ATZEKOZ AURRERA

Kordelak eztarriko minari

Eztarriko minari aurre egiteko, ezagunak dira Abadiñoko San Blas azokan saltzen dituzten kordelak. Halako milaka saldu dituzte, baina egon da bestelakorik erosteko aukera ere.

Kolore anitzetako kordelak eros zitezkeen atzo Abadiñoko San Blas azokan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Abadiño
2017ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
San Tomaseko azoka dela pentsa liteke lehenengo begiratuan, baina kokalekua eta animalien aniztasuna ikusita, argi geratzen da ezetz. Izan ere, abeltzaintzaren topaketa garrantzitsuenetako bat izaten da urtero Abadiñon (Bizkaia) egiten den San Blaseko azoka. Eguraldi epelak ere lagundu du aurten, dagoeneko otsailean gaudela nabaritzeko, eta ez abenduan, eta azokara jende dezente animatu da. Milaka pertsona batu ziren atzo Bizkaiko Durangaldeko herrira, erosketa bat edo beste egitera, eta eguna pasatzera.

Azokako postu gehienak goiz-goizetik egon dira zabalik, baina eguerdian ere oso giro ona dago kalean. Gazteek edalontzi hutsak daramatzate eskuetan, txakolinez edo sagardoz betetzeko zain. Helduek, berriz, erositako produktuz betetako poltsak. «Diman egon gara lehen, mendian, eta gero hona etortzeko aprobetxatu dugu», azaldu du Nahia Rodriguezek. Beste hainbestek bezala, taloa eta txorizoa erosi berri dute berak eta bere bikotekideak, azokako postuetako batean. Baina taloa baino gehiago, San Blaseko azokan tradizioa duen jakia izen bereko opilak dira.

Horiexek saltzen dabil bere postuan Galdakaoko (Bizkaia) Artola okindegiko Sue Lorenzo. «Aurreko urtean zertxobait gehiago saldu genuela uste dut. Ogia ondo saldu dugu, baina San Blaseko opilak ez hainbeste», adierazi du. Halere, saltzaile bakoitzak inpresio ezberdina duela iruditzen zaio. «Nik lau urte daramatzat hona etortzen, eta joera beheraka joatea dela esango nuke. Azokek goraldia izan zuten aspaldi; jendeak edozer erosten zuen. Baina orain ez da horrela». Lorenzo lehen erosle gisa etortzen zen Abadiñora, eta orain saltzaile aritu behar izateak «pena apur bat» ematen diola dio, «azoka oso polita delako».

Gutxiago saltzearen kontuan bat dator indabak eta ortuariak saltzen dabilen Juani Larrazabal ere. «Ez dut aurreko urteetan beste saldu. Indabak erosten dizkidate niri batez ere, bainajendea talo bila etortzen da».

Behiak, ondo identifikatuta

Frontoi atzean daude animalia guztiak, norbaitek erosteko zain,edo, besterik gabe, erakusketa gisa. Hantxe ziren behiak, zezenak, ahuntzak, zaldiak, pottokak, ardiak, astoak... Guztira, 250. Behiak eta zezenak izaten dira San Blaseko garrantzitsuenak, eta, hala izanik, ondo baino hobeto identifikatuta daude guztiak. Jakituna, Lor, Leiza, Ikasi, Harrixe... Argi jarria zuten izena eta jaioteguna. Eta ez hori bakarrik: gurasoen izenak eta lau aitona-amonenak ere ikusgai zeuden.

Behiak eta zezenak dira San Blas azokako bereizgarri, baina kordelek ere badute presentzia handia. Hainbat koloretakoak daude salgai postuetan, antza, «eztarriko mina saihesteko». Larrabetzuko (Bizkaia) Cristina Gonzalezek goiz osoa darama kordelak eta opilak saltzen. «Giro ederra dago. Beldur nintzen ez ote zuen eguraldi kaskarra egingo, baina primeran gaude». 09:00etan «bat-batean» sekulako jendea uholdea agertu dela kontatu du, baina eguerdi partean ere lanpetuta ibili da. Argi du bisitariek kordoi mordoa erosten dutela gaur egun ere. «Jende askok erosten ditu San Blaseko kordelak; baten batek 40 inguru eraman ditu berak bakarrik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.