ATZEKOZ AURRERA. Gergori Aiarzaguena, 'Goyo'. Abenturazalea

«Oso modu xumean bidaiatuko dut»

Duela bi urte arte, bizikletarik ere ez zeukan Aiarzaguenak, baina 12.000 kilometroko bidaia hasi berri du, bizikletaz, Santurtzitik Nepalera. Hango eskola batentzat dirua biltzea du helburu.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Gergori Aiarzaguena Goyo (Santurtzi, Bizkaia, 1979) abenturazale amorratua da, baita aktore eta hezitzailea ere. Bidaia luzeak ditu gustuko, baina, dioenez, bere bizitzako erronka handienaren aurrean dago oraingo honetan. «Ez dago entrenamendurik bidaia hauentzat; bidaian zehar jartzen zara sasoian».

Santurtzitik Nepalera, 12.000 kilometro dituzu aurretik.

Bai, segur aski 12.000 baino gehiago izango dira, itzulinguruak eman beharko ditut, eta ibilbide asko inprobisatu. Bi etapatan banatu dut bidaia: lehenengoa, Santurtzitik Ankarara [Turkia], eta, bigarrena, Ankaratik Nepalera. Ekonomia eta familia arrazoiak direla eta, horrela antolatu behar izan dut. Aldi batez bidaia guztia egitea gauza serioa da, eta garestia. Nire asmoa da abuztuan Ankaran egotea, eta datorren urteko otsailean Ankaratik Nepalerako zatia egitea.

Bakarrik ibiliko zara, gainera. Nola planteatu duzu bidaia?

Oso modu xumean bidaiatuko dut. Kanpin dendan egingo dut lo, eta jakiak nik prestatuko ditut. Dinamo bat jarri diot bizikletari, eta nik neuk sortuko dut energia nire gailuentzat. Halere, zenbait herrialdetan bisak lortzea ez da erraza izango, eta kanpin dendan lo egitea ez dakit segurua izango den. Horrek zenbait gastu ekarriko dizkit. Nire asmoa ez da nire bidaiarentzat dirua biltzea, baizik eta Nepalgo eskolarentzat dirua lortzea. Egingo diren egitasmoetan lortutako diru guztia Nepalera doa zuzen-zuzenean. Nire gastuak nire arazoa dira.

Nepalen egondakoa zara.

Bai, duela sei urte egon nintzen. Trekking egitera joan nintzen hasieran, baina, gero, hilabete batez umezurtz etxe batean ikastaroak ematen ibili nintzen. Oroitzapen onak dauzkat, eta lagun onak egin nituen. Emozio asko izan nituen; energia handia transmititu zidan lurralde hark.

Nola otu zitzaizun proiektua?

Bizikletan bidaiatzeko ideia neukan, baina norako gabe. Maite dut bidaiatzea, eta bisitatuko ditudan tokiekin amestea. Nepaleko lurrikararen albistearekin esnatu nintzen egun batean; iazko apirilaren 25ean, hain zuzen. Eta gertakizun eta kointzidentzia hark nire bidaiari zentzua eman zion. Nepalera bidaiatzea erabaki nuen, bizikletan. Ez naiz kirolari profesionala; bi urte daramatzat bizikletaren kontuarekin, baina oso gogotsu nago.

Madrilgo Balabalika Pokhara gobernuz kanpoko erakundearekin antolatu duzu espedizioa. Ezagutzen zenituen?

Duela sei urte egon nintzen umezurtz etxea itxi egin zuten, eta, orduan, beste GKE batzuekin harremanetan jarri nintzen. Nepalen lan egiten duen Iruneko GKE bat ezagutu nuen. Horiek Nepalgo beste GKE baten berri eman zidaten, baina ez zitzaidan asko gustatu: erakunde erraldoia zen, Ameriketako Estatu Batuetatik zetorrena, eta oso burokratikoa. Nik zerbait txikiagoa, argiagoa eta konfiantzazkoagoa nahi nuen, eta, Interneten arakatzen nenbilela, Madrilgo GKE bat deskubritu nuen. Hiru urte daramatzate lanean Nepal inguruan: umezurtz etxe batean eta eskola bat berreraikitzen. Diru kontu guztiak argitaratzen dituzte, dena oso modu garbian. Horrela bada, harremanetan jarri nintzen haiekin, eta ideia polita iruditu zitzaien espedizioarena. Ni azeleratuta nengoen proiektuarekin, gauza handiak egiteko gogoarekin, eta haiek baretu eta bideratu naute. Helburua, printzipioz, eskola bat berreraikitzea da: Balkalyan Lower Secundary School, Gorkha izeneko herrian.

Eta, eskola horretan, zertara bideratuko duzue lortutako dirua?

Lau mugarri jarri ditugu: lau modulu berreraikiko ditugu; hau da, zortzi ikasgela. Gainera, komunak egingo ditugu. Eskola materiala eta jolaserako materiala erosiko dugu. Eta, azkenik, irakasleak trebatuko ditugu. Bai espazio fisikoa eta bai langileria hobetu egin nahi ditugu. 61.000 eurorekin hori guztia egin nahi dugu.

Gorkharentzat arbel bat deitu duzu proiektua. Zer-nolako herria da Gorkha?

Nepalen bihotzean dagoen itaka txiki bat da. Barruti bat da, hemen probintzia bat izango litzatekeena. Eta, barruti horren barruan, Gorkha izeneko herri bat dago. Hango eskola oso xumea da, eta 3 eta 17 urte arteko 250 ume doaz bertara. Arroz alorretan lan egiten duten nekazarien seme-alabak dira, eta badakite hezkuntza dela egoera horretatik irteteko modu bakarra. Grazia egin zidan herriaren izenak, euskal izena ere badelako.

Lurrikara gertatu eta urtebetera, zein da Nepalgo egoera?

Hango gobernuak Katmandu, Pokhara... eta bestelako hiri handietan inbertitzen du dirua, baina nekazaritza guneak ahaztuta dauzkate. Eta hezkuntza eta kultura, zer esanik ez. Umeak dira diru laguntza horiek jasotzen azkenak. Horregatik, argi neukan nekazaritza eremuko eskola bat lagunduko nuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.