ATZEKOZ AURRERA. Rithy Pahn. Film zuzendaria

«Irudiek engainatzen ahal gaituzte»

'La France est notre patrie' filma ekarri du FIPA jaialdira; Frantziako kolonien garaiko irudiekin osatua. Irudiek engainatu, baina aldi berean, muntaketen bidez-eta, historia ulertzera ere eraman dezaketela erakusten du.

Nora Arbelbide Lete.
Miarritze
2015eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Irudi ofizialak, ez-ofizialak, militarrek eginak, kolonoek, familien baitakoak, propagandarako erabiliak, artxibo orotarik elkartu ditu Rithy Panh film zuzendariak (1964, Phnom Penh, Kanbodia) La France est notre patrie (Frantzia gure aberria da) dokumentalean. Azken ehun bat urteetako irudiak dira. Afrikako kolonietako zenbait irudi kenduta, kasik denak Frantziako kolonia izan zen Indotxinan hartuak dira, deskolonizazio gerlaraino. Miarritzeko FIPA jaialdiko dokumentalen sailean sailkatu dute.

Filmeko lehen esaldietako batLegendre medikuarena da, eta hauxe dio: «Historia unibertsaleko gertakari eta iraultza handi guztiak arraza zuriarenak dira, guztien artean bakarra dena sortzaile». Hortik landa agertzen diren irudiak ikustean, kolonizazioaren bortizkeria begi bistakoa da; zuk asmo hori zenuen?

Iraganeko irudi horrek badu zerikusia gaurko errealitatearekin, eta hori erakutsi nahi nuen. Gizakiak gizakia esplotatzeari utzi egin ote dio? Indartsuen eta ahulen arteko beste harreman bat lortzea lortu ote dugu? Ahulenak hitz egiteko eskubidea ote du?

Bere burua zibilizatutzat duenak filmatu irudiak dira, zibilizazioa nola ekartzen ari den kolonietara erakusteko edo, eta, azkenean, basakeria du erakusten.

Besteen ongizateari gehiegi pentsatzen hasten delarik, hor lanjerra hasten da. Zure ongizatea ez da beti bestearen ongizate bera. Gizakien historia gaizki-ulertze anitzekin egina izan da, oinarria dela zibilizazioa edo erlijioak. Normalki, erlijio batek bihotz ontasuna du predikatzen, baina, halere, elkar hiltzen dugu, gerlak daude, eta hori, erlijioengatik. Nonbait, badago hor absurdoa den zerbait. Elkarren arteko ulermenean bada zerbait hor ez duguna asmatzen.

Horregatik ere agian idazten duzu film bukaeran ez dagoela historia unibertsalik?

Historia anitz badira, eta ulertu behar dira. Bestea ulertzen saiatu behar da. Horrek aberasten ahalko gaitu ere.

Idazten duzu, halaber, batzuetan irudiak irriz jokatzen gaituztela ere, zer erran nahi duzu horrekin zehazki?

Irudiek batzuetan engainatzen gaituzte, batzuetan gauzak gordetzen dituzte, batzuetan zerbait erakusten digute lehen planoan, baina bigarren planoak beste zerbait dio. Adibide bat emateko, 1920 aldean filmatu norbait agertzen da filmean. Biziki sinpatikoa irudi du. Baina haren arropa zuri- zuria da. Promenatzen ari den andrea nahi zuen filmatu filmatzaileak. Alta, deus gabe bizi diren indigenak alde batetik, eta, bestetik, ezberdintasuna markatu nahi izan zuten kolonoen arteko bereizketa agertzen da hor. Filmatzaileak, alta, garaian ez zuen hori pentsatu. Baina, gerla zenbait berantago, ohartzen zara, plano hori baino haratago beste gauza batzuk ateratzen ahal direla. Jendeen bereizteko ahalegin hori, adibidez. Baita fisikoki ere. Denborak egiatasuna ematen dio irudiari. Denbora gehiago aitzinatu, eta egia begi bistakoago egiten da. Zartatzeraino. Beste adibide bat emateko, ostatuko terrazetan daudenen irudiak daude. Terrazetan ez dago indigena bakar bat ere. Irudi du ez direla beren etxean. Filmaren ideia da ikustea garai hartako irudi horiek nola mintza daitezkeen gaur egun.

Nola hori?

Neure buruari galderak pausatzen dizkiot. Zergatik dago hainbeste bortizkeria gaur egun? Beharbada, irudi horiek gaizki ulertu ditugulako? Beharbada, istorio hori gaizki digeritu dugulako? Historia hori ulergarria ote da? Nik uste dut baietz. Elkarren ondoan emanez, irudi bakoitzaren erretorika aitzinean eman daiteke. Muntaketaren bidez.

Ez da nehor mintzo filmaren denboran, baina noiztenka esaldi idatzi batzuk agertzen dira, eta horietako batean, zuk idatzian, isilik muntatu dituzula diozu «nire indigena erara». Bada ironia bat hor, ez?

Bai, eta indigena naiz ere. Indigenen ondoko bat naiz, hasteko. Ez da larria, e!

Baina bada ere begiratua zenak orain begiratzen ahal duela, eta beste gisa batez kontatzen ahal duela historia, ez?

Bai eta ere, hori, gaur egun oihartzunak izan ditzakeela. Azken aste hauetako bortizkeriari begira, adibidez. Nondik heldu da hori? Ez da bakarrik koloniengatik, badira beste faktore batzuk ere.

Baina bada kolonien faktore hori?

Bai, hain segur. Idatzi ote dugu gure historia? Saiatu ote gara gure historia elkarrekin ulertzen? Elkarren artean partekatu historia baitaukagu, hala eta guztiz ere. Nahiz eta ez beti ederra izan. Kontua da frustrazio hori beste zerbaitek esplota dezakeela. Estremismo guztiek. Abandonatuak, frustratuak direnentzat estremismoa aterabide bat izan daiteke.

Leon Werthen Cochinchine liburua (1925) izan duzula inspirazio iturrietako bat irakurtzen ahal da Interneten, hala da?

Hasiera batean, liburua lantzeko ideia nuen, baina emeki-emeki beste bide bat dut hartu. Dena dela, egia da biziki testu ederra iruditzen zaidala. Lehenetako bat izan zen, koloniez horrelako ohiz kanpoko ikuspegia ematen zuena. Barne-barnetik kolonialismoaren aurkakoa zen Leon Werth. Eta hori, beste guztiak baino lehentsuago. Bere garaian entzun ote zitekeen erraten zuena? Ez dut uste. Baina on da horrelako kontzientzia bat izatea. Harentzat harriagarria zena idazten zuen. Testu hori garrantzitsua da. Nahiz eta emeki-emeki urrundu naizen, gisa batez, filmarekin omendu nahi nuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.