ATZEKOZ AURRERA

Barraskiloen tripak arakatzen

Caravantur karabana azokan askotariko ibilgailuak aurki daitezke, Irungo Ficoba gunean. Erosteko ala alokatzeko, sukaldedunak edo gabeak, ohe bikoitzekoak... Zabala da eskaintza.

Karabanak, kanperrak eta furgonetak erosi eta aloka daitezke Caravantur azokan, Irungo Ficoban. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Irun
2017ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Geldirik daude ilaran, eta, oraingoz, ez daukate aurrera egiteko agindurik. Barraskiloen tankeran, etxea gainean daramate: batzuek goialdean dute oskola; beste batzuk, berriz, aldamenerantz zabaldu dira, kanpora atera baitute barruan zuten guztia. Karabana, kanper eta furgoneta eskaintza zabala dago, atzotik bihar arte, Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokan, Caravantur azokan. Etxeetako ateak zabalik dituzte edonorentzat, mugiaraziko dituzten gidarien zain.

Gidatutako bisita dioen afixa du atarian karabanetako batek. Bisitarik eskatu gabe, ordea, barruraino sartu dira Itziar Jimenez eta Ander Aldabe. Oporretan AEBetara joan ziren iaz, kuadrillan, eta han izan zuten lehen esperientzia karabanarekin. «Lehen aldia izateko, oso erosoa izan zen; han errepide luzeak ziren asko, eta erraz moldatu ginen», dio Jimenezek. Erosi aurretik, baina, alokatzea gustatuko litzaieke, proba modura. Zubeldia Rent enpresaren ibilgailu bat ari dira begiratzen, eta, konpainiako Constantino Zubeldiak ziurtatu bezala, erosi baino lehen probatu egiten dute bezero ugarik. Alokatzeko eta saltzeko ibilgailuak ekarri dituzte, berriak eta erabiliak. Zubeldiak dioenez, alokatzearen alde egiten dute askok, «berria erostea 50.000 euro ere bada eta».

Azken belaunaldiko karabanak ere badira. Edizio mugatua daraman Itineo Fiat baten inguruko azalpenak ematen ari zaizkio bikote bati: «Honen berezitasun nagusia egongela da; sukaldearen L itxurari esker, sekulakoa geratzen da», dio saltzaileak. Irungo Caravanas Evasion enpresako YpoCamp taldeak jarri du erakusgai. Alberto Elizalde kontseilari komertzialaren arabera, daukatenaren aukeraketa bat besterik ez dute ekarri, baina batik bat integralen alde egin dute, «merkatua horretara jotzen du eta». Elizalderen arabera, erosterakoan garrantzi handia dauka bidaiatzeko moduak, baita prezioak eta pertsona kopuruak ere: «Bi pertsonako familiak daude, seikoak, guraso bakarrekoak... Era berean, kontuan hartu behar da bospasei egun toki berean pasatuko dituzun, edo bi egunez behin tokiz aldatuko zaren».

Aldameneko erakusgelan sabakanatuago daude ibilgailuak, espazioa handiagoa baita. Furgoneta mordoa dago; tartean, Easo Motor kontzesionarioak ekarritakoak. Salmenta arloko Iñaki Vallejok azaldu duenez, askotariko modeloak dituzte, baina bezeroek «ez dute katramila handirik nahi», zerbait sinplea baizik: «Furgonetak ohe bat izatearekin nahikoa izaten dute askok».

Oporretarako egokia

Furgonetan etorri dira azokara Aritz Arratibel eta Naiara Lopez. Duela hamar bat urte erosi zuten, eta uste dute badela aldatzeko garaia. Asteburuetan, zubietan eta oporretan furgonetan joateko ohitura dute, kanpinetara normalean, eta, beraz, «dezenteko erabilera» eman diote dagoeneko. «Uda honetarako igual ez, baina hurrengorako ea aldatzen dugun», dio Lopezek. Arratibelek gehitu duenez, horrelako azoka batek aukera ematen die eskaintza ezberdinak batera ikusteko, eta konparatzeko.

Konparaziotan dabiltza Jose Ramon Mateos eta Andoni Dieguez. Prezioak alderatzen. 3.200 euroko deskontua iragartzen duen kartel batean aurrean daude, hain justu. Printzipioz, ez daukate ezer erosteko asmorik, baina gustuko dute batzuen eta besteen barrualdeak ikertzea. Parean daukan karabana seinalatuz,ia-ia bere etxeak bezain beste gailu dituela dio Dieguezek. «Nik bizikleta ganbaran dut, eta hemen, gainera, eskailerak igo beharrik ez!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.