eta, musika japoniarra oinarri hartuta, kanta berri bat estreinatu dut Bilbon.

Beste artista batzuekin ere eman dituzu kontzertuak: Shakirarekin, adibidez.

Abesti batean kolaboratzeko aukera sortu zen, eta esperientzia polita izan zen. Baina, normalean, bakarrik aritzen naiz.

Ikebanako irakaslea ere bazara. Zertan datza?

Lore apainketaren Japoniako artea da. Ikebanarako ohitura zaharra da Japonian, eta gero eta ezagunagoa bihurtzen ari da. Hasieran, loreak aldareetan jartzen ziren, apaingarri eta jainkoentzako eskaintza gisa. Gerora, erabilera zabaldu, eta pertsona gehiago hasi ziren praktikatzen; samuraiak, kasurako. Gaur egun, emakumeek praktikatzen dute, baina estilo modernoago bati helduz. Batzuetan, hostoak, harriak edo ura erabil daitezke lan berria sortzerakoan. Erlaxaziorako oso praktika ederra da: gorputza eta adimena lasaitzen laguntzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.