ATZEKOZ AURRERA

Maite dituzte, maite, bazterrak

Lurraren Nazioarteko Eguna aitzakiatzat hartuta, Donostiako Uliako Mintegien parkean izan dira 9 eta 12 urte bitarteko 160 ikasle, txoriak, zuhaitzak eta parkeko txokoak ezagutzen.
Ikasleek euren aletxoa jarri dute Uliako Mintegien parkean, eta zuhaixka berriak landatu dituzte, Iñigo Agirreren gidaritzapean.
Ikasleek euren aletxoa jarri dute Uliako Mintegien parkean, eta zuhaixka berriak landatu dituzte, Iñigo Agirreren gidaritzapean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Nagore Etxeberria -

2016ko apirilak 23
Hogeita hamarretik gora txori espezieren, txantxiku arruntaren eta beste hainbat animaliaren bizilekua izanagatik, haurren algarak baino ez dira entzuten Donostiako Uliako Mintegien parkean. Animaliak mutu geratu dira bat-batean; ez da txantxiku arruntaren hotsik entzuten, eta txoriek ere kantatzeari utzi diote, lotsatuta. Atzo, Lurraren Nazioarteko Eguna izaki, parkeko ateak zabaldu zituen Uliako Lore-Baratzak taldeak, Txoria dut maite jarduera egiteko eta parkeko sekretuak erakusteko.

«Parkea erakustea, haurrek naturarekin harreman zuzena izatea eta kontaktu hori bultzatzea da bisita gidatu honen helburu nagusia. Natura haiek uste duten baino gertuago dagoela eta naturan askotariko ekintzak egin daitezkeela ere erakutsi nahi diegu», zehaztu du Julen Rodriguezek, Uliako auzokide eta Uliako Lore-Baratzak taldeko kideak.

Donostiako hiru ikastetxetako haurrak gonbidatu dituzte txoriei, zuhaitzei eta, oro har, parkeari buruzko bisita gidatu berezi horretara: Mundaiz, San Luis La Salle eta The English School ikastetxeetako 160 ikasle. Eta goiz-pasa entretenigarria egiteko, askotariko jarduerak antolatu dituzte: esne eta zuku kaxekin txorientzako habiak egitea, txoriei behatzea, zuhaitzak aztertzea eta zuhaixkak landatzea.

Gustura hartu dute gonbita ikastetxeetako irakasle eta ikasleek, eta, zerua laino egon arren, pozik dabiltza, zer ikusiko. Batzuk ederki prestatuak etorri dira, gainera. Lander Arozenak, esaterako, kataloxak zintzilik ditu lepotik, «txoriren bat ikusteko».

«Gaur [atzo], ez da egunik aproposena: zerua estalita dago, eta jende gehiegi gabiltza parkean. Halako zalapartarekin, beraz, normala da txoririk ez ikustea», ohartarazi die Pedro Cruzadak, SEO Birdlife ornitologia elkarteko kideak.

Tarteka, txepetxen baten kantu laburra aditzen da, baina, gainerakoan, isilik dira animaliak. Cruzadak, ordea, ez du itxaropena galdu: «Agertuko da baten bat». Eta txoriek kuku egitea erabakitzen duten artean, haiei buruzko azalpenak eman dizkie ikasleei: zer espezie bizi diren parkean, zein den txikiena, zein handiena, zertaz elikatzen diren, non egiten duten habia eta beste.

Gregorio Fisacek ere maite ditu txoriak, baina gehiago zuhaitzak. Asko daki zuhaitz espezieei buruz, eta bere jakinduria haurrei transmititzeko agertu da parkera. Haurrek interesa erakusten dutela aitortu du, baina, tamalez, ez dutela arreta berezirik jartzen: «Berdin zaie espeziea. Berdea eta garaia delako, badakite zuhaitz bat dela, eta hori aski zaie. Jolastea dute helburu, eta normala da: horretarako adinean daude».

Hala ere, ez du etsi bere ahaleginean, eta haurrekin zuhaitz espezieen inguruan hitz egitea lortu du. Parkeko banbu basotxora eraman ditu, eta haurrak liluratuta geratu dira txokoarekin. Ane Rosseti, adibidez, hori da parketik gehien gustatu zaiona, baita Arozenari ere.

Josu Sanchez ere gustura ibili da banbu artean, baina loreek deitu diote gehien atentzioa. «Lore batzuk jan egin daitezke!», dio, harrituta. Josu Llorens ere txundituta geratu da parkean diren lore espezieekin, eta, hitz egiten duen bitartean, gustura erakutsi du poltsikoan gordea duen altxorra: eskukada bete lore.

Haurrak harrituta daude: zenbat sekretu ezkutatzen diren naturan. Goiz-pasaren ondotik, ziur gehiago maitatuko dituztela inguruko bazterrak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna