Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Bizigiro Zu futbolera, ni bertso saiora

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA

Zu futbolera, ni bertso saiora

Realak eta Athleticek partida jokatuko dute bihar, eta, horren harira, bederatzigarren Bertso Derbia egin zuten atzo Donostian, hiruna bertsolarik talde bakoitza ordezkatzen.
Arrate Illaro, Athletic defendatzen, atzo Donostiako Antzoki Zaharrean eginiko Bertso Derbian.
Arrate Illaro, Athletic defendatzen, atzo Donostiako Antzoki Zaharrean eginiko Bertso Derbian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2017-03-11 / Edu Lartzanguren

Zer, futbolera joango gara, ezta?», galdetu batek. «Ezta pentsatu ere, bertso saioa dago», erantzun besteak. Oraingoan ez da halako eztabaidarik egon Leire Laparra eta Beñat Imazen artean. Gizona futbolzalea da, baina emakumea bertsozalea. Baina gaurkoan, bien zaletasunak batzeko aukera izan dute. IX. Bertso Derbia ekitaldira joan dira biak.

Realak eta Athleticek derbia jokatuko dute bihar Anoetan (Donostia). Aukeraz baliatzen dira halakoetan bertso saio futbolzale bat antolatzeko. Lehen mailako bertsolariak jarri dituzte, futboleko aulkietan eserita, talde bakoitza ordezkatzen. Realaren taldean, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Maddalen Arzallus aukeratu dituzte. Eta Athleticen selekzioan, Igor Elortza, Arrate Illaro eta Jon Maia.

Eta beste euskal taldeen derbiak? Oraingoz, Reala eta Athleticen arteko partidaren harira antolatzen dute bertso saio berezia. Sabina Hourcade ikuslea pozik joango zen Athtletic Osasunaren arteko partida baten harira antolaturiko bertso saio batera ere, baina donostiarren eta bilbotarren artekoak morbo berezia duela esan du: «Pike handiagoa dago», esan du. Gorka Hoyosekin dago. Bertsozaleak dira biak, futbolzale baino gehiago: «Publiko atipikoa gara», adierazi du Hoyosek. Ez dira igandean partidara joango, noski.

Mikel Labaka Realeko jokalari ohia da, eta azken boladan talde teknikoan dabil. Ekitaldia aurkeztera atera da Antzoki Zaharreko oholtzara. Gai-jartzaile lanetan arituko da partidak iraun bitartean.

Mihia edo hanka

Egañak argi utzi nahi izan du, hasiera-hasieratik, mihiak hankak baino indartsuagoa beharko lukeela: «Haur asko dabil futbolari izan gosez/ nire ustean bertsolaritzan hobe lukete askoxez». Eta argudio eztabaidaezina eman du bertso saioen alde: futbol partidak txistu soinuz amaitzen dira, bertsolarienak txalo hotsez.

«Futbola gogorra eta bertsoa zaila/ ea ematen dugun misterraren maila», esan dio Amets Arzallusek Labakari.

Maddalen Arzallusek erronka bota die futbolariei, eta ziria bilbotarrei: «Championsa hortxe daukagu kolokan/ beste batzuk ez daude kategori hortan».

Illarok kiroltasuna eskatu du, saioa izan dadin «lagun artekoa». Entzuleek, lehen aldiz partida hasi denetik, kantuz hartu dute azken bertsoa.

Maia Athleticzalea kexatu egin da jarraian, epailea etxekoa zutelako realzaleek. Igor Elortza, ondoren, kiroltasunak lehia kentzen ez duela nabarmendu du: «Bi ekipo baina bi ekipo anai (...)/ joko polita egin nahi dugu/ baina besteek baino politagoa ere bai».

Egaña eta Maia, biak ahala biak, hondartzako futbolean jokatu ziren txikitan, Labakak gogoratu duenez. Bakoitzak garai hura gogoratu dute. Maia zumaiarrak baloia hartu du, baina Egaña zarauztarrak sarrera gogorra egin dio: «Zumaian futbola, zer ari zara arraio?», bota dio. Zarauzkoarekin konparatuta Zumaiakoa (Gipuzkoa) txikia dela. «Horri futbol sala deitzen zaio». Labakak ez dio txartelik atera.

Beroketak egin ondoren, zelaira atera dira Amets Arzallus eta Illaro. Labakak lana jarri die: «Elkarrizketa eskatu dizue euskal hedabide publiko batek, eta, gero, gazteleraz ere egiteko eskatu dizue». Ikusleen haserrea nabari da Antzoki Zaharreko harmailetan, baina jokalariek odol hotzez erantzun dute.

Arzallusek: «EITB noizbait berri izan zen, urte joanekin zahartu/ baina ez dakit mejoratu den, edo inertziz baldartu/ Nik euskaraz nahi nuke zuek neure arrastoan sartu/ EITB ez al zen euskara normalizatzeko sortu?». Gola eskuadratik.

Illarok protesta kazetariari: «Guk jokatzen dugu tade bakarraren alde». Azpidatziak zeozertarako direla aurpegiratu dio, eta euskaraz erantzutearen garrantzia argudiatu dio: «Euskal Herriko gazte askoren erreferentea gara».

Realan eta Athleticen jokatu behar dute Arzallusek eta Illarok, baina, Bartzelona dute amets. «Honetan has gaitzen Bartzelona imitatzen», bota du Hendaiako aurrelariak. Illarok: «Bartzelona da hizkuntza gaietan eta futbolean eredu/ eta horregatik imitatzeko animoz gaude gu (...)/ partida doble irabaz dezakegu».

Orioko haur talde bat zelairatu du orduan Labakak: Amaiur Sukia, Oihana Mujika, Julen Agirresarobe eta Unax Uranga bertsolariei puntua jartzen hasi dira: nola ez, Athleticekoak zirikatu ditu lehen haurrak: «Inor ez da perfektua», erantzun dio Maiak. «Pique ematen duzu altura horrekin», bota dio bigarrenak: «Baloiarekin dantza egin dut, baina ez Shakirarekin», erantzun Maiak.

Zurutuza jokalarien plantarekin parekatu du haur batek Amets Arzallusena. Eta, orduan, partidako jokaldirik distiratsuena egin du hendaiarrak, errimatuz «bankilloa» eta bere kopetaren «brilloa».

Publizitatea

Sortu kontua
Edu Lartzanguren Edu Lartzanguren

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak