DOCTOR FERMIN ETA MISTER JAI

Oihalik gabeko antzezlana

Prozesioa da sanferminetako ekitaldi jendetsuenetako bat; erlijioa, politika eta kultura biltzen ditu. Bestetako txanponaren beste aldea da, kaosaren ondoan ordena.
Sanferminen irudia eta parrandazalea, buruz buru: bestetako txanponaren bi aldeak.
Sanferminen irudia eta parrandazalea, buruz buru: bestetako txanponaren bi aldeak. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Iker Tubia -

2014ko uztailak 8
Pun! Suziriaren burrunbak esnatu egin zuen lurrean etzanda zegoen gizona. Ez zuen gogoan non zegoen, ez zuen gogoratzen zer gertatu zen. Bat-batean, burura etorri zitzaion antzeko hots bat, aurretik aditu zuena: zeruan eztanda egin zuen beste suziri bat, alegia. Horrek piztu zuen dena, baina ez zekien noiz izan zen. Lurretik jaiki, eta aurrera jarraitu zuen, plastikozko baso eta kristalezko botilak oinarekin bazterretik kenduta bide eginez.

Begiak zimurtuak zituen; eguzkiaren printzei aurre egin ezinik zebilen, nahiz eta betaurreko erraldoiak eraman, leiar urdinekoak. Txanoa buruan, ardoz tindatutako kamiseta soinean, eraztun argiduna eskuan eta izerdia idortzeko toalla lepoan. Blai eginda zegoen oraindik; ezin izan zen libratu bart botatako zaparradatik. Aurrera zihoala, jendez lepo ziren kaleetan aise ibil zitekeen. Higuin aurpegiarekin begiratzen zioten, eta, zikindu ez zitzan, jendeak azkar ematen zuen salto bat albo batera.

Iruindar guziek berdin zioten haren aurpegiari begiratuta: ez zuten sekula halakorik ikusi. Izutzen zituen batzuk, eta irri eginarazten zien besteei. Bestaren jaun eta jabe zen, eta horregatik deitzen zuten Mister Jai. Eslava kalean, garbitzaileen ibilgailuak bidea mozten zuen; kaleak mahuka erraldoiekin garbitzen ari ziren, aurreko eguneko parranda eta zikinkeriaren arrastoak desager zitezen. Ez zen ezabatu nahi zuten bakarra: paretetan margotutako esaldiak ere borratu nahi zituzten, margo brotxakada bortitzez.

Azkenean lortu zuen Kale Nagusira ailegatzea. Han ez zen bestaren arrastorik; ez Mister Jaik ezagutu zuen besta harena, gutxienez. Dena zen garbia, inguruko jendea zuri-zuri. Bat-batean, gaita doinuak aditu, eta korrika hasi zen Mister Jai. Atorra ongi lisaturiko pertsona bati bultza egin zion nahi gabe, baina aurrera egin zuen lasterka, atzera begiratu gabe, ingurukoen kritika eta oihu artean. Hori ez zen hark ezagutzen zuen besta, hori ez zuen nahi Mister Jaik. Hor ez zuen tokirik.

Ikuskizunarekin aurrera

Unetxoak dira sanferminetako oinarria, bestaren funtsa, jaiaren bihotza taupaka mantentzen dutenak. Hori da prozesioa: unetxoez osatutako antzezlan bat, hunkigarria eta zirraragarria. Atorra zuria lisatu, galtza garbiak jantzi, eta kalera atera naiz. «Aupa Dr. Fermin», esan didate behin eta berriz kalean gurutzatutako ezagunek. Kuadrillarekin bildu, eta elkartearen atearen parean mahaiak atera ditugu. Eguna abiatzeko, txingarrak tomatearekin, bina arrautza eta tomatea. Ogia ezin falta, ezta ardoa ere. Zerura begiratu, eta lasaitua: gaur ez du euririk eginen. Halako batean hartu du lagunetako batek akordeoia, eta hasi gara kantuan, San Fermini jota eder askoak abesten. Inguruan dabiltzanak gelditu egin dira, gu aditzeko eta txalotzeko. Hori ere bada unetxo bat.

Halako batean, abiatu gara prozesioa ikustera. Erraldoiak igaro dira lehenbizi, jira eta bira, haur guziei lerdea dariela —baita haurtzaroa aspaldi atzean utzi zuten umeei ere—. Marianitoa eskuan dugula, jarraitu du segizioak. Gurutzeak, erlijioari lotutako taldeak, korneta eta tinbalak, elizako ordezkariak, zinegotziak, udaltzainak, dantzariak eta Pamplonesako musikariak. Azken milimetroraino neurtutako kalejira, oihalik gabeko antzezlana. Jota bat hasieran, beste bat gero. Eta, guzietan, isiltasunak irentsi egiten du bestaren ohiko iskanbila. Ez da kantua baizik aditzen. Zirrara senti liteke jota kantariaren ahotsak gora egiten duen bakoitzean.

Baina bat-batean, kaosaren erdian, zorroztasun milimetrikoz neurtutako urrats horietan pentsatu dut. Sentitu dut eromenaren beharra, antzeman dut jaiaren zurrunbiloan murgiltzeko nahia. Hori ere antzezlan bat izan liteke, baina ez du gidoirik, ez du inork zuzentzen. Mister Jairengan pentsatu dut orduan. Putzutxoan otoitz egiten hasi direnean, bat-batean zerbait piztu da nire barnean. Besta besta dela diote, baina erlijioa ere bada, eta politika. Unetxoak maite arren, maite al dut prozesioa?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna