ATZEKOZ AURRERA. Sito Veracruz. Hirigintza aholkularia

«Argi izan behar da etxearekiko eskubidea ez dela mugarik gabea»

Debekatu ordez, etxearen edo logelen alokairua egoki arau dadin nahi du Veracruzek, eta beharrezkotzat du «mentalitate aldaketa bat». Lanean ari da Fairbnb plataforma kooperatiboa sortzeko.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2017ko apirilaren 11
00:00
Entzun
«Erraldoiak» diren gauzen kontra ari da borrokan Sito Veracruz (Crevillent, Herrialde Katalanak, 1985). Beste hainbat kiderekin batera, logelak edo etxeak alokatzeko Airbnb plataforma «opakoaren» alternatiba sortzeko bidean da: Fairbnb. Prest dute manifestua, webgunea ere bai —Fairbnb.coop—, eta aliantzak egiten dabiltza interesatuta dauden hiriekin. Uda ondorenerako nahiko lukete martxan. Joan den astean, gaiaren inguruko tailer bat eman zuen Veracruzek, Donostian, Tabakalerako Hirikilabs gunean.

Donostia: 1.400 eskaintza Airbnb atarian, gehienak Parte Zaharrean, erdialdean eta Gros auzoan.Nola ikusi duzu hiria?

Zer da kaltegarriagoa, turista denak erdigunean egotea eta auzo bat txikitzea, edo sakabanatuta egotea eta hainbat auzori eragitea? Oreka bat egon behar da: parke tematiko bihurtu diren inguruak berreskuratzen saiatu behar da, eta prezioak igotzen ari diren auzoetan, gentrifikazioa dagoenetan, ahalegindu egoera ez dadila bere onetik atera.

Ohiko alokairuak %17 igo ziren, iaz, hirian. Harremanik ba ote du?

Airbnb-k ez du zuzenean daturik ematen, baina konpara baditzakegu guk Airbnb-tik ateratzen ditugun datuak alokairuen prezioekin, interesgarria litzateke hemendik urte batzuetara ikustea eraginik izan ote zuen prezioen igoeran.

Airbnb efektua datutan aztertu duzue tailerrean. Baina jendeak zer dio egunero ikusten duenaz?

Asko haserre daude, baina beste askok ondo ikusten du. Atentzioa eman dit eskubide gisa hartzen dutela: beren etxearekin nahi dutena egin dezaketela. Noski, baina etxean ezin duzu jatetxe bat jarri, eta hori ez diozu zure askatasun faltari egozten. Argi izan behar da etxearekiko eskubidea ez dela mugarik gabea.

Aktibitatea behar bezala arau dadin nahi duzue, ez debekatu.

Zure etxea Airbnb-n baldin badago, baldintza batzuk bete behar dituzu; guztientzat berdinak dira, eta ez du zentzurik. Ez lituzkete zerga berdinak ordaindu beharko etxea alokatzen jarri berri duen norbaitek eta enpresa batek; enpresak altan emanda egon beharko luke, eta dagozkion zergak ordaindu.

Nola aurre egin dakioke hain zabalduta dagoen sistema bati?

Uste dut mentalitate aldaketa bat beharko dela, ez bakarrik zer egin dezakezun zure etxearekin, baizik eta zuk zure etxearengan duzun kontrolarengan. Ohituta geunden hemen etxe bat alokatzera eta askotan kontraturik ere ez egitera. Denek paso egiten genuen. Baina orain apartamentu turistikoen kontuarekin, iritsiko da momentu bat behatzaile bat etorriko dena etxera, kontratua eskatzera.

Demagun Airbnb-ko ohiko erabiltzaile bat duzula aurrean. Emaiozu arrazoi bat Fairbnb hautatzeko.

Airbnb-ren webgune bat bezala izango da, baina, erabiltzaile guztiena izateaz gain, atal bat egongo da erabiltzaileek euren artean eztabaidatzeko; bizilagunek, negozioen jabeek eta udaleko ordezkariek aukera izango dute araudiaren inguruko eztabaidak-eta sortzeko. Gainera, transakzio bat egiten den bakoitzean, diruaren zati bat plataforman geratzea nahi dugu, gizarte proiektuetan inbertitzeko; etengabeko finantzaketa kolektibo moduko bat izango da.

Zer fasetan daukazue proiektua?

Komunitatea sortzen ari gara, eta finantzaketa bila. Plataforma kooperatibo bat izango gara, baina ulertzen dugu zerbitzu publiko bat egiten dugula, eta merezi dugula diru laguntzak izatea. Oraingoz, Amsterdam, Bartzelona eta Bolognarekin [Italia] gaude harremanetan.

Zerk erakarri ditu?

Bartzelonan, oso interesatuta daude datuen burujabetzarekin. Nahi dute plataforma informatikoak erabiltzaileen propietate izatea: datu gehiago, botere gehiago. Bolognan, kooperatibaren kontuarekin oso interesatuta daude; Amsterdamen, berriz, turistak erdigunetik kanpo bidaltzea interesatzen zaie.

Abantailarik izango dute etxea alokatzen jarri nahi dutenek?

Nahi badugu jabeek euren etxeak gure plataforman jartzea udalaren kooperazioa beharko dugu, nolabait jabe horiek saritzeko. Udalak sariak eman ditzala, eta izena eman nahi duen jendeari bidea erraztu. Hori da asmoa Amsterdamen; beste batzuetan, agian bidea izan daiteke ondo egiten ez duenari isunak jartzea. Urgentziagatik. Begira Bartzelona: auzo gotikoan turistentzako etxe gehiago daude egoiliarrentzako baino. Sekulakoa da hori.

Isunak, debekuak eta mugak jarri dituzte hainbat hirik. Balio al dute?

Gaur-gaurkoz, oso-oso zaila da hau dena arautzea. New Yorken, Berlinen, San Frantziskon eta Amsterdamen mugak jarri dituzte; Venezian, berriz, ez dago ia mugarik, eta gaizki zainduta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.