ATZEKOZ AURRERA. Xabier Irujo. Historialaria eta irakaslea

«Zaila da egia azalera ateratzea, 40 urteko gezur baten ondoren»

Gernikako bonbardaketaren hurrengo goizean bertan hasi zen gertatutakoaren inguruko 80 urteko gezurra, Irujoren arabera. Egia argitzen lagundu nahi du kaleratu berri duen 'Gernika' liburuak.
BERRIA

Julen Aperribai -

2017ko martxoak 28
Gernikako bonbardaketaren inguruan idatzi duen hirugarren liburua du Gernika, eta gaiak beste hamaika idazteko mamia ere baduela uste du Xabier Irujok (Caracas, Venezuela, 1967). Filologia, Historia eta Filosofia ikasketak eginak ditu, eta, Historian eta Filosofian, doktoretza tesi bana du. Genozidioen inguruko ikerketen irakasle da egun, Nevadako Unibertsitatean (AEB).

Zer ezkutatu da Gernikako bonbardaketaren kontakizunean?

Gauza asko kontatu dira, baina oker: hildako jende kopurua, bonbardaketan zenbat hegazkinek parte hartu zuten, zenbat bonba bota zituzten...

Nondik dator gezurra?

Bonbardaketa gertatu eta hurrengo goizean, Francok guztia gezurtatu zuen, esanez ez Gernika ez beste herririk ez zela bonbardatu, eta hori izan zen erregimenaren bertsio ofiziala 40 urtez. 1975etik aurrera, bertsio horri eustea ezinezkoa egin zen, eta bide eman zion korronte historiografiko erredukzionista bati. Erredukzionismo horrek datu guztiak minimizatu egin zituen. Datu odoltsuenari dagokionez, adibidez, eskura ditugun dokumentuen arabera, gutxienez 2.000 pertsona hil ziren; bada, Wikipedian edo beste edonon, 126 eta 300 hildakoren artean izan zirela dio.

Halako gezurrek nola iraun dute 80 urtez?

Hasteko, 40 urtez ezin zen gai honetaz idatzi, atzerritik ez bazen. Franco hil osteko zenbait liburu eta dokumentu frankistek edo sasifrankistek idatzi zituzten, Ricardo de la Ciervak eta Jesus Maria Salasek, esaterako. Jesus Maria Salas Angel Salasen anaia zen, hain zuzen ere, Otxandioko [Bizkaia] bonbardaketan parte hartu zutenetako batena. Kasu horretan, garbi ikusten da anaia babesten ari zela, eta, gainera, frankista zenez, gertakizuna ezeztatzen. Vicente Talonen kasua zailagoa da ulertzen, ezkertiarra baitzen. Ez da erraza gezurrari eustearen atzean izan diren arrazoi desberdinak zein diren jakitea. Dena den, zaila da egia azalera ateratzea, 40 urteko gezur baten ondoren.

Nolako parte hartzea izan zuen frankismoak?

Francoren agindupean egin zen bonbardaketa. Gainera, orain arte esan izan da hegazkin espainiarrek ez zutela parte hartu, eta hori ez da egia. Bonbardatzen ez ziren aritu, daukagun informazioaren arabera, baina bai argazkiak ateratzen eta informazioa pasatzen. Nire susmoa da, hala ere, bonbardaketan ere parte hartu zutela, baina, oraingoz, susmoa besterik ez da. Zaila da horrelakoak argitzea, dokumentuen purga ikaragarria izan baitzen, eta herrietako erregistroak ere ezabatu baitzituzten.

II. Mundu Gerraren aurretiko esperimentu bat izan al zen Gernikako bonbardaketa?

Inplikaturiko hiru aldeek helburu desberdinak zituzten. Alemaniarrek, besteak beste, hurrengo gerrarako esperimentatu nahi zuten. Bonbardaketak oso patroi berritzaileari jarraitu zion, ordura arte erabili gabekoa, eta, gerora, Varsovian, Rotterdamen [Herbehereak] eta Stalingradon [SESB] erabiliko zutena. Horrez gain, [Hermann] Goeringek gerra erabili zuen, oro har, eta Gernikako bonbardaketa, partikularki, Hitlerri erakusteko hura zela Reicheko pertsonarik boteretsuena.

Kontakizuna aldatzeko balioko du zure liburuak?

Nire asmoa da egia jakitea eta zer gertatu zen azaltzea. Biktimen aldeko oroigarri gisa ere balio izatea nahi nuke. Pertsona horiek hil ziren, eta ezin ditugu historiatik desagerrarazi. Kasu zehatz bat, Andra Mari babeslekukoa, oso mingarria da; 450-500 pertsona inguru hil ziren han, eta bertsio ofizialak oraindik ere esaten du 45 pertsona inguru izan zirela hildakoak. Gezurra gezurrarekin estaltzen da, eta hala gertatu zen Gernikaren kasuan.

Mitoak eraisteaz gain, liburuak funtzio terapeutikoa izatea nahi zenuke. 80 urte ez al dira gehitxo zauriak ixteko?

Askoz gehiago kostatuko zaigu honi buelta ematea. Oraindik asko dago ikertzeko, eta asko idazteko. Urte asko pasatuko dira honi buelta ematea lortzen dugun arte, baina gure herriari zer gertatu zaion jakin behar dugu. Gezurrak ez ditu gauzak estaltzen, normalean egia beti ateratzen da.

Luzea izan al da liburua idatzi aurreko dokumentazio lana?

Milaka eta milaka artxibo dokumentu kontsultatu ditut, baita tartean artxibo partikularretakoak ere; nire familiakoa, esaterako. Horretaz gain, dokumentazio pila bat dago munduko hainbat artxibotan: Italian, Alemanian, Erresuma Batuan, Uruguain, Venezuelan, Argentinan, AEBetan... 35-40 artxibo inguru bisitatu ditut. Bestalde, hura bizi izan zutenen testigantzak jaso ditut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna