ATZEKOZ AURRERA. Marcello Tari. Ikertzaile oinutsa

«Ostertz iraultzailea zehaztu behar dugu»

Mugimendu autonomoan aritu zen Tari, baina gainbehera hasi zenean sartu zen. Garai hartako esperientzia bildu du liburu batean, 1970eko urteetako Italia gogora ekarriz, eta bere bizipenak azalduz.
JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Iker Tubia -

2016ko apirilak 7
«Gaur egun ez da mugimendu autonomistarik Italian, eta haustura horrek ahalbidetu du liburu hau idaztea. Mugimendurik ez, baina esperientzia autonomistak badaude». Marcello Tariren hitzak dira (Bari, Italia, 1965). Iruñeko Katakraken izan da, 1973 eta 1980 arteko Italian izandako mugimendu autonomistaren esperientzia biltzen duen liburua aurkezten.

Ikertzeko, zapatak kentzen dituzu?

Ikertzaile oinutsaren terminoa 1960ko urteetan sortu zen, lehen ikertzaile operaistekin. Ez zeuden unibertsitateari loturik, eta koikerketa modu hori asmatu zuten. Ikerketa langileekin batera egiten zen, eta ikerlari bihurtzen ziren. Koikerketa eta antolaketa zen aldi berean.

Autonomismoaren garai hori gogora ekarri nahi zenuen?

Autonomiaren historia kontatu nahi nuen. Izan ere, oso garrantzitsua izan da ondoren etorri diren mugimenduendako, baina oso gutxi ezagutzen da, esperientziaren transmisioaren etenaren ondorioz.

Autonomismoak aurre egiten zion, kapitalismoari ez ezik, ezkerreko antolaketa tradizionalari ere.

Gauza interesgarrienetako bat da antolaketa beste modu batera pentsatzeko saiakera. Lurraldeetan sortzen eta zabaltzen ziren borroka lauso batzuen espontaneotasuna nahi zen. Hori ezin zen modu burokratikoan egin, borroka bakoitzaren espezifikotasuna partekatuz baizik. Lurralde bakoitzean gatazkaren konkretutasun bat dago.

Zergatik zen hobeki modu horretara antolatzea?

Komunismoaren antolaketa tradizionalak dagoeneko ez zuen funtzionatzen. Arrazoietako bat da ekoizteko modua aldatu zela. Lana fabrika handietan biltzen zen. Metropolizazioarekin, aldatu eta zabaldu egiten dira esplotazio moduak; gaur egun lan prekario deitzen duguna orduan hasi zen. Gainera, feminismoa, gazte langileria eta presoak, besteak beste, ez ziren sartzen alderdien antolaketa zaharraren kontakizunean eta forman.

Langile izaera ukatzeak zer ondorio ditu?

Langile klasea esplotatutako klasea da kapitalaren barruan; beraz, kapitala suntsitzeko bere burua suntsitu behar du. Hori autonomiaren gai nagusietako batekin loturik dago: lana baztertzearekin. Hori ez da ongi ulertu. Ez da besterik gabe ez dudala lanera joan nahi. Bizitzeko beste modu bat nahi zuten.

Sistema komunistetan lana bazegoen, eta baita langileria ere.

Garai hartan esaten zen hori ez zela komunismoa, baizik eta sozialismoa, edo langileen kapitalismoa. Sistema komunista deitu diren horien arazo nagusietako bat lana erdi-erdian jartzea izan da. Lana zentroan jarrita, langileen aurka jo zutenean hasi ziren hausten.

Zer ondorio izan du autonomismoak orduko belaunaldiendako?

Paolo Pozzi autonomoak Insurrezione eleberri autobiografikoan esan zuen: «Oso garesti ordaindu dugu —bera ere urte anitz egon zelako kartzelan—, baina ikaragarri ongi pasatu dugu». Horra laburpena.

Zergatik eten zen esperientzia? Zergatik heldu zen gainbehera?

Hori eztabaidagai da gaur egun. Estrategia falta zen, eta oso mugimendu indartsua izan zen erasoaren alorrean. Estatuarekin konfrontazio simetriko bat egitea erabaki zenez, ez zen denbora nahikorik izan askapen mugimenduen esperimentazioak —feministak, gazteak...— luzaroan irauteko moduko esperientziarik sor zitzan.

Zein eragin izan du egungo borroka antikapitalistan?

Inspirazio bat izan da. Adibidez, orain Latinoamerikan eztabaida dago autonomiaren esanahiaren inguruan. Italiako esperientziak urte gutxi iraun zuen arren, pitzadura eragin zuen mugimendu iraultzailearen historian. Iraultzaren kontua planteatzen hasi nahi badugu, eten horretatik abiatu beharko genuke, eta ez atzerago joan, Hirugarren Internazionalera edo.

Nola ikusten duzu borroka antikapitalista Europan?

Garai zaila da, noski. Hainbat esperientzia eta borroka daude, baina uste dut eztabaida internazional bat falta zaigula, egungo estrategia iraultzailea zehazteko. Horrek ez du esan nahi lurralde guzietan gauza bera egin behar denik, baina ostertz iraultzaile bat zehaztu beharko genuke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna