ATZEKOZ AURRERA. Garbiñe Ubeda. Kazetaria

«Punkak bazuen sistema zaharretik»

Nahiz eta punk mugimenduari esker emakumeek presentzia lortu zuten, bigarren lerroan zeudela dio Ubedak. Dioenez, orain ari dira lehen lerrora salto egiten, baina bidea luzea dela onartuta.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2015eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Punkak Euskal Herria jo zuen garaiaren lekuko da Garbiñe Ubeda kazetaria (Tolosa, Gipuzkoa, 1967). Eta, lekukotza horretatik abiatuta, Non zeuden neskak? hitzaldia eman zuen atzo Koldo Mitxelena kulturunean. Rockomikiak erakusketaren harira eman zuen hitzaldia, Yurre Ugarte kazetariarekin batera; erakusketa hori garai hartan rockak komikiarekin izan zuen harremanari buruzkoa da. 31 urte atzera egin zuten salto atzo, 1984an jarri baitzuten abiapuntua.

Hitzaldiaren izenburuari erreferentzia eginez, non zeuden neskak 1984. urtean?

Neskak, orain bezala, hor zeuden. Askoz gutxiago ziren; proportzio txikiagoan zeuden, baina hor zeuden, jakina. Esparru gehienetan zeuden, baina oso modu diskretuan.

Lehen lerrotik urrun.

Ez zeuden lehen lerroan, ez. Zergatik? Tira, ikusi behar da nondik gentozen. Frankismoa amaitu berria zen, horrek zekarren guztiarekin. Barre egiten dugu maiz, baina punka sortu aurretik zein zen gure denbora-pasa? Igandeko berbenara joan eta dantza egitea. Neskak binaka jartzen ginen, mutila noiz etorriko dantza egitea eskaintzera.

Eta mutilek ondoren etxera lagunduko zintuzteten.

Hori da. Egoera horretatik abiatu ginen, eta punkak sekulako zartakoa ekarri zuen. Urratzailea izan zen, baina, hala ere, bazuen sistema zaharretik ere. Hau da, kuadrillak funtzionatzen zuen, mutilak zeuden lehen lerroan, eta neskak haien deskantsurako geunden. Gauzak ez dira egun batetik bestera aldatzen, eta gutxiago halakoak. Milaka urteko sistema bat ez du mugimendu batek apurtzen. 30 urte joan dira ordutik; ez da ezer. Gauzak aldatzeko, urte eta ekintzaile asko behar dira.

Adibideak bazeuden, ordea: Vulpess eta O.K. Korral, adibidez.

Bai, egon bazeuden, baina gutxi ziren. Eta zeudenak egundokoak izan ziren; sekulako iraultza ekarri zuten. Vulpessen kasuan, esango nuke haiek izan zuten lotsagabekeria oraindik gainditzeko daukagula. Oihartzun itzela izan zuen. Gutxik lortu dute hori, eta emakumeak izan ziren, gainera.

Gehiegi esatea litzateke gaur egungo egoerarako bidean lehen katebegia izan zirela?

Lehenengo katebegia izan ziren, lehenbiziko loratzea. Zorionez, gaur egun estilo askotan daude emakumeak. Hori Emarockek ondo erakutsi du, emakumeak badaudela, eta denetatik egiten.

Zuk zeuk nola bizi izan zenuen egoera hura?

Nik pasioz eta jakin-minez bizi nuen. Baina garai horretan jarraitu nituen beste alor asko bezala, antzeko egoeran zeudelako emakumeak. Berdin zen literaturan nahiz bertsolaritzan. Musikaren kasuan, egundoko kontzertu pila ikusi nuen. Orduan, ez genuen gaurko kontzientziarik. Jabetzen ginen emakumeak gutxiago ginela eta ez ginela agerikoak, baina beharbada ez genion gaur egungo garrantzirik ematen. Areago, lehen lerrora ateratzen ziren neskei tokatzen zitzaizkien rolak ez ziren gure gogokoak.

Ederrak entzun beharko zituzten.

Bai, egin urte batzuk atzera eta imajinatu Arantzazu Loidi bertsotan; gaixoak zein rol jokatu behar izan zuen beti. Ez zen neskok nahi izan genuena. Urte asko behar izan ziren Maialen Lujanbio etorri arte. Beste horrenbeste gertatu da literaturan, musikan, eta zer esanik ez komikian. Milurteko berriak etorri behar izan du neskak ikusteko.

Garai hartan ere ez ziren asko.

Ez, garai hartako komikigintza gizonek gizonentzat egina zen. Orain dela gutxira arte horrela jarraitu du. Emakumeak ikuspegi sexista batetik erretratatzen dira, denak egundoko titiekin eta ipurdiarekin. Hori hasi da apur bat aldatzen, eta horretan Internetek zeresana izan du. Beren blogetan agertu dira diseinatzaile edo marrazkilariak.

Internetek eskaini diela lehen ez zuten plataforma, alegia.

Bai, plataforma bat da. Komikiak aldatu behar du emakumeen ikuspegi eta irizpidea, eurena sartzeko.

Asko dago egiteko oraindik…

Bai. Datu bat ematearren, frantsesez egiten den komikigintzan ere alde handia egon da. Haiek ere milurteko berriarekin hasi dira emakumeen ikuspegia aldatzen. Datuei erreparatzen badiegu, 2001 eta 2002 artean emakumeak sortzaileen %7 izango ziren, eta handik bost urtera, %13. Progresio azkarra ikusten da, eta, hala ere, zein gutxi diren. Baina badoa pixkanaka. Egoera, ordea, orokorra izan da, eta gu ez gara hortik libratzen. Geldoago goazela esango nuke, hemen komikigintzak ez duelako izan halako zabalpenik. Helduentzako komikiak egon ziren, TMEO eta Napartheid besteak beste, baina horien bolada pasatu zen. Orain eleberri grafikoen bolada etorri da, eta hor badaude emakume batzuk. Oso urria da dagoena, eta esango didazu hor barruan non gelditu den emakumeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.