ATZEKOZ AURRERA. Raquel Cediel Saez. Idazlea

«Estatuek beti nahi izan dute ugalketa kontrolatu»

Ugalketa lagunduaren negozioa ikertu du Cedielek, eta errealitate konplexua argitara eman du: enpresa pribatuak eta estatuak nahasten dira, eta erabiltzailea gertatzen da galtzaile.
IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Sara Muerza

2016ko irailak 23
«Gure patua merkatuaren eskuetan ez uzteko derrigorrezko irakurketa da» Libro de la reproducción asistida para lesbianas y solteras liburua (Lesbiana eta bikoterik gabeko emakumeentzako ugalketa lagunduaren liburua). Hala dio behintzat atzeko azalak. Raquel Cediel Saez idazleak (Madril, 1980) atzo aurkeztu zuen, Iruñeko Katakrak liburu dendan.

Osasun publikoak bikotekiderik gabeko emakumeak eta bikote lesbianak ugalketa lagundutik kanpo utzi izan ditu toki askotan. Erabaki politiko bat al da?

Autonomia erkidego askok, hazkunde negatibo begetatiboan sartuz joan diren heinean, politikak nahitaez aldatu behar izan dituzte ezin zirelako sostengatu, eta bikotekiderik gabeko emakumeak eta lesbinak onartu ugalketa lagunduan. Ekonomiarengatik eta utilitarismoarengatik egin dute; batzuetan, politika sozialak interes ekonomikoen mende jartzen baitira. Emakume horiek dira horren adibide.

Emakumeak amatasunaren plangintza gizonik gabe egitea mehatxu gisa ikusi du patriarkatuak?

Mehatxu bat da, bai. Familia matrilineala gailentzen ari den gizarte postmodernoen gertakaria da; egituran gizonezkoa baztertzen dute. Bikotekiderik gabeko amek azpimarratzen dute jada: Ama ezkongabeak, guk erabakita deitzen diren elkarteak daude.

Jaiotzen den ume kopurua ez ezik, ernaltze erak ere kontrolatu nahi ditu sistemak?

Estatuek beti nahi izan dute ugalketa kontrolatu, patriarkatuak ere bai. Hori biopolitika eta bioboterea da, konturatu direlako hor dagoela diru iturria. Ugalketa lagunduak Espainian ematen duen dirua ezin da imajinatu; klinika eta botikagintzen mozkinak izugarriak dira.

Lortu al du sexualitate femeninoak gizonezkoen menderatzetik askatzea?

Gauza batzuetan aurreratu da; beste batzuetan, atzera egin da; indarkeria instituzionalizatua maila askotan dago. Berdintasunaren arloan aurreratu da. Halere, medikuntzan ezin da berdintasunetik aurrera egin, baizik eta ezberdintasunetatik: zer den egokia emakumeen gorputzerako eta zer den ona gizonezkoenerako.

Ugalketa lagunduaren merkatuan, emakumearen gorputza gertatzen da galtzaile?

Bai. Merkatuaren legeak ekarri dira ugalketa lagunduaren merkatura: mozkin handiena lortzea gastu txikienarekin. Obuluek espermatozoideak baino balio handiagoa dute; lortzeko zailagoak dira: hilabetean obulu bat heltzen da. Astakeria bat da emakume bati hiperestimulazio obarikoa ezartzea obulu bakarra sortu beharrean hamabost sortzeko.

Emankortasuna kontrolatzeak zer ekarri dio emakumeari?

Emakumeak askatzeko mugimenduaren oinarrietako bat izan da; falta da autonomia ekonomikoa izatea nola bizi nahi duten erabakitzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna