ATZEKOZ AURRERA. Monserrat Arevalo. Mujeres Transformando elkarteko kidea

«Maquiletako andreak mugitzen hasi dira»

25 urtetik gora daramatza Arevalok giza eskubideen arloan lan egiten. Salvadorko maquiletan lan egiten duten emakumeei laguntzeko elkarte bateko koordinatzaile lanetan ari da gaur egun.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2017ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Giza eskubideen defentsarekin egon da betidanik lotuta Monserrat Arevaloren lana (San Salvador, Salvador, 1968). Duela hamalau urte, Mujeres Transformando elkarte feminista sortu zutenberak eta lankide batek Salvadorren. Geroztik, arropa maquiletako emakumeekin lan egin dute, haien lan baldintzak hobetzeko. Maquilak nazioarteko enpresek Latinoamerikako herrialde batzuetan dituzten arropa lantegiak dira; halakoetan lan egiten dutenen %90 emakumeak dira, eta oso baldintza kaskarretan aritzen dira, Arevalok salatu duenez. Euskal Herrian izan da egunotan Arevalo, hitzaldiak ematen.

Nola gogoratzen duzu elkartearen sorrera?

1990eko hamarkadan izan zen. Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren aholkuz, eskuineko gobernuek neurri guztiak ezarri zituzten, eta zerbitzuak pribatizatu zituzten. Gainera, horren barnean atzerriko inbertsio zuzena sustatu zuten, maquilen bidez. Lan dinamika bortitzak ezarri zituzten: zigor fisikoak, tratu txarrak... Orain esklabotza da oraindik ere, baina, behintzat, ez dago zigor fisikorik.

Salvadorren ez zen antzeko elkarte askorik egongo aurretik. Ez zen erraza izango sortzea, ezta?

Horregatik sortu genuen, ez zegoelako esperientzia positibo handirik langileen antolakuntzari dagokionez. Hasieran, oso zaila izan zen: konfiantza falta handia zegoen; emakume langileek ez gintuzten ezagutzen; guk ez genuen sekula maquiletan lan egin... Beldur ziren; horregatik, hasieran bost-hamar emakumerekin baino ez genuen hitz egiten.

Nolalortu zenuten haiengana iristea?

Bertako komunitateetako buruekin hitz eginda. Maquiletako langile ugari zegoen tokietara gerturatu ginen, antolatzen hasteko. Baliabiderik ez genuen, baina apustu politiko interesgarri bat genuela sinesten genuen.

Zein beste irtenbide dute bertako emakumeek lan egiteko?

Salvadorren oso lan aukera gutxi daude emakumeentzat. 1990etik hona, maquila lan aukera urrietako bat da emakumeentzat. Kualifikazio apaleko pertsonak eskatzen dituzte, eta emakumeentzat aukera bakanetakoa da, badakitelako ez dutela behar unibertsitate titulurik; ez dute behar esperientziarik. Gainera, modu bakarra da gizarte asegurua, pentsioetarako funtsak eta legezko laguntza guztiak edukitzeko; teorian, behintzat.

Dena den, urte gutxiko lana da haientzat, ezta?

Maquilen sektoreak 18 eta 35 urte bitarteko emakumeak biltzen ditu. 35 urte dituztenerako bota egiten dituzte, arduradunek uste dutelako emakume horiek ez direla jada errentagarriak, ez direla gai lanegun nekagarriak jasateko.

Zenbat orduko lanaldiak izaten dituzte?

Teorian, zortzi ordu dira, baina ordu estrak egiten dituzte, nahitaezkoak, eta, ez badira heltzen agindutako ekoizpenera, bukatu arte geratzen dira. Beraz, hamabi orduko lanegunak ere izan daitezke.

Zenbat jantzi egin behar dituzte egunean, normalean?

Ez da beti kopuru bera, baina 1.500 jantzi egin behar izaten dituzten emakumeen kasuak ezagutu ditugu. Horrek esan nahi du bost minutuan behin jantzi bat egin behar dutela.

Goi-goian enpresa multinazionalak daude, baina nola dago antolatuta sistema osoa Salvadorren? Filialak dituzte?

Enpresa azpikontratatuak dira. Multinazionalek, Salvadorrera joan, eta bertako lantegiak azpikontratatzen dituzte, arropa fabrikek ekoizpena egiteko. Beraz, kateko lehen maila marka transnazionalak dira; ondoren, ekoizpenaren katea deseginez joaten da, eta mailarik ahulena emakumeak dira, beti bezala.

Sindikatuen laguntzarik ez al dute jasotzen?

Egoera zaila da. Erabat kriminalizatuta dago sindikalismoa; zerbait antolatuz gero, parte hartzen duten langileak bota egiten dituzte automatikoki, enpresak jakiten badu. Maquiletan oso sindikatu gutxi daude; emakumeak beldur dira. 70.000 emakume daude maquiletan lanean, eta horietatik 5.000 inguru daude sindikatuetan.

Zuen lanak haien bizitzan aldaketak eragin dituela uste duzu?

Bai. Ahalegin handia egiten dugu maquiletako emakumeak beren egoeraz jabetu daitezen: sistema patriarkal batek diskriminatu egiten dituela, baina baita langile klasea direla ere. Hori ulertzeko prozesua egin behar dute. Baina, bai, maquiletako andreak mugitzen hasi dira, eta inguruan ikusten dutena identifikatzen dute: «Hauek kapitalistak dira, eta gu, emakumeak...». Gauza asko egiten hasi dira: legeak erreformatzeko proposamenak, hitzarmenak berresteko egitasmoak, salaketak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.