ATZEKOZ AURRERA. Marta Martin. Matematikaria

«Higgsek 'Simpsons'-etik ideiak hartu? Ez nintzen harrituko»

'The Simpsons' telesailaren eta matematikaren arteko harremana estua dela dio Martinek. Kapitulu bakoitza ikertzen du, eta adibide zehatzak bilatzen, gero ikasleei erakusteko.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Lander Muñagorri Garmendia

2015eko apirilak 17
Matematikak egunero bizimoduko hainbat elementutan presente daudela erakusteko, Bilboko Bidebarrieta kulturguneak Matematikak eguneroko bizitzan jardunaldiak antolatu ditu. Hain daude presente, The Simpsons telesailean ere maiz agertzen dira. Marta Martin matematikariak (Oviedo, Espainia, 1988) zientzia zehatzen eta telesailaren arteko harremana ikertu du, eta horren inguruan hitz egin zuen atzo.

The Simpsons eta matematiken arteko harremana nondik dator?

Lehen denboraldiko lehen kapituluan egiten dute lehen keinua, 99 x 13 eragiketa buruz egiten saiatzen baitira. Bigarren kapituluan, Bart, jenioa izenekoan, matematikari egiten zaizkion aipamenak ugaritu egiten dira: Einstein azaltzen da, koefiziente intelektuala, fisikarekin zerikusia duten bitxikeriak... Gidoilarien prestakuntza matematikoak, noski, zeresana dauka horretan guztian.

Zein mailatakoak dira matematikari egiten zaizkion aipamenak?

Beti sartzen dute aipamenen bat. Simpson familia matematikarekin identifikatuko balitz, daukaten arrakasta apalagoa izango zen. Baina pertsonaien ironiari esker, naturaltasunez hartzen dira keinu horiek guztiak. Hain zuzen, telesailak daukan arrakasta gure ikasleak matematikara hurbiltzeko erabili izan dut askotan, eta asmo horregatik jarraitzen dut hori ikertzen.

Zein motatako formulak agertu ohi dira?

Matematikaren adar gehienak ukitzen dituzte. Asmakizun errazetatik hasi, eta teorema bat okerra dela frogatzeko kontraproposamenetara iristeraino. Hala ere, egia da beti dagoela askatu behar den trikimailuren bat.

Trikimailu horien bila esertzen zara telebistaren aurrean telesaila ikusten duzun bakoitzean?

Ez dut koaderno fisikorik izaten ondoan, baina burukoa beti izaten dut aktibatuta. Ondoren iristen da bigarren ikustaldia, eta orduan digeritzen ditut matematikari egiten zaizkion keinu guztiak.

Telesaileko kapitulu batean, Homer Higgs bosoia aurkitzeko ekuazio bat garatzen ere ageri da. Ez da, bada, telesaileko pertsonaiarik azkarrena...

David X. Cohen gidoilariari izugarri gustatzen zaio zenbakiekin jolastea. Ez da egia, askok esan izan duten bezala, Homerrek Higgs bosoia aurkitu zuela, baizik eta partikula horren masa topatzeko ekuazio bat proposatzen du. Hala ere, partikulak daukan baino masa handiagoa dauka ekuazio horrek...

Peter Higgs telesailaren jarraitzailea izango da, beharbada...

Kapitulu batean, Stephen Hawking ikerlariak Homerren ideia bat onesten du. Bertan, unibertsoak erroskilla forma duela esaten du. Beraz, Higgsek berak telesailetik ideiak hartu? Ez nintzateke harrituko. [Barreak].

Baina ez da matematika bakarrik, hitzekin ere maiz jolasten baitira The Simpsons-eko gidoilariak. Telesaila tentu handiz ikusi beharrekoa dela esan daiteke?

Bai, noski. Askok uste dutenaz bestera, ez da haurrentzako telesail bat, gaztetxoenek ere erantzun ona ematen dioten arren. Alde horretatik, esaldi asko oso ezagunak egin dira, bai, eta bizitzaren inguruan daukaten jarrera horren ondorioz jarraitzen dute telesaila 26 urte igaro eta gero ematen.

Beraz, kapitulu bakoitzean arreta berezia jarri beharra dago.

Ez dago zertan, kapitulu bakoitzak bere egitura eta istorioa daukalako. Hala ere, egia da beti bidaltzen dutela mezu subliminalen bat, eta orduan ikuslea beti dago zain unean uneko mezuaren bila. Zehazki, gure helburua beti izango da matematikarekin lotutako mezuak bildu eta horiek ikasgeletara eramatea, ikasleen artean matematikekiko grina pizteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna