ATZEKOZ AURRERA. Jose Abel. Margolaria

«Edertasuna bilatzen dut gauza lohietan»

'Sua itsasadarrean' izeneko erakusketa estreinatu du Abelek Bilboko itsasadarra itsas museoan. Haren arteak badu berezitasun bat: erregailu bat du pintzel gisa, eta sua darabil margotzeko.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Jose Abel (Bilbo, 1964) eskarmentu handiko margolaria da. 30 urte inguru daramatza margotzen, eta Mosku, eta Pekinen erakusketak egin ditu, besteak beste. Dena den, artistak dioenez, ez zaio gustatzen atzera begiratzea. «Iraganeko proiektuak ez zaizkit interesatzen». Duela bi urte bere margotzeko moduari beste «zentzu eta norabide bat» eman zion.

Iturgin izandakoa, orain artista.

Nire aita oso pinturazalea zen, eta, ofizioz, iturgina. Bai bata eta bai bestea txikitatik jaso ditut, zaletasuna eta ofizioa. Eta ofizioaren barruan, erregailua, tresna gisa. Betidanik soldatu dut, eta, margotzen hasi nintzenean, konturatu nintzen posible zela suarekin lan egitea.

Nola okurritu zitzaizun erregailua erabiltzea artea egiteko?

Estudiora sartu, erregailua bazter batean ikusi, eta lanean hasi nintzen: «Ea zer gertatzen den». Jada margotuta nuen obra erretzen hasi,eta konturatu nintzen efektu bitxiak sor zitezkeela. Obra zaborretara bota behar izan nuen, baina gerora suaren kontuari probetxua atera diot. Duela bi urte ikasi dut sua erabat kontrolatzen. Margolaritza etengabeko esperimentazioa da.

Bakarra zara teknika bortitz hori erabiltzen ?

Inoiz ez naiz izan margolari konbentzionala. Zerbait kopiatzen baduzu edo jada finkatuta dauden moldeak jarraitzen badituzu, margolaria zara, bai, baina margolari hutsa. Artista izan nahi baduzu,gauza desberdinak egin behar dituzu, eta besteekiko aldea markatu. Nire kasuan, sua da ezaugarri bereizgarria, sua eta erabiltzen ditudan materialak: eztainua, beruna, kordak, egurra... Horien bidez, collage originalak sortzen ditut. Ez dut ezagutzen nire teknika erabiltzen duen beste inor.

Nola osatzen dituzu zure margolanak? Zeintzuk dira pausoak?

Gustuko dudan paisaiaren argazkia egin, eta argazki hori margolana kokatzeko erabiltzen dut. Gero, argazkia ahaztu, eta, paisaia horren inguruko oroitzapenetan oinarrituz, margotzen hasten naiz. Obra osoa pigmentuekin eta olioekin egiten dut: batez ere, eskuak erabiliz, pintzelik ez. Eta hortik aurrera sua aplikatzen diot. Suak margolana tindatu egiten du. Gero, espatulekin berriro margotzen dut. Eta egurra, kordak... itsasten ditut, edota eztainu eta berun tantak isurtzen ditut. Amaitzeko, berriz sua aplikatzen dut material solido horien gainean, tindatutakoa berriz tindatuz. Horrela, atmosfera siniestroa hartzen du paisaiak. Egurrezko ohol baten gainean egiten dut prozesu guztia.

Beraz, pigmentuak eta olioak erabiltzen dituzu margoen ordez.

Pigmentuekin jada ez da lanik egiten ia. Gaur egun, potoetan saltzen da pintura. Hori dela eta, Marokotik ekartzen dizkidate. Olioei dagokienez, linazi olioa, intxaur olioa, olio lehorra... eta bestelakoak erabiltzen ditut.

Eta horiez gain, material solido trinkoak baliatzen dituzu.

Eztainua, beruna, burdina, herdoila... Material solido horiei esker, ehundura ugariko margolanak sortzen ditut. Eta ematen du elementuok obratik ateratzen direla. Maneiatzeko material gogorrak dira,baina suarekin bigundu egiten ditut. Erakusketan, eskuekin ukitzeko margolan bat dago, ehundura eta material horiek sentitzeko.

Arriskutsua izango da suarekin eta horrelako material trinkoekin lan egitea. Segurtasun neurririk hartzen duzu?

Ez dut maskararik erabiltzen, ezta eskularrurik ere. Materialak eskuekin sentitzea gustatzen zait, margolanarekin bat egiteko, modu naturalean. Hori bai, aldamenean su itzalgailu bat izaten dut beti, badaezpada. Noizbait, sustoren bat izan dut; kearekin itotzeko zorian egon nintzen behin, eta erre ere egin izan naiz behin baino gehiagotan.

Paisaiak margotzen dituzu, paisaia beltz eta lakarrak.

Paisaia hiritarrak margotzen ditut, baina paisaia hiritar oso konkretuak. Ura duten paisaiak ditut gogoko. Nire obsesioa airea margotzea da, airea eta atmosfera. Hala, besteentzat itsusiak diren paisaiek —keak, herdoilak, fabrikek...— inspiratzen eta motibatzen naute. Edertasuna bilatzen dut gauza lohietan. Erakusketa honetan Bilboko itsasadarra margotu dut, Bilboren ikurra delako. Kea, sua, ura, euria, herdoila, burdina... non-nahi topatu ditut. Aitzitik, Bilboko itsasadarra erabat zukutu dut jada eta hurrengo erakusketarako atzerriko paisaia kaotikoak baliatu nahi ditut: Fukushimako ezbeharra... Kaos izena jarri diot segida berri horri.

1970-1980ko hamarkadetako Bilbo industrializatuaren zantzuak antzeman daitezke margolanetan.

Gaur egungo Bilbo da, Bilboren itsasadarrak oraindik ere itxura industriala dauka zenbait eremutan. Halere, 1980ko hamarkadako oroitzapen zaharrak ere badaude nire margolanetan. Orduko kutsadura eta ke giroa nahita nabarmentzen ditut paisaietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.