ATZEKOZ AURRERA

Vinaderren adierazpenik askeena

Xavier Montanya eta Angel Leiro kazetariek egindako 'Xavier Vinader, periodista. Contra la guerra sucia' dokumentala aurkeztu dute Donostiako San Telmo museoan.
Xavier Vinaderri buruzko dokumentala aurkezteko ekitaldia, atzo, San Telmon.
Xavier Vinaderri buruzko dokumentala aurkezteko ekitaldia, atzo, San Telmon. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Ainara Arratibel Gascon -

2015eko ekainak 20
Vinaderren jardunean aurki daiteke adierazpen askatasunaren aldeko algoritmoa». David Fernandez CUPeko parlamentariak irakurritako hitz horiek ondo baino hobeto definitzen dute Xabier Vinader kazetariaren lana. Baina ez ziren bakarrak izan. Izan ere, atzo Donostiako San Telmo museoan bildutako kazetariek nabarmendu zuten Vinaderrek bere lanean erakutsitako ausardia, zorroztasuna eta kalitatea. Ahobizarrik gabe egin zuen lan, frankismo osteko garairik gogorrenean, eta atzokoa, hura omentzeko ekitaldi bat ez ezik, adierazpen askatasuna aldarrikatzeko ekitaldi bat ere izan zen.

Vinaderrek erbestera alde egin behar izan zuen, eta kartzelan ere egon zen bere lanarengatik. Lotura estua zuen Euskal Herriarekin. Apirilean hil zen, eta, atzo, hura hil aurretik Xavier Montanya eta Angel Leiro kazetariak egiten ari ziren Xavier Vinader, periodista. Contra la guerra sucia dokumentala ikusi ahal izan zen San Telmon. Ondoren, mahai ingurua izan zen. Han parte hartu zuten Tasio Erkizia eta David Fernandez politikariek eta dokumentalaren bi zuzendariek. Gainera, Pepe Rei eta Jabier Salutregiren hitzak entzun ahal izan ziren —Rei ekitaldian izan zen—. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak gidatu zuen ekitaldia.

Han izan ziren, besteak beste, Iñaki Egaña historialaria; Pernando Barrena Sortuko bozeramailea; Mariano Ferrer, Martin Anso, eta Maite Ubiria kazetariak; Xabier Alegria eta Tasio Erkizia ezker abertzaleko kide historikoak; eta Sabino Ormazabal giza eskubideen ekintzailea.

Montanya dokumentalaren egileak Vinaderrekin egondako azken aldia ekarri zuen gogora. «Arazo fisikoak izan arren, aztertzen ari zen ekitaldira etortzea. Ezinezkoa izan da, baina hemen gaude haren figura eta ikerketa kazetaritzarena aldarrikatzeko». Montayak nabarmendu zuen Vinader «erreferente» izan dela 1980eko hamarkadaren hasieran kazetaritza ikasten ari ziren askorentzat. «Hark eta zuek gauza asko erakutsi zenizkiguten: izan zenuten jarreragatik, ikertu zenutenagatik eta publikatu zenutenagatik». Kazetari horietako batzuk San Telmon zeuden atzo. Ordutik eta gaur egun arte ere kazetaritza kritikoa egitea «debekatua, kriminalizatua eta jazarria» izan dela salatu zuen, batez ere Euskal Herrian: « Xavierrengatik, Pepegatik, Egunkaria-gatik, Egin-engatik, Egin Irratiagatik eta Ardi Beltzagatik. Jazarpen judiziala jasan duzuen kazetari guztiengatik gaude hemen». Gainera, elkartasuna agertu zien Javier Salutregiri, Jesus Mari Zalakaini eta Carlos Trenorri, Egin-en auzigatik kartzelan baitaude.

Hain zuzen ere, Salutregik kartzelatik idatzitako testu bat irakurri zuen Teresa Toda kazetariak. «Batez ere, gauzen zergatia inporta zitzaion, gertaeren arrazionaltasuna, haziak». Topografotzat jo zuen. «Espainiako demokrazia berriaren askatasunaren topografo izan zen, bere erreportajeekin zehatz neurtu baitzuen adierazpen askearen dimentsioa. Baina berehala konturatu zen adierazpen eta informazio askatasuna kontzeptu txikiak zirela, eta demokrazia hura gisagabeko karikatura bat zela».

Vinaderren lana «ahaztura eta marjinaziora» eraman nahi izana ere salatu zuen. «Xavierri egin ziotenarekin, sistemak adierazpen librea mugatu zuen, autozentsuraren birusa zabalduz. Urte batzuk geroago, Espainiak ez zuen ezta ausardiaz eta imajinazioz egindako iradokizun kritikoa onartu. Egun, berriz, monarkia tertuliano eta zahar batean bizi gara. Bertan, parlamentuak telebista platoekin ordezkatuak izan dira, eta hor ez dute lekurik Vinaderren moduko kazetariek».

Etikaren lubakia

Kazetaritzaren inguruan hausnarketa egin zuen CUPeko parlamentari David Fernandezek. «Kazetaritza edozein botereren egiturak etengabe kontrolatzen egotea da. Kazetaritza kontraboterea da, kontzientzia kritikoa gero eta ezberdinagoa eta bidegabeagoa den gizarte batean». Kazetaritza «kazetaritzaren aurrean» babesteko deia egin zuen. «Vinaderren jardunean aurki daiteke adierazpen askatasunaren aldeko algoritmoa». Kazetaritza «etikaren eta zorroztasunaren lubaki bat» bihurtzeko beharra defendatu zuen.

Pepe Reiren hitz sentituak irakurri zituen Guillermo Martorell Pepe Rei elkarteko kideak. «Herriaren zerbitzura egondako ikerketa kazetaritzak gure lanbidea duindu du. Baina boterea hura fagozitatzen saiatu da, existitzen ez den errealitate paralelo bat sortzeko». Eta kazetaritzaren beharra aldarrikatu zuen. «Iraultzak, arima izateko, musikariak eta poetak behar ditu; ahotsa izateko, askatasuna oihukatzen duten kazetariak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna