Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Juanma Sarasola. Kazetaria

«Mito bihurtu gabe kontatu behar da Moskuko historia»

Irungo auzoa Euskal Rock Erradikala zenarekin lotuta ageri da iruditeria kolektiboan. Horren inguruko «topikoak uxatzeko», 'Moskuko urrea' liburua osatu du Juanma Sarasolak.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Edu Lartzanguren -

2015eko urtarrilak 6 - Irun

«Paris-Texas, Irun-Mosku, edo antzeko zerbait» dio Kortaturen Oker nago kantak (Kolpez Kolpe diskoa, 1988). Sindikalisten biltokia zelako hartu zuen izen ez-ofizial hori Irungo (Gipuzkoa) auzuneak. Urdanibia plazaren ingurunea kultura eta gizarte mugimenduen sumendia izan zen 1983tik 1993ra aldera, eta Juanma Sarasola (Irun, 1969) kazetariak hamarkada argilun horren kronika egin du Moskuko urrea liburuan, 50 bat protagonistaren lekukotasunen eta 400 bat irudiren bitartez.

Zein topiko uxatu nahi dituzu liburuarekin?

Topiko nagusia: Mosku sekulakoa zela, dena zoragarria zela eta egundoko saltsa zegoela. Neurri batean, egia, baina ahazten ditugu alde ilunak: hemen zegoen heroina eta speedaren trapitxeoa eta poliziak nola uzten zien gameluei lan egiten, beste saltsetan mugitzen zen jendearen kontra gogor jotzen zuten bitartean. Beste topiko bat: Mosku bakarrik musikarekin lotuta zegoela. Irrati libre bat zegoen hemen, talde ekologistak, feministak, militarismoaren aurkakoak, okupazioaren ingurukoak, politika alorrekoak. Kanpora zabaldu dena musika da, nahiz eta musika gizarte sare horretatik sortutako soinu banda izan.

Ika-mika dago orduko giroa galdu izanaren ardura polizia-heroinei egozten dietenen eta hori porrot soziologikoa ezkutatzeko aitzakia dela diotenen artean. Nola ikusten duzu Moskutik?

Ez dut uste heroinak giro dinamikoa eta sortzailea hondatzeko tenorean halako eragin handia izan zuenik, nahiz eta argi egon hainbat pertsona uxatu egin zituztela eta giroa degradatu zutela. Ziklo baten fasea izan zen gainbehera, faktore askok eragindakoa. Heroina faktoreotako bat izan zen, baina ez nagusia.

Hamarkada bizi bat presio eltze batean, hala deskribatu duzu. Zein da saltsa hura sortzeko errezeta?

Orduko gazte jendea diktadura batetik zetorren, eta sekulako gogoa zegoen mugitzeko. Hori gabe, zaila da ulertzea. Baina jendea ez zegoen etxean, eta bat-batean esan «mugitzen hasiko naiz». Ordurako jende asko zegoen militatzen, batzorde antinuklearretan, sindikatuetan, euskararen aldeko taldeetan... Gazteak abian ziren dinamiketan sartu ziren, eta gero ere sortu zituzten beste dinamikak. Gaur bezainbeste lege murriztailerik ere ez zegoen. Errepresio gordina izan arren, askatasun sentsazio handiagoa zegoen.

Guy Debordek zioen nahiago dugula matxinadaren ikuskizuna matxinada bera baino. Paradoxa badirudi ere, musikak eta beste kultur irtenbideek ez al zuten lagundu ezinegona bideratzen eta indargabetzen?

Bi ahoko ezpata da kultura: jendearen kontzientzia pitz dezakezu agertokiaren gainetik, entzuleak gaztetxoak badira, oraindik ideologia osatzen ari badira. Musikaren bitartez, ez duzu dagoeneko 25 urte dituen baten ideologian eragingo. Kontzientzia ez baduzu beste bide batzuetatik lantzen, horretan geratuko da: musika eta estetika. Kasu horretan, musika jendearen lasaigarri izan daiteke, eta sekulako bestondoa eragin dezake, parrandaren ondoren. Berriz elkartzeko eskatzen diote Kortaturi, batez ere Euskal Herritik kanpo, inoiz ikusi ez izanaren mina duten gazteek.

Nola kontatu gazteei ordukoa, aitona-amona astunarena egin gabe?

Mito bihurtu gabe kontatu behar dugu. Liburuko protagonistetako askorekin bat nator: osagai askoko saltsa-maltsa izan zen hura. Elkartasun handia zegoen. Kontatu behar da baliabide gutxi zeudela, nahiz eta horri irudimenarekin aurre egin. Errepresioa handia zen, eta hor zeuden heroinaren ondorioak eta heriotzak. Baina alde ludikoa oso garrantzitsua zen. Jendeak egin ahala ikasten zuen, akatsak eginez, eta ondo pasatzen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Festa egarriz

Osasungintzako langileei eta AEA dutenei eskaini die txupinazoa Unzuek

Berria

Hiru urteren ondoren, zuria eta gorria itzuli dira Iruñeko kaleetara. Aurten ere ikurrina, Nafarroako bandera eta euskal presoen eskubideen aldeko bandera izan dira plazan, baita GKSko bat ere.

Banatzaile bat zenbait oinezkoren artean pasatzen, Iruñeko San Nikolas karrikan, San Fermin bestak hasi aurreko egunean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Bi urteko etenaldiaren ondoren, iruindarrak festak ospatzeko gogoz gainezka daude

Ane Etxandi Marin - Itsaso Jauregi

Aurten bai, itzuliko dira sanferminak Nafarroako hiriburura. Aurreko egunetan hiria prestakuntza lanetan murgilduta egon da. Bi urteko etenaldiaren ondoren, iruindarrak festak ospatzeko eta zapi gorria janzteko gogoz gainezka daude. BERRIAk zuzenean emango du 11:00etatik aurrera.

 ©GORKA RUBIO/ FOKU

«Publikoa gertu sentitzea, horixe eskertzen dut»

Miren Mujika Telleria

Kantuen bertsioak egitea du pasio Andoni Ollokiegi musikari eta abeslariak. Urteak dira horiek abestuz bizi dela, eta hala konkistatu ditu Euskal Herriko makina bat plaza.
Saran, Ezkertegia etxearen parean, erromatar galtzada gainean, gidak kontatu ditu kontrabandoaren nondik norakoak; gibelean Nafarroa ageri da. ©GUILLAUME FAUVEAU

Kontrabandoa, diru bandoa

Ainize Madariaga

Mugari abantaila ekonomikoak atera izan dizkiote mendeetan. Sarako bisita gidatuak kontatu ditu nondik norakoak. Mixel Gerendiainek bereak kontatu dizkio BERRIAri.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...