ATZEKOZ AURRERA. Xabier Armendaritz. Euskarazko Wikipediako boluntarioa

«Pozten nau semeak Wikipediara jotzeak»

Lehengo astean iritsi zen euskarazko Wikipedia 200.000 artikulura: boluntarioz osatutako komunitate bat dago lan horren guztiaren atzean, eta horietako bat da Xabier Armendaritz.
RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Maialen Unanue Irureta -

2014ko irailak 24
2003koa da Wikipedian euskaraz idatzitako lehenengo sarrera: 11 urte geroago, 200.000tik gora artikulu daude euskaraz, eta, hizkuntza guztien artean, 34. postuan dago euskara. Boluntarioz osatutako komunitate baten lanari esker da hori posible: Xabier Armendaritz zuzentzaile eta itzultzailea da horietako bat (Beasain, Gipuzkoa, 1968).

Hasteko, zorionak!

Proiektuaren parte sentitzen naiz, baina hau talde lana da: meritua jende askorena da. Hasierako inor gutxi gelditzen dela esango nuke, baina jende berria ere etorri da. Orain gabiltzanetatik batzuk, mordoxka bat, 2006an hasi ginen.

Makina bat poztuko dira Wikipedian euskaraz ere badagoelako behar duten hori.

Esperantza horrekin lan egiten dugu. Badaude tresnak jakiteko zenbat jende sartu den euskarazko edukietara, baina zaila da antzematen zenbateraino diren erabilgarriak, artikulura sartu izanak ez baitu esan nahi bertako informazioa gero erabiliko dutenik. Semeak Wikipediara jotzen duela ikusten dudanean, poztu egiten naiz, horrek esan nahi baitu gure lana ez dela alferrekoa.

Zenbat lagun zabiltzate egun edukiak sortzen?

Zaila da zehazki esatea, baina ehun inguru esango nuke: sortzen bakarrik ez, baita osatzen, zuzentzen, informazioa eguneratzen eta beste ere. Sortzea bezain garrantzitsua da edukiak eguneratzea: hala egiten ez baduzu, artikuluek zehaztasuna gal dezakete. Ehun horietatik, dozena batek gutxienez hogei ekarpen egiten ditugu astean.

Eta bizitzeko denbora?

[Barreak] Bueno, hogei ekarpen egitea erraza da! Artikulu bat errepasatu, eta «hara! Hemen h bat falta da!»; hori bera ekarpen bat da.

Nork zer egingo duen definituta daukazue? Hau da, erabiltzaile bakoitzak funtzio jakin bat dauka?

Ez, ez... Azken batean, hor gaudenak boluntarioak gara, eta, inork ordainduko ez digunez, interesaren arabera lan egiten dugu. Nabaritzen da, esaterako, arlo batzuk besteak baino landuago daudela. Adibidez: duela urte batzuk, batek daki zergatik, arkitekto pila bat zegoen gure artean, dozena erdi bat edo, eta arkitektura gaiak asko jorratu ziren!

Hartzen duzue tarte bat, hilean behin demagun, aspaldi eguneratu gabeko artikuluak errepasatzeko, adibidez?

Ez, ez! Hori baino askoz anarkikoagoa da kontua! [Barreak] Bakoitzak bere bizitza dauka, eta ez gara ezertxo ere koordinatzen! Ni, adibidez, pilotazalea naiz, eta, agian, txapelketa bat bukatu eta bi astera konturatzen banaiz ez dudala eguneratu, tartetxo batean egiten dut. Ingelesezko Wikipedia beste kontu bat da: soldatapeko jendea dago, eta benetako entziklopedia profesionala da. Gure kasuan, familiagatik, lanbideagatik edo beste, astebete egon zaitezke ekarpenik egin gabe, eta hurrengo astean ekarpen pila bat egin.

Txoko bat ere badaukazue zuon artean hitz egiteko.

Aktiboenek parte hartu ohi dugu bertako eztabaidetan eta, dozena bat lagunek: elkarrizketa hau nork egin ere hala erabaki dugu.

Urte hasieratik hona, 35.550 artikulu gehiago ditu euskarazko Wikipediak: eguneko 130 artikulutik gora. Zein da trukoa?

Informazio txukuna duten datu baseak bilatu ohi ditugu, eta horietatik sortzen ditugu sarrera asko. Bada programa informatiko bat datu base horretatik informazioa hartu eta Wikipediako forma emateko prestatuta dagoena; horrela nahiko erraza da artikuluak sortzea. Hainbat hizkuntzatako Wikipediek egiten dute gauza bera.

Edonor izan daiteke artikugile, edo bada baldintzarik?

Edonor, bai! Eskatzen zaiona da arau batzuk betetzea, gutxienez bete beharreko bi baldintza: euskaraz txukun egitea eta idazten denaz jakitea. Formatua ezagutzen ez badu, eskuzabalak izan ohi gara, eta behar dituen azalpenak ematen dizkiogu; baina fede txarrez ari bada, edo behar bezain ondo ez badihardu, artikuluak ezaba ditzakegu, itxura txarra ematen duelako.

Beraz, baduzue artikuluen kalitatea kontrolatzeko modua.

Bai, azken aldaketen zerrenda bat daukagu, eta horrek esaten digu zein artikulu aldatu diren eta berriak zeintzuk diren. Ezabatu direnak ere agertzen dira, baina horiek, ezabatu badira, ondo ezabatuak izan direla uste dugu! [Barreak].

Inoiz inori esan behar izan diozue gehiago ez idazteko?

Bati eskatu genion, bai. Eskertu genion ahalegina, baina ez zeukan behar besteko euskara mailarik.

Zuzentzailea eta itzultzailea zara: zer duzu nahiago, artikuluak sortzea, beste hizkuntzetakoak itzultzea edo idatzitakoak zuzentzea?

Atseginena sortzea da, baina gaiaren arabera izaten da. Ezer ez dagoen lekuan zerbait sortzen duzunean, norbere egoa ere puztu egiten da [barreak].

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna