ATZEKOZ AURRERA

Desira bai, baina dudak nagusi

Astelehenetik dago Gasteiz zuri-urdinez jantzita, eta azkenean iritsi da espero izandako eguna. Gasteiztarrek ez dute ilusioa galdu futboleko Espainiako Kopa irabazteko, nahiz zail ikusi.

Alavesen aldeko banderak zintzilikatu dituzte Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazako etxeetan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2017ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Zuri-urdin esnatu da Gasteiz egunero astelehenaz geroztik. Espainiako Kopako finala ez da ustekabean pasatu: saltoki eta etxeetako balkoiak Alavesen banderaz beteta daude; futbol taldeari elkartasuna helarazteko hamaika bide prestatu dituzte, eta, astea pasatu ahala, gero eta jende gehiago ikusi da taldearen elastikoarekin. Gaurko partidan edozer gerta daiteke, baina hiriak behintzat ez du irabazteko esperantzarik galdu.

Kaleetan barrena zuri-urdinak ikusten dira edonon: instituzioek Alavesen aldeko mezuekin bete dituzte eraikinen aurrealdeak; autobus publikoetan zapiak eta mezuak jarri dituzte, eta saltokien erakusleihoak apainduta daude babazorroak animatzeko. Saltokiena da esanguratsuena, jabeek makina bat lan hartu baitute besteena baino ederragoa izateko. «Gasteiz On eragileak erakusleiho txapelketa antolatu du», azaldu du Cecilia Marcok, Mariana Reina oihal dendaren jabeak. «Alaves klubak ere bultzatu du saltokiok taldea babestea. Irabazlearentzako sariak Alavesekin lotuta egongo dira, hala nola irabazleak elastiko sinatua jasoko du». Finala irabaztea zaila ikusten du Marcok, baina «fantasian aritzea» librea dela esan du.

Bisualki aldaketa galanta izan du Gasteizek, zuri-urdinak nagusitu baitira. Aldaketa ez da bisuala bakarrik izan, ordea. Oro har, gasteiztarren solasaldi asko eta asko finalari buruzkoak dira egunotan. «Ni ez naiz besteak bezain positiboa. Bartzelona Bartzelona da», azaldu du tabako denda baten jabeak, Oscar Peralek. «Bartzelona futbol taldeari Espainiako Kopako finala bakarrik gelditzen zaio; denboraldi ona izateko, ez du irabazi beste erremediorik».

Kontu guztietan bezala, ezkorrak egon badaude, hots, irabaztea ezinezkoa iruditzen zaienak. Hiriko umorea, ordea, bestelakoa da. Alavesen elastikoa kendu gabe dabil egunotan Abdel El Mennonny banatzaileak, eta partida ez du horren ilun ikusten: «Camp Nou estadioan irabazi genion Bartzelonari 1-2. Liga irabazteko behar zituen hiru puntuak kendu genizkien». Banaketa egiteko erabiltzen duen furgonetan ere jarri du Alavesen zapia. Madrilera ezin izan dela joan azaldu du El Mennonnyk, baina lagunek prestatu dutela finala ikusteko plana.

Izan ere, Alavesek pantaila erraldoi bat prestatu du partida ikusteko, Plaza Berrian. Dena den, zale asko Madrilera joan dira, nahiz eta txartelik ez izan estadiora sartzeko, giroa bertatik bertara gozatu nahian. 25.000 bat zale inguratu dira Espainiako hiriburura.

Nolanahi ere, Alde Zaharreko tabernetan giroa egongo dela espero du 1 tabernako zerbitzariak: «Jendea giroa dagoen tokira joaten da, eta giroa tabernetan egoten da». Aiztogile kalean dago taberna. «Jende askok dauka partida gure tabernan ikusteko ohitura, eta, segur asko, orain ere hala egingo dute». Ohiturak direla medio, jendea bertaratuko dela uste du zerbitzariak, baina nabarmendu du tradizio batzuk hautsi dituela euren tabernak: «Alavesen ura eta likoreak erosi genituen. Jada jendeari ez zaio inporta zein markatakoa den. Alavesena delako eskatzen dute».

Hainbat bide sortu ditu klubak gasteiztarren mezuak jokalariei helarazteko. Esaterako, Espainiako Kopa faltsu bat jarri dute Andre Maria Zuriaren plazan. Bertan mezuak sar ditzake interesatua dagoen edonork. Jokolariek entzun dezatela Gasteiz estadiotik kanpo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.