Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Oscar Hernandez. Idazlea

«Enpatia gizakion egoismoaren sendabidea da»

1936ko gerran girotu du Hernandezek azken eleberria: 'El guardián de los secretos'. Lan hori eta 'Cuando duermen los grillos' narrazioen antologia aurkeztuko ditu gaur, Donostian.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2016ko urriak 11

2002an sekulako arrakasta izan zuen El viaje de Marcos eleberriarekin Oscar Hernandezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1976), eta berriro argitaratu dute orain. Lan haren «emozioari» eutsi, eta «heldutasun literarioa» gehitu dio eleberri berrian, irakurleek diotenaren arabera. Donostiako Elkarren izango da gaur, 18:30ean, Iñigo Lamarcarekin.

26 urte zenituen El viaje de Marcos argitaratu zenean. Zer eragin izan zuen arrakasta hark zugan?

Eleberria askoz gazteagoa nintzenean idatzi nuen, 19 urterekin. Armairuan sartuta zegoen nirekin. Handik urte batzuetara, gizon gisa armairutik atera nintzen, eta istorioa ere gordelekutik atera zen. Odisea saria irabazi nuenean argitaratu zen. Aitortza jaso, eta aukera ematen zidan idaztera dedikatzeko. 16 urterekin beste liburu bat nuen idatzia, baina El viaje de Marcos mugarri bat izan zen.

Zuzenbidea ikasi zenuen. Literaturarako baliagarria izan zen?

Horrela esanda ez behintzat [kar-kar]. Kazetaritza edo artearen historia ikasi nahi nituen, eta Leioara [Bizkaia] edo Gasteizera joan behar nuen. Baina ez zegoen modurik, gurpil aulki batean nagoelako, eta autobusak ez zeuden prestatuak. Zuzenbidea ikastea errebeldia ekintza bat izan zen, egin nahi nuena eta eragozten zidana salatzeko.

Ekainean argitaratu zenuen El guardián de los secretos. Hirugarren edizioa atera da. Irakurleen harrera onak izan al du oihartzunik komunikabide handietan?

Ez. Argitaletxe txiki eta ertainetan ateratzen diren liburuek zailtasun latzak dituzte komunikazio talde handietan toki bat egiteko.

Eleberria 1936ko gerran girotu duzu. Garai horretan girotutako nobela onak daudela uste duzu?

Oso eleberri onak daude, bai, baina gutxi daude. Historia irakasle izan nintzen hainbat urtez, eta esaten nuen II. Mundu Gerraren lehen atala izan zela. Hildako, erbesteratutako eta desagertutako guztien atzean pertsona bat dago, istorio batekin, tragedia batekin. Hor beti dago eleberri posible bat. Nire eleberrian, protagonista EAJko politikari garrantzitsu baten semea da. Benicarlon [Herrialde Katalanak] arrantzaleen seme bat ezagutuko du. Bi mundu ezberdinetatik datozen bi mutilen erakarmena kontatzen dut, frankisten erasoaren mehatxua tartean dela.

El viaje de Marcos atera zenuenetik gaur arte LGTB literatura asko zabaldu da, ezta?

Zabaldu da eta normalizatu egin da. Esan nahi nuke nire eleberriak ez direla esku bakarrarekin irakurtzeko. Testuinguru jakin batean, pertsonaien arteko maitasun harreman homosexual bat dago. Baina askoz gauza gehiago daude. Bizitzan homosexualak eta heterosexualak dauden bezala. Ez dira liburu gayak eta kito. Esango al genuke Iliada liburu gay bat dela?

Aurreko ikasturtean zinemari buruzko irratsaio bat aurkeztu zenuen, Radio Turian, Valentzian. Eroso aritu zinen?

Bai, irratiak kateatu egiten du, eta zinema asko maite dut. Zineklub bat ere antolatzen dut. El guardián de los secretos-en neure burua sartu dut, Alfred Hitchcockek egiten zituen cameo-en tankera.

Aulki gurpildunean zaudetenen arazoak aipatu dituzu. Nola ikusten duzu egoera gaur egun?

Aurrerapausoak eman dira, bai lege aldetik eta bai praktikoki. Europatik bidaiatu dut, eta oztopo arkitektonikoen alorrean ez gaude hain gaizki. Dena den, beste gai batzuk badaude konpontzeko; langabezia tasa handia da, adibidez. Amak eta bikotekideak desagertuko balira, ez dakit zer gertatuko litzatekeen mendekotasuna duten pertsonekin. Erakunde publikoek ez lituzkete denak lagunduko. Zaintzaileak hutsaren truke ari dira lan bat egiten; hori konpondu beharra dago.

Etorkizunari begira, zer amestuko zenuke gizartearentzat?

Eskuzabalak izan behar dugu inguruko guztiarekin. Sekulakoa da animaliak nola sufriarazten ditugun, gure dibertsiorako. Espezie enpatikoa izan beharko genuke. Gehiago enpatizatuko bagenu pertsonekin eta beste animaliekin, mundua hobeto joango litzateke. Enpatia gizakion egoismoaren sendabidea da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

«Ahituta amaitzen dugu, baina zoriontsu»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Klasikoetan klasikoena da Arnoldo izozkitegia Donostian. 1935ean hasi ziren, eta laugarren belaunaldiko kidea da Alustiza: «Hauxe da txikitatik edoski duguna; gure odola da, eta ezin genuen hiltzen utzi».
Mariana Etxegarairen hilobia, Hazparnen (Lapurdi). ©HAZPARNEKO HERRIKO ETXEA

«Kantuan hastean hein bat lotsatua nintzen, baina ahantzia nuen berehala»

Miel A. Elustondo

Julien Vinsoni zor bide zaio bertsolaritzari buruzko aipurik zaharrenetakoa, 1869ko irailean Saran egindako Lore Jokoetakoa. Hantxe dira ageri Jatsuko Piarres Ibarrart 'Bettiri', Azkaineko Mari Luixa Erdozio eta Joanes Etxeto 'Senpereko errienta' koplariak. Usteak ustel, Erdozio ez da salbuespen. Garaian, beste bi emakumezko ere nabarmendu ziren kantuan, Mariana Etxegarai 'Aña Debrua' eta Marie Hargain, bertsolari txapeldunak.
Uribarri Ganboako Garaioko hondartza. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Barnealdeko hondartzak

Eider Etxeberria Soria

Uribarri Ganboako urtegia urte osoan bisitatzeko leku aproposa da, uda sasoian batez ere. Garaioko eta Landako hondartzak daude han, eta bainua hartzea baimendurik dago

Julia Murat, atzo, Urrezko Lehoinabarra eskuetan duela. ©URS FLUEELER / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Urtzi Urkizu

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...