ATZEKOZ AURRERA. Camilo Torres Zorrilla. Artista

«Kezka sozialak jorratzen ditut beti»

'Greban' erakusketa zabaldu du artista txiletarrak Barakaldon. Rafa Canterarekin batera, egungo mundu globalizatuko langileen borrokaren gaia landu du, hainbat formatutako artelanen bidez.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2017ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Txikitatik izan du Camilo Torres Zorrillak (Santiago, Txile, 1971) artearekin harremana. Txileko diktadura betean, haurtzaroa «etengabe» marrazten igaro ondoren, Arte Ederretako gradua ikasi zuen han, eta, 2010etik, Bilbon bizi da. Etxebarriko (Bizkaia) Laminacion de Bandas en Frio enpresako langileen 1966ko greba abiapuntutzat hartuta, Greban erakusketa prestatu du Barakaldoko Udal Erakusketa Aretoan (Bizkaia), Rafa Cantera industriako langile ohi eta artistarekin batera. Otsailaren 28ra arte egongo da ikusgai.

Bi artistaren artean egin duzue erakusketa. Zergatik?

Rafa Cantera 2013an ezagutu nuen. Bizkaiko Labe Garaien inguruko erakusketa bat egin nuen, eta bera inauguraziora joan zen. Atentzioa eman zion, bera siderurgiako langilea baita, eta hitz egiten hasi ginen. Nire lanak berearekin zerikusia zuela iruditzen zitzaion. Berak langileen gaian interesa zuen, industrian, eta zein modutan zegoen lotuta hori artearen munduarekin. Adierazi zidan siderurgiako langile izateaz gain arteari lotutako gauzak ere egiten zituela.

Eta nola erabaki zenuten erakusketa hau sortzea?

Askotan elkartzen ginen. Gizarte borroken inguruko ikuspegi antzekoak ditugu, politika gaietan ere... Hortik abiatu ginen. Aipatu zidan aurten 50 urte beteko zirela Laminaciones enpresako langileek greba egin zutenetik; eta oso gertakari garrantzitsua iruditzen zait. Lehen greba garrantzitsuena izan zen, ikur bat, eta langileen borroka guztiak hasi zituen.

Errusiako Iraultza ere aipagai duzue, ezta?

Harrezkero, ehun urte bete dira aurten. Baina ezin genuen historiaz hitz egin, historia bera pixka bat gaurkotu gabe, egun gatazka horiek berak gertatzen ari baitira. Beraz, nola gaurkotu gatazka horiek ez iruditzeko beti iraganera begira gaudela? Bada, duela bi aste Txinako presidentea Munduko Ekonomia Foroan egon zen: munduko sistema ekonomiko neoliberal eta kapitalista indartzera joan zen. Horren harira, hauxe esan nion Rafari: «Hona hemen hirugarren gakoa». Eta hortxe dago egunerokotasuna.

Hiru ardatz horietan dago oinarrituta erakusketaren edukia, orduan?

Bai, hori marko orokorra da, eta bestea zehatzagoa da. Bideo bat egin genuen, eta bertan Rafa Cantera Karl Marxen Kapitalaren bi orri irakurtzen azaltzen da. Nik, berriz, Libertad de elegir: hacia un nuevo liberalismo económico lana irakurtzen dut ozen. Latinoamerikako neoliberalismoaren biblia da liburu hori. AEBetako pentsalari horrengandik hartzen dituzte ideiak Latinoamerikako presidente guztiek; merkatu librearen ideiak dira, demokrazia liberaletakoak.

Hortaz, bi eredu ekonomikoak jarri dituzue aurrez aurre?

Bai. Rafak, tarte batean, langileen eta merkantziaren inguruko testu bat aipatzen du,langilea esklaboa dela dioena... Nire testuak justu kontrakoa esaten du. Bi irudi gara, orduan, kapitalaren eta aukeratzeko askatasunaren bi irudi, bi ideia horien kontrajartzea. Horrela ulertzen dugu guk gizarte garaikidea.

Horretarako, askotariko formatuetako artelanak erabili dituzue.

Soinua, irudiak, bideoak, testuak... Bideo horretan oinarrituta egituratzen da erakusketa. Guk, sinbolikoki, greban jarraitzen dugu, eta ulertzen dugu lan kolektiboaren indarrak eredua aldatzen lagun dezaketen borrokak sor ditzakeela. Hori espero dugu, behintzat.

Errealitate soziala oso garrantzitsua izaten da zure lanean?

Kezka sozialekin dute zerikusia nire erakusketek; ez dute izaera aldarrikatzailea, baina saiatzen naiz errealitate soziala testuinguruan jartzen.Lengoaia sinbolikoa da: nik zerbait gehiago transmititu nahi nuen, orduan, bideoaren formatua agertu da, espazio publikoko hitzaldiak, lengoaiaren nahasketak... Oraingo erakusketan, adibidez, soinua dago, pantaila erraldoi bateko bideoa, testuak...

Zuen lanak zertan lagundu dezake?

Garrantzitsua iruditu zaigu artetik guk ere gure ekarpentxoa egitea. Ez gara subjektu pasiboak; bakoitzak bere posiziotik zerbait ekartzen du haserrearen testuinguru horretara. Baina saiatu gara positiboak izaten ere, eta ideia berriak proposatzen.

Zergatik agertzen dira hain erreferentzia gutxi Interneten zure lanaren inguruan?

Bai, eta ex professo, gainera. Sare sozialak erabiltzen ditut, baina ez daukat webgunerik. Nik erakusketa asko ditut, baina lekuan bertan ikusteko dira. Oso garrantzitsua iruditzen zait Rafarekin egindako erakusketa han ikustea. Zuk artista baten webgunea ikusi, eta den-dena ikus dezakezu argazkietan. Baina nik espazioari garrantzi handia ematen diot beti, eta hori webean lortzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.