ATZEKOZ AURRERA

Altzoan dute 'haundie'

Altzoko Handiaren bizitzako pasarteak ezagut daitezke haren jaioterrian, lau panelek osatzen duten ibilbide baten bidez. Altzora jende ugari erakarri du hari buruz egitekoak diren filmak.

Koldo Izagirrek eta Juanba Berasategik eginiko paneletako bat. JON URBE / ARP.
Maite Alustiza.
Altzo
2017ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Munduan Eleizegi Erraldoia, Euskal Herrian Altzoko Handia, eta Altzon [Gipuzkoa] Gure Haundie naiz ni». Migel Joakin Eleizegi Ateaga (1818-1861) ezagutzen ez duenik ez da haren jaioterrian. Plazan jarri berri duten panel batean, hark berak esplikatzen dio nor den, lehen pertsonan, bisitariari. Izan ere, azken hilabeteetan gero eta gehiago dira herrian hartaz galdezka dabiltzanak. Altzoko Handiari buruzko filma egiten ari dira Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendariak, eta, iazko apirilean, hainbat eszena grabatu zituzten inguru hartako parajeetan. Orduan hasi ziren nabaritzen mugimendu gehiago herria, eta, orain, daukaten ondarea bisitariei erakusteko prestatzen dabiltza. Plazako panelarekin batera, beste hiru jarri dituzte herrian barrena, eta bi ibilbide osatu dituzte laurekin: bide luzea eta bide laburra.

Plazatik abiatzea proposatzen du ibilbideak, eta hango panelari begira ari da, hain justu, Garaño. Bilera bat zuela eta, nobedadea ikusteko aprobetxatu du. Filmarekin buru-belarri dabiltza, eta, «dena ondo badoa», udarako prest eduki nahi dute: «Aurten estreinatuko dugula ziurta dezakegu, udazkenean edo neguan».

Koldo Izagirrek egin ditu paneletako testuak; irudiak, berriz, hil berri den Juanba Berasategirenak dira. Izagirrek kontatu duenez, udala berarekin jarri zen harremanetan, aurrez David Azurzarekin Altzoko Handiari buruzko opera bat egina zuelako. Bere hautua izan zen Eleizegi hizketan jartzea, «erakargarriago» egiteko: «Hurbiltasuna sortzen du, ez da informazio hutsa». Han eta hemen begira zebiltzala, artean ezezagunak ziren irudiak topatu zituzten. Berasategi arduratu zen panelei forma emateaz.

Ibilbideak plazatik Santa Barbararantz darama bisitaria, Altzoko Handiaren eskultura dagoen lekura; eta, handik, Ipintza Haundi baserrira, haren jaiotetxera. Altzo Azpiko errotan geldialdi bat egitea proposatzen du gero, eta elizan beste bat.

Mendi buelta bat eginez, Alegiatik iritsi dira herrira Antxon Urruzuno eta Pedro Apeztegia. Altzotarrak ez badira ere, ondo ezagutzen dute erraldoia. Urruzuno kuadrillakoen bilobekin etorri zen duela hainbat aste, eta, besteak beste, elizako atarian dagoen marka ikusten aritu ziren —Eleizegik eserita zeukan altuera erakusten du seinaleak—. «Benetan bizi ote zen galdezka ibili ziren, guk baietz eta baietz; horrenbeste galderarekin, momentu batean duda ere egin genuen!», dio Urruzunok. Hezur-haragizkoa zen, eta ez nolanahikoa: 2,42 metro garai zen, eta berrehundik gora kilo ere pisatu zuen.

Itxita dago herriko ostatua, baina Apeztegiak entzun duenez, «filmaren kontuarekin-eta» berriro irekitzekotan dira. Hala da. Herritarrek martxoan erabaki zuten ostatua udalak eros eta ireki zezala, beste zenbait arrazoiren artean, Altzoko Handiaren ondarea zabaltzeko. «Kanpokoentzat ere bai, baina ingurukoentzat eta, gehienbat, herrikoentzat notiziaona da», dio Apeztegiak.

Filmarena jakin aurretik ere, ohikoa izaten zen herrian eskoletatik etorritako taldeak ikustea, Loli Arandia herritarrak azaldu duenez. Etxean, txikitatik entzun ditu hark Eleizegik munduan zehar izandako ibilerak. Izan ere, Gure Haundiek dioen bezala, munduan barrena «ibili» zuten: «Ez nik mundua ikusteko, munduak ni nolakoa nintzen ikusteko baizik». Orain, nolakoa zen ikus dezake munduak, haren jaioterritik. Altzoko Handiaren panelak eta ibilbidea aurkezteko, ekitaldi bat egingo dute ekain hasieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.