Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Ezberdin, beraz, aberats

Bestelako funtzionaltasuna duten pertsonen egunerokoan murgildu, eta ipuinak sortu dituzte hainbat sortzailek, ikastetxeetan kontatzeko. Donostia 2016ren egitasmoa da.
Haurrek adi entzun dute mutiko itsuari buruzko Añorgaren istorioa.
Haurrek adi entzun dute mutiko itsuari buruzko Añorgaren istorioa. JON URBE / ARP

Nagore Etxeberria -

2016ko abenduak 17 - Hernani

Jolas orduan algara batean zebiltzan haurrak mutu geratu dira istant batean. Iritsi da ipuinaren ordua. Zintzo demonio eseri dira lurrean 7 urteko haurrak, Hernaniko (Gipuzkoa) Langile ikastolako aretoan. Pello Añorga ipuin kontalaria dute aurrean, baina begiratua atzera joan zaie haur multzoan dauden hainbati. Telmo Irureta eta Lorena Igartua daude atzean, gurpil aulkian, eta horrek erakarri ditu haurren begiradak eta harridura aurpegiak.

Erreparorik gabe, aho zabalik begiratzen diete, martetarrak ikusi izan balituzte bezala. Baina ez dira martetarrak, ipuinak kontatzera joan diren kontalariak baizik. Donostia 2016k sortu duen egitasmo berezi baten parte dira: KontuKontanitz proiektuko istorio kontalariak.

«Gurpil aulkiak handiak eta eskandalosoak dira; normala da, beraz, jendearen arreta piztea. Baina proiektu honen helburua ere bada ezberdin izate horrek inpresioa sortzea. Ezohiko pertsonak izanagatik pila bat gauza egiten dituztela eta beren zailtasunak gainditzen dituztela erakutsi nahi diogu gizarteari», kontatu du Ziortza Basaguren KontuKontanitz proiektuko arduradunak.

Gizartean diren askotariko errealitateak erakusteko asmoz sortu zuen Donostia 2016k KontuKontanitz egitasmoa. «Proiektuaren asmoa da kulturaren, eta, bereziki, ipuin kontaketaren bidez, bestelako funtzionaltasun bat dutenen errealitate ezberdinak erakustea, horren inguruko ezjakintasunak eragiten dituen diskriminazio jokabideak baztertzeko», zehaztu du Basagurenek.

Hala, hainbat sortzaile hiru astez egon dira ezgaitasunen bat duen jendearekin, haien eguneroko errealitatea gertutik ezagutzeko. Ondoren, egoera horietan oinarrituta, ipuin bana sortu dute, ikastetxeetan eta kultur etxeetan kontatzeko. Ana Apikak autismoari buruzko ipuin bat sortu du, Pello Añorgak itsu batena eta garun paralisiaren errealitatea azaleratu dute Magda Labargak eta Lorea Igartuak eta Amaia Ruiz de Galarretak eta Telmo Iruretak sortutako bikoteek.

Añorgak kontatu du ia hilabete eman duela itsu batekin, «bere barneko sentimenduak eta egunerokoan dituen oztopoak ezagutzeko». Hortik abiatuta, Martzelo itsuaren istorioa sortu du, «itsuek sentitzen dituzten emozioak transmititzeko».

«Espazio hauskorrean sartzen zara, eta horrek zailtasunak ditu sortzeko prozesuan eta haurrekin komunikatzeko orduan», aitortu du Añorga kontalariak. Hala ere, sentimenduz beteriko ipuintxoa sortu du.

Atzo Hernaniko ikastolan kontatu zuen istorioa, belarriak erne zituzten haurren aurrean. Martzeloren larruazalean sartu, eta jaiotzetik itsutasuna nola bizi izan duen eta zein arazo gainditu behar izan dituen kontatu die Añorgak, begiak itsututa. Egoera barregarri samarrak ere ekarri ditu gogora, eta, orduan, irri iheskorrak entzun dira haurren ahoetatik. Askok, ordea, laster isildu dute beren barre ozena; izan ere, hain da delikatua egoera.

Txaloz agurtu dute Añorga, eta Lorena Igartuak eta Magda Labargak kontatzeko zuten istorioa entzuteko irrikaz geratu dira. Istorio laburra eta arina, baina sakona taularatu dute. Garun paralisia du Igartuak, baina hori ez da oztopo izan gehien maite duena egiteko: dantza egiteko. Bere bizitzaren aurkezpen azkarra egin ondotik, dantzan jarri da, burua mugituz eta besoak kulunkatuz. Haurrek harri eta zur erreparatu diete haren mugimenduei.

Umeei bere bizitzaren berri ematea «oso esperientzia polita eta berezia» dela aitortu du Igartuak, eta «oso-oso pozik» dagoela emaitzarekin.

Astelehenetik dabiltza Igartua eta konpainia ipuinak kontatzen ikastetxeetan. Bihar egingo dute azken kontaketa, Donostiako Tabakalerako Z aretoan, 12:00etan.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Gliese 486b planeta nolakoa izan daitekeen erakusten duen irudi artistiko bat. ©RenderArea / José Caballero / Max-Planck-Instituts für Astronomie

Planeta bati eta haren izarrari 'Su' eta 'Gar' izenak jartzea proposatu du astronomo talde batek

Edu Lartzanguren

NBEren Hizkuntza Indigenen Hamarkadaren harira, Astronomoen Nazioarteko Batasunak eskatu du izenak proposatzeko 20 planetarentzat

Baionako Merkatu plaza ©Berria

Iparraldeko euskal hedabideek saio berezia egingo dute larunbatean

Urtzi Urkizu

Euskara, hedabideetatik karriketara! izenburupean, hainbat gonbidatu izanen dituzte Merkatu plazan, 11:00etatik 12:00etara.

Ezkudia-Altuna finala ©Aritz Loiola / Foku

ETB2k %7,7ko ikusle kuota izan du azaroan, 2019ko udatik lortutako txikiena

Urtzi Urkizu

ETB1en, lau eta erdikoaren finalak %24,5eko ikusle kuota lortu zuen, eta %1,9ko batezbestekoa izan du azaroan. ETB3k %0,2ko ikusle kuota du.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Erlojuak berebiziko garrantzia du gizartean»

Unai Etxenausia

Erlojugilearen ogibidea galtzear dago. Sueskunen ustez, ordua emateko baino askoz gehiagorako balio du erlojuak, eta «arma boteretsu bat» ere izan daiteke batzuetan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.