ATZEKOZ AURRERA

Mozorrotuta esango diote agur

Urtezahar eguna eta gaua mozorrotuta ospatuko dituzte Iruñean eta Nafarroako beste hainbat herritan. Saltzaileek diotenez, azken egunerako utzi dute askok mozorroa erosteko lana.

Gazte bat mozorroetako bat probatzen, Iruñeko Alde Zaharrean dagoen La Golosina mozorro dendan. IÑIGO URIZ/ ARGAZKI PRESS.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2016ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Maiatzetik daramagu Urtezahar egunerako denda prestatzen». Sonia Barkos La Golosina mozorro dendako arduradunaren hitzak dira. Etengabe sartzen da jendea Iruñeko San Anton kalean dagoen denda horretara, eta lanean dabiltzan lau langileek ia astirik ere ez dute atsedena hartzeko. Gazteak dira denda barruan dauden gehienak, eta bada denda goitik behera arakatzen ari den gazte talde bat ere, guztientzako mozorro berdinaren bila. Zenbakia hartu behar da dendan, eta ateraino iristen den ilaran itxaron, norberaren txanda iritsi arte.

Barkosek dio azken urteetan gauzak ez direla aldatu Urtezahar egunerako mozorroa erosteko orduan: «Jendea taldeka nahiz bakarka janzten da, eta mozorro klasikoak zein berriagoak parez pare saltzen ditugu». Western filmetako mozorroak asko saltzen dituzte: cowboyenak eta indioenak, esaterako. Sevillanaren mozorroa ere bada gehien saltzen direnetako beste bat, Barkosek dioenez:«Sevillana jantziak egiteko oihalak etengabe mozten ari gara. Azken orduan ere seguru nago baten bat etorriko zaigula oihal gehiago eskatzera».

Betiko mozorroak ongi saltzen badira ere, mozorro berriagoek ere lortu dute euren lekua, eta, hein batean, pelikulen arrakastei esker da hori. Kasurako, Star Wars-eko azken bi filmek salmentetan eragin dutela dio Barkosek: «Betidanik ekarri izan ditugu Star Wars-eko mozorroak. Baina iaz, pelikula ateratzearekin batera, asko nabaritu genuen mozorro horien salmentek gora egin zutela». La Golosina dendako ilaran bere txanda noiz iritsiko zain dago Maika Artoleta. 14 urte zituenetik mozorrotzen da urteko azken egunean: «Familiako kideak janzten gara. Aurten, batzuk baserritarrez jantziko gara, eta besteak, sevillanaz».

El Camerino mozorro denda ere Iruñeko Alde Zaharrean dago. Mozorro denda hori ere jendez lepo dago, eta azken orduetan lan handia egiten ari direla dio Inma Bezunartea langileak. Inauterietan baino lan gehiago izaten dutela aitortu du Bezunarteak: «Iruñeko inauterietan ia bakarrik haurrak mozorrotzen dira, eskolara joateko. Urtezahar gauean jende gehiago animatzen da».

Iruñeko mozorro denda batek salmenta gehienak Urtezahar egunerako egiten baditu ere, Barkosek dio urte osoan ez zaiela lanik falta: «Inauterietan herri txikietako jende asko etortzen zaigu mozorroak erostera. Hortaz, nolabait ere orekari eustea lortzen dugu». Urtezahar gauerako mozorroak prestatzen aspalditik dabiltza La Golosinan, eta Europa osoko saltzaile handiagoekin kontaktuan daude orotariko mozorroak dendan saldu ahal izateko. El Camerino dendan, inauterietarako eta Urtezaharrerako mozorroak ez ezik, dantzarako arropa edo osagarriak ere saltzen dituzte, besteak beste.

Bezunarteak eta Barkosek berretsi dute gehienbat gazteak izaten direla dendara mozorro bila joaten direnak: 18 eta 35 urte bitarteko jendea. Olaia Sanz adin tarte horretan dago. Aitari eta anaiari mozorroa aurkitzen laguntzera etorri da dendara, berak jada bai baitu bere mozorroa: «Disneyko pertsonaiez mozorrotuko gara lagun talde bat». Mozorroa aukeratzeko orduan bi baldintza kontuan hartzen dituztela dio Sanzek: «Taldeka janzteko aukera ematen diguten mozorroak bilatzen ditugu, baita azpitik arropa eramatea ahalbidetzen dutenak ere, ziurrenik Urtezahar gauean hotz handia egingo duelako».

Gaur ere bi dendak zabalik aurkituko dituzte azken orduan mozorroa aurkitu ezinik ibiliko direnek. Oraindik mozorro asko geratzen zaizkie saltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.