ATZEKOZ AURRERA. David Martin. Historialaria

«Euskal gizartearen parte dira ijitoak, beste edozein bezainbeste»

Ijito herriaren gaineko mitoak eraitsi, eta Euskal Herrian bost mendeko sustraiak dituen komunitatea dela erakutsi nahi izan du Martinek 'El pueblo gitano en Euskal Herria' liburuan.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2017ko apirilak 18

Ijitoen inguruan mendez mende zabaldu diren mitoak deseraiki nahi ditu David Martinek (Errenteria, Gipuzkoa, 1980) El pueblo gitano en Euskal Herria (Ijito herria Euskal Herrian) liburuarekin; batez ere, ijito herria Euskal Herrian eta hemengo kulturan ondo errotuta dagoela agerian utziz. Lehen liburua du Martinek, baina aurrez ere asko aritu da gaiaren inguruan; besteak beste, bere doktore tesian.

Noiz iritsi ziren lehen ijitoak Euskal Herrira?

Euskal Herrian aurkitutako lehen datua 1435ekoa da, eta Nafarroan aurkitu zuten. Horrek ez du esan nahi data zehatz horretan izan zenik, baina erakusten du ordurako hemen zeudela.

Nolako harrera izan zuten garai hartan?

Erromesaldian zetozela esaten zuten, kristautasuna berreskuratzeko asmoz. Alibi moduko bat zen, arazorik gabe bidaiatu ahal izateko. Urteak pasatu ahala, orduko justizia eta inguruko erregeak ohartu ziren ez zela benetan erromesaldi bat, baizik eta hemen geratzeko zetozela. Horrelako planteamendu bat sistematik kanpo geratzen zen, eta, horregatik, aurre egin beharreko zerbait bihurtu zen. Ordura arte, harrera ona izan zen, baina, ordutik aurrera, txarra; bereziki, Euskal Herrian.

Zergatik Euskal Herrian?

Hego Euskal Herrian, foru legeen eraginez, debekatuta zegoen ijitoak egotea. Horrek ez du esan nahi ez zirenik. Historialari askok ukatu dute mendeetan ijitoak Euskal Herrian zirela, legez ezin zirelako egon. Hala ere, artxiboen bidez eta genealogiak aztertuta, jakin da XV. mendetik gaurdaino egon direla hemen.

Hain zuzen ere, liburuan azpimarratu nahi izan duzun zerbait da ijitoak ez direla nomadak.

Euskal gizartearen parte dira ijitoak, beste edozein bezainbeste. Atzerritar moduan hartuak izan dira askotan, baina oso errotuta daude hemen. Iparraldean asimilazio handiagoa izan zen, eta tokiko tradizioetan ere presentzia handiagoa dute.

Kapitulu oso bat eskaini diezu Ziburuko eta Donibane Lohizuneko (Lapurdi) kaskarotei. Zergatik?

Kaskarotak, bere garaian, marjinalak ziren. Ijitoak ziren, hein handi batean, baina agotak; Espainiatik alde egindako moriskoak eta judu gutxi batzuk ere baziren. Hala ere, gaur egun kaskarotei buruz hitz egiten denean, ijito jatorria zutela ahazten da, askotan. Buhameez hitz egiten da, baina, azken batean, familia bera dira: Etxeberria, Iturbide, Berrio, Valdes, Etxepare, Urrutia... Mugaren alde honetan ijitotzat hartzen zituzten.

Noiz hasi zen ijitoen eta euskaldunen arteko mestizajea?

Asimilazio prozesua pixkanaka gertatu zen. Iparraldean, XIX. mendetik aurrera, ijitoen aurkako errepresioa asko gogortu zen, eta, momentu horretatik aurrera, ijitoa izatea zerbait negatibo bihurtu zen. Inor ohartu gabe pasatzeko, ijito izaera ez zuten hain agerian uzten, eta bertakoekin gehiago nahasten hasi ziren. Asimilazio hori handiagoa izan zen Iparraldean, Hegoaldean baino. Hegoaldean, migrazio fluxuaren eraginez, ijito-euskaldunek bat egin zuten Espainiako gainerako lekuetatik zetozen ijitoekin, eta euren ijito izaera indartu egin zen.

1936ko gerra izan zen zure ikerketaren abiapuntua. Zer-nolako parte hartzea izan zuten ijitoek gerran?

Modu indibidual batean hartu zuten parte; norberaren egoeraren arabera, alde baten edo bestearen alde agertu ziren. Hain da herri heterogeneoa, denetarik egon zen. Izan ziren kolpisten alde fusilak hartu zituztenak, Nafarroako Erriberan, karlistekin. Beste batzuk, Donostian adibidez, anarkistekin borrokatu ziren. Nik erakutsi nahi izan dut ijito herria hemen izan zela 1936ko gerran, eta gizarte osoak bezala sufritu zuela.

Historikoki jazarria izateak nola eragin dio ijito herriaren identitateari?

Garrantzitsuena hizkuntzaren galera da. Europako beste lekuetan ijitoak elkarrekin komunika daitezke gutxi gorabehera. Iberiar penintsulan eta Frantzia hegoaldean, berriz, ez dute romaniz hitz egiten. Horrez gain, Euskal Herriko adierazpen tradizionaletan ijito herriak eragina izan du, batez ere, Iparraldean; eta hori ahaztu egiten da, sarritan. Andaluzian modu irekian onartzen dute tokiko kulturaren parte direla ijitoak; hemen, berriz, beti estigmatizatu izan dira gehiago.

Gaur egun ere bai?

Nik analisi historiko bat egin nezake, baina hori ijitoei eurei galdetu behar zenieke. Nik dakitenarengatik, oraindik oztopo askoren aurrean ikusten dute beren burua. Nire pertzepzioa da ijito herriarenganako errezeloa ez dela gainditu.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Ramontxu Berri tabernan egondako 683 laguni egin ziete proba, atzo ©Gorka Rubio / Foku

Hego Euskal Herrian, 492 positibo

Berria

Pertsona bat hil da Nafarroan, uztailaren 15etik lehena. Uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Galdakaoko Muguru tabernan izan ziren 420 laguni PCR proba egingo diete, eta Donostian PCR-ak egiten jarraituko dute Ramontxu Berriko bezeroei.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Julen Aperribai

Informazio osagarria