ATZEKOZ AURRERA. Catia Faria. Aktibista antiespezista eta feminista

«Ardura morala zor zaie izaki sentikorrei»

Gizakiak ez diren animalien bazterketa justifikaezina da, Fariaren iritziz. Gizarte justu eta berdintsuagoa lortzeko, feminismoaren eta antiespezismoaren borrokak uztartzea proposatu du ekintzaileak.
BERRIA

Gorka Berasategi Otamendi

2017ko otsailak 16
Catia Faria (Porto, Portugal, 1980) Etica Animal ?Animalia Etika? elkarteko aktibista da, eta moralaren filosofian ikerlari ere ari da, feminismoarekin eta antiespezismoarekin konprometituta. Fariak hitzaldia emango du larunbatean, Donostiako Firestone lantegi berreskuratuan (11:30), Pertsonala politikoa da: feminismoa eta antiespezismoa izenburupean, gazteleraz.

Gizarte justiziarako beharrezko jotzen dituzu feminismoa eta antiespezismoa. Zergatik?

Gizonezkoak ez diren norbanakoak desabantaila egoeran daude, baina bada egoera are okerragoan dagoen norbanako kopuru askoz ere handiagoa: gizakiak ez diren animaliena. Egoera okerragoan daudenak defendatu nahi baditugu, gizakiak ez diren animalien babesa txertatu behar dugu borrokan.

Zein antzekotasun dituzte sexismoak eta espezismoak?

Esaterako, norbanakoak objektu gisa hartzea. Oso agerikoa da emakumeen kasuan. Horrez gain, azpiratutakoen interesak zapaltzaileen interesen menpeko bihurtzen dituzte, eta horrek norbanakoen abusua errazten du. Zapalkuntza espezistaren kasuan, hilketa masiboak, heriotza mingarriak eta sufrimendu izugarria pairatzen dituzte gizaki ez diren animaliek.

Espezismoa ere maskulinitate eredu jakin batekin lotu duzu. Zein harreman dago?

Maskulinitate eredu heteropatriarkala indarkerian, ehizan eta haragiaren kontsumoan oinarritzen da, besteak beste. Gizon sentitzeko, haragia jan eta ehizatu egin behar da. Aitek semeei transmititzen dieten tradizioaren parte da, eta muinean duena min egiteko ahala da.

Izaki sentikorrenganako ardura morala dugula defendatzen duzu. Zein dira izaki sentikorrak?

Errespetatu behar ditugun norbanakoak bizitzaz goza eta sufri dezaketen izakiak dira. Izaki sentikorra da inguruan duena hautemateko gai dena eta modu negatiboan edo positiboan eragin ahal zaiona. Animalia batzuk ez dira sentikorrak; esponja, adibidez. Beste animalia batzuen kasuan ez dago argi. Beraz, kasu horietan, zuhurtzia printzipioa ezarri beharko litzateke.

Landareak taldetik kanpo daude?

Bai. Esan ohi da landareek ere izaki sentikor gisa jokatzen dutela, baina gakoa fisiologia da. Izaki batek, sufritu edo gozatu ahal izateko, beharrezkoa du nerbio sistema zentralizatua izatea. Inguruan gertatzen denari buruzko datuak bildu behar ditu, eta, ondoren, burmuinean esperientzia kontziente bihurtu. Landareek ez dute halakorik egiten eta, beraz, ez dira sentikorrak.

Zergatik lotu ardura morala sentikortasunarekin?

Gizonezkoak ez diren gizakien interesak gutxiestea ezin da justifikatu, eta berdin gertatzen da azal kolore jakin bat ez dutenen interesak kontuan ez hartzearekin ere; izaki bati kalte edo mesede berdin egin ahal zaiolako, ezaugarri horiek edozein direla ere. Era berean, gizakien eta gizaki ez diren animalien interesei balio desberdina aitortzean, azkenak baztertzen dira justifikaziorik gabe.

Antiespezismoa kritikoa da ekologiarekin. Zertan ez dator bat?

Antiespezismoarentzat ardura morala zor zaie sentikorrak diren izaki guztiei, baina ekologismoarentzat multzo ekologikoek izan behar dute ardura horren helburu: ekosistemak, espezieak edo prozesu naturalak.

Nola islatzen da kontrakotasuna?

Entitate naturalak babesteko, sufrimendu handia eragiten zaie askotan norbanakoei. Hala gertatzen da populazio kontrolerako edo espezieen babeserako neurriekin. Adibidez, kaltea eragiten da espezieak tokikoen eta inbaditzaileen artean bereiztean. Penintsulako ahate buruzuriaren kasua argigarria da. Beste ahate espezie batekin nahasten ari da, eta, horrek tokiko espeziearen berezitasuna arriskuan jartzen duenez, indarrean jarri da ahate horiek kanporatzeko kanpaina. Eragiten zaien mina ezin da justifikatu, gizakiak balira justifika ezina izango litzatekeen modu berean.

Sufrimendua ez eragitetik harago joan behar dela aipatu duzu. Nola?

Basatiak diren animaliak zoriontsu direla pentsatu ohi dugu, baina naturan ere sufritzen dute. Hondamendi naturalak pairatzen dituzte, goseteak, lehorteak, eta abar. Natura bere horretan ona dela defendatzen du ekologismoak, eta bere bidea egiten utzi behar zaiola. Gizakiekin egiten dugun bezala, animaliak ere lagundu egin behar genituzke ahal dugun guztietan. Pixkanaka, aldatzen ari da joera.

Antiespezismoak transfeminismoari irakaspena zor diola nabarmendu duzu. Zein irakaspen?

Transfeminismoak erakusten diguna da, finean, biologia ez dela erabakigarria. Norbanakoen interesei erantzuteko, garrantzirik gabekoa da itxura edo konfigurazio fisikoa, bai gizarte eskema bati ez erantzuteagatik, baita gizakia ez den espezie batekoa izateagatik ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna