ATZEKOZ AURRERA. Goiznabar Monclus. EHUko ikaslea

«Edozer egingo genuke amaren leka plater bero batengatik»

Biziklautak proiektuak munduari bira ematera bultzatu ditu EHUko hiru ikasle. Kultura eta unibertsitate ezagutzak zabaltzen ari dira. Egunotan, Kanbodiako inguruetan daude.

Goiznabar Monclus —ezkerrean—, Javier Escudero eta Hodei Orueta bidaia lagunekin. BIZIKLAUTAK.
Bilbo
2014ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Duela urtebete, bizikleta gainean irten ziren Bilbotik, munduari bira emateko. Hamazazpi herrialde zeharkatu eta 13.000 kilometro egin ostean, Javier Escudero, Hodei Orueta eta Goiznabar Monclus bilbotarrak Asiako hegoaldean daude. Monclus aritu da (Bilbo, 1986) Biziklautak izena jarri dioten gurpil gaineko abenturaren berri ematen.

Nola murgildu zineten proiektu honetan?

Ideia ero guztiak bezala, kuadrillako gau batean sortu zen. Indiara arte bizikletaz joatea bururatu zitzaien. Baina, ideiaren berri eman zidatenean, mundu osoari buelta ematea proposatu nien. Hurrengo egunetan bueltaka ibili ginen, plan berria diseinatzen. Urte luze batean, irudia, izena, eslogana, dosierra eta webgunea sortu genituen.

Ibilbidea behin baino gehiagotan aldatu duzue, bisak direla eta. Bidea ez da erraza izan.

Lehenengo oztopoa Iran eta Pakistan arteko muga gurutzatzerakoan heldu zen. Pakistango bisa lortu ahal izateko, Madrilen eskatzera behartzen gintuzten, eta hori ezinezkoa zen. Horregatik, Arabiar Emirerri Batuetara pasatu, eta hurrengo herrialdetik, Omanetik, Indiara arte doan ontzi bat hartzea erabaki genuen. Orain, Kanbodiara hegazkinez joango gara, Myanmar eta Thailandia herrialdeen mugak itxita daudelako.

Zein izan da egoerarik zailena?

Bidean bizitzeak noiz edo noiz egun latzak oparitzen dizkigu. Hotzak, euriak, beroak edota bakardadeak eguna oso azkar zapuztu ahal dizute. Baina urte osoan izan dugun egoerarik zailena nik belauna izorratu nuenean izan zen. Eslovenia eta Kroazia arteko herrialdeak gurutzatzerakoan, bizikletatik jaitsi behar izan nuen.

Eta onena?

Badakigunez askok ezingo dutela izan halako abentura bat, proiektuarekin jarraitu ahal izatea da gertatzen ari zaigun gauzarik onena.

Zein izan da ezagutu duzuen leku deigarriena? Zergatik?

Iran. Batez ere, gure herrialdera handik heltzen diren berri txar guztiengatik. Europako eta Ameriketako politikariek Iran zikintzen dute, ematen dituzten gezurretako berriekin. Egia da emakumeen egoera oso txarra dela, matxismo oso sakon batean bizi direlako. Baina, han egonda, jendea oso jatorra da, eta asko laguntzen dizute. Hain jende gutxik bidaiatzen duenez bertara, oso pozik daude hara doan edonorekin.

Non egiten duzue lo?

Normalean, basoan edota oihanean jartzen ditugu gure kanpin dendak. Baina, Couchsurfing eta Warmshowers webguneen bidez, mundu osoko edozein tokitako jendea ezagutzeko posibilitatea dugu, eta, gainera, doako ostatuak eskaintzen dizkigute.

Egundaino, nolakoa izaten ari da esperientzia?

Bidaiak kultura diferenteak ezagutzeko posibilitatea ematen digu, eta hori ez da gauza arrunt bat. Baina gu geu ezagutzen ari gara: nolakoa den gure portaera, zergatik garen horrelakoak eta, garrantzitsuena, nolakoak izan nahiko genukeen etorkizunean.

Zerbait aldatuko zenukete abentura honetatik?

Halako bidaia bat egitean, edozein arazok handiagoa dirudi. Etxe finko bat ez izateagatik segurtasun falta nabaritzen duzu zenbait herrialdetan. Baina bidaia mota hau horrelakoa da; gauza txarrak eta onak ditu. Askatasuna edukitzea, ez jakitea hurrengo egunean zer egingo duzun eta egunero zuk gura dituzun erabakiak hartzea dira bidaia hau horrela egin gura izatera bultzatzen gaituzten arrazoiak.

Etxeko zeren falta sumatzen duzue gehien?

Normalean, ohean lo egitea izaten da jendeak pentsatzen duen gauzarik inportanteena. Baina edozer egingo genuke amaren leka plater bero batengatik.

Hainbeste kilometro bizikleta gainean egin ostean, zer izango da Bilbon egingo duzuen lehenengo gauza?

Bilbora heldu bezain pronto, baina etxera heldu aurretik, lagunekin garagardo hotz bat hartzera joateko asmoa daukagu. Bizikleta eta guzti, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.