ATZEKOZ AURRERA. Mireia Alonso. Sukaldaria

«Medikazioari aurre egiteko, garrantzitsua da ondo jatea»

Kimioterapia jasotzen dabiltzan pertsonentzako sukaldaritza tailer bat eskaini du Alonsok. Kimioak gosean eragiten du, eta hutsune hori gainditzeko zer prestatu irakatsi die gaixoei.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2017ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Beherakoa, botagura, jateko gogo falta, eta abar. Asko dira kimioterapiak erietan dauzkan eraginak. Elikadura garrantzitsua da, ordea, eta, jateko gogoa pizteko, sukaldaritza tailerra eskaini du Mireia Alonsosukaldariak (Eibar, Gipuzkoa, 1965). Minbiziaren Aurkako Elkarteak antolatu du tailerra. Izan ere, errezeta liburua argitaratu du elkarteak. Handik hartu dituzte tailerrean landu dituzten errezetak: gazta freskoarekin betetako marrubia, kalabaza purea, kinoa barazkiekin, indioilarrarekin egindako woka eta fruta irabiakia.

Hainbat modutara eragiten du terapiak jateko gogoan. Irakatsi dituzuen errezetekin egoera hobetu daiteke?

Ospitaleetan, oilasko egosia eta lau barazki izoztu eskaintzen dizkizute. Hori ez du inork jan nahi. Nazkagarria da. Guztiok ikusi dugu nolako aurpegia jartzen duten eriek. Arroza oilaskoarekin eta curryarekin eskainiz gero, jateko gogoa sortu diezaiokezu eriari.

Jatea al da garrantzitsuena momentu horietan?

Indarra galtzen ari dira, eta indarra berreskuratu behar dute. Elikatzea da oinarririk garrantzitsuena. Gaixotasunari aurre egiteko, medikazioa hartu behar dute. Medikazioari aurre egiteko, garrantzitsua da ondo jatea.

Orduan, jateko gogorik eza gainditzeko errezeta goxo edo interesgarriak erabiltzea da gakoa?

Bai, eta etxeko jana eramatea. Ikastaroan landu duguna termoetan eraman daiteke.

Komenigarri al da jaki motaren bat edo osagairen bat tratamendua jasotzen dabiltzanendako?

Batzuetan, tratamendua jaso ostean, zerbait freskoa behar dute, zerbait freskoa baina bizi pixka batekin. Bestalde, ematen den aholkuetako bat anoa txikiak izatea da. Eriek gehiago eska dezatela lortu nahi da. Gutxi eman behar zaie. Ezin dituzu janaria ikusita ase.

Ba al dago jan behar ez luketen osagairik?

Guk ez ditugu erabiltzen piperrak, tomateak eta jaki gorriak, azidoagoak direlako. Azidoak kendu ditugu eriek diotelako botaka egiteko gogoa izaten dutela. Hori bai, eri batek badio tomate entsalada bat jan nahi duela, akaso jan dezake.

Beraz, eriak badauka askatasuna zer jan erabakitzeko?

Momentu horietan garrantzitsuena jatea da. Jateko ilargia eskatzen badizu eriak, ilargiaren bila joango zara. Nahiz eta ilargiaren bi koilarakada jango dituen segur aski.

Tailerrean, zein osagai erabili dituzue?

Ahalegina egin dugu etxe guztietan dauden osagaiekin kozinatzeko. Zaintzaileak ere lanpetuta ibiltzen dira: ospitalera joan, handik etorri. Haien eguna erraztu nahi izan dugu.

Nolabait zaintzaileak kontuan hartuta aukeratu dituzue errezetak?

Zaintzaileak oso garrantzitsuak dira. Kozinatu dugun guztia pentsatuta dago zaintzaileek eta eriek jan dezaten.

Nolatan espezializatu zarete sukaldaritza berezi horretan?

Beti saiatu gara zero kilometro filosofiari jarraitzen. Beti saiatu gara ohiko sukaldaritza egiten. Asko zaindu ditugu osagaien kalitatea eta elikadura ona. Orduan, guk berez ez dugu eriendako sukaldaritza berezia egiten. Gurea ia prebentzioa da: sano kozinatzeko modu bat aurkitu nahi dugu.

Zero kilometro filosofia hori aplikatzen duzue kasu honetan?

Hori da. Gertuko jakiak erabiltzen saiatzen gara, baita sasoikoak ere. Gainera, sasoiko elikagaiak izaten dira merkeenak. Horrez gain, garrantzitsua da gehigarririk gabeko janaria jatea. Produktu bat zenbat eta lehenago usteldu, orduan eta osasuntsuagoa da, ez daukalako kontserbanterik.

Tailerra baliagarri izan al zaie esperientziak elkarri kontatzeko edo egoera arintzeko?

Hainbat egoera zituzten parte hartzaileek: batzuk kimioterapia hasteko zeuden, beste batzuk jada tratamendua jasotzen. Zoragarria izan da hartu-emana. Esaterako, emakume batek esan zuen bere senarrari minbizia aurkitu berri ziotela, larri zeudela. Beste emakume batek erantzun zion berak bi minbizi pasatuta zeuzkala, eta lasai egoteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.