ATZEKOZ AURRERA. Jean-Luc Schwab. Idazlea

«Gaurko munduan erne segitzeko deia egiten dugu»

Homosexuala izateagatik II. Mundu Gerran deportatu zituztenen memoria ez dadin ahantzi borrokatzen da Schwab, jakintzaren bidez erne segitzera deituz, diskriminazio guztien aurka.

Rudolf Brazda deportatua eta Jean-Luc Schwab. JEAN-LUC SCHWAB.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Baionako hiri barnean urtarrilaren 30ean estreinatuko duten Homosexuala izateagatik deportatua erakusketa muntatua du Schwabek Les Oublie(e)s de la Memoire elkartearekin. Les Bascos elkartea du gomitatzaile nagusi, mediatekakoekin. Beste zenbait hitzordu ere antolatu dituzte kari horretara. Schwabek berak liburuak idatzi ditu gaiaz. Horien artean, deportatuetako bat izan zen Rudolf Brazdari buruz (1913-2011).

Juduen genozidioaz gain, deportatu zituztenen artean, homosexual izateagatik %1 zuten deportatu; hau da, 10.000- 15.000 pertsona.

Zifra horiek 1970eko hamarkadakoak dira. Geroztik ikerketak findu dira. Gaur egun, pentsatzen da 6.000 eta 7.000 artean zituztela bidali kontzentrazio esparruetara.

Minak eta memoriak elkarren artean lehian jarri gabe, arazo berezi horrek zertan lagundu dezake orduko sarraski orokorra ulertzen?

Deportazio mota hori ez dugu besteen gainetik jarri nahi. Gure jarrera ez da lehengotarra. Ez da biktimekiko urrikalmendura mugatzen. Kontua da sinpleki erratea errepresio mota hori existitu dela, beste hainbaten artean. Beste deportazio motei interesatzen diren elkarteek egiten duten bezala, gaurko munduari begira, erne segitzeko dei bat da. Diskriminazio guztien aurka. Ernetasun dei bat, jakintzaren bidez. Adibide bat emateko, duela bi urte sexu berekoen ezkontzaz izan eztabaidetan entzun dena aipatuko dut. Kontra izatea ez da arazo bat. Joko demokratikoa da. Baina argumentatzeko orduan, entzuten dituzularik Serge Dassault senataria bezala, erraten ezkontza lanjer bat dela arrazaren iraupenarentzat... Hori erratea 1937an Himmlerren erranak errepikatzea da. Eta gaia ezagutzen duzularik, horrek halako bat eragiten dizu.

Zergatik da ahantzi den errealitate bat, zure ustez?

Frantziak, 1960ko hamarkadaren hasieratik homosexualitatea gizarteko gaitzat zuen. Borrokatu behar zen fenomeno bat. Ondorioz, deportatu homosexualak zuzenbide komuneko arrazoiengatik zirela deportatuak zioten, eta, beraz, ez zutela ezagupenerako eskubiderik. 1980ko hamarkadan, aldatuz joan zen ikuspegia. Homosexualitatea zigorgabetu zuen Robert Badinter-ek, 1982an. Vichyko erregimenak zigortu eta 40 urte berantago, beraz. Testuinguruak ez zuen memoria horren ezagupena laguntzen.

Zein izan zen homosexuala izateagatik deportatu zituztenen errealitatea? Ezagutzen da agian 175 paragrafoa, kontzentrazio esparruetan homosexualei janzten zieten hiruki arrosa... Zehazterik bai?

175 paragrafoa edo artikulua harreman homosexualak zigortzen zituen Alemaniako zigor kodeko artikulua zen. 1871n sartu zuten, eta 1935ean nazismoak indartu. Errepresioan oinarri zuten. Ondorioz, preso sartzen zuten ala kontzentrazio esparrura eramaten zuten, delitu berrizkatura zegoela ziotelarik, edo pertsona lanjerosegia zela pentsatuko zutelarik. Frantzian ere ondorioak izanen zituen horrek. Vichyren menpe ziren lurretan, eta baita kanpo ere. Preso sartu zituzten Baionako bi. Horietako bat auzitegi militar batek epaitu zuen, eta Dortmunderapreso bidali, Alemaniara. Hiria bonbardatu zuten, eta, segur aski, orduan hil zen.

Esparruetan zein zen haien errealitatea?

Beste kategorien kasuan, elkartasun sareak antolatu zituzten, baina homosexualentzat zailago zen. Gutxi ziren, eta ez ziren jatorri berekoak, gainera. Kontzentrazio esparruetako barne hierarkian beherean zirela dioten lekukotasun anitz bildu ditugu, justu juduen gainean. Hiruki arrosarekin biziki zaila zitzaien babesa lortzea. Baina, halere, salbuespenak aurkitu ditugu.

Errepresio zehatz horrek ez zituen lesbianak zapaltzen?

175 paragrafoak soilik gizonak zituen aipatzen. Luzaz erran da lesbianak deportatzen zirela. Baina ez da aurkitu adibiderik. Horrek ez du erran nahi lesbianarik ez denik deportatu. Baina deportatu zituztenak ez ziren izan bereziki lesbianak zirelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.