ATZEKOZ AURRERA. Nicole Nuyts. Ekintzaile feminista

«Bortxaketa bat jasan ondoren sortzen da bazterketa soziala»

Afrikako feminismoari buruzko hitzaldi bat eman du Nuytsek Gasteizen. Makina bat urte darama Kongoko Errepublikan lanean. Besteak beste, emakumeen eskubideen alde dihardu.

JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2017ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Hamabi urte daramatza jada Nicole Nuytsek (Antwerp, Herbehereak, 1954) Kongoko Errepublikan lanean. Haur soldadu izandakoak gizarteratzen ekin zion ibilbideari. Egun,eta laguntza psikosoziala eta medikoa eskaintzen die Kongoko emakumeei, indarkeria matxista edo bazterketa soziala jasan dutenei bereziki. Afrikako feminismoari buruzko Emakume afrikarrak martxan hitzaldia eman du Gasteizen, Manuel Iradier elkarte afrikanistak antolatuta.

Zein da feminismoaren egoera ezagutu dituzun Afrikako herrialdeetan?

Ez dakite benetan feminismo hitzaren zentzua zein den. Baina borroka feministak garatzen dabiltza zentzua zein den jakin gabe. Euren kulturetan diskriminatuak direla ulertzen ari dira.

Kontzeptua ulertu gabe defendatzen dute?

Bai, baina borrokak orain dela gutxi hasi dira. Hamabi urte daramatzat Kongon lanean, eta borroka feministak azken bost urteetan piztu dira.

Nolakoa da egoera Kongon?

Alde galanta dago hirien eta herrixken artean. Hirietako emakumeak heziagoak dira, eta kontaktu gehiago daukate gainontzeko herrialdeekin. Herrixketako emakumeak ez dira mugitzen, eta ez daukate inguruko jendearekin harremanik. Hala ere, antolatzen poliki-poliki hasi dira euren eskubideen defentsan.

Nola hasi dute borroka herrixketako emakumeek? Euren kontura ikusi al dute borrokaren beharra?

Hirietako emakumeak arduratu dira herrixketako emakumeak kontzientziatzeaz.

Zein rol daukate emakumeek Kongoko gizartean?

Independentzia lortu aurretik, emakumeak familiarentzat bakarrik egiten zuen lan, zaintza lanetan edo soroa lantzen. Lortu ostean, heziketa jasotzen hasi ziren poliki-poliki. Horrek aldaketa galanta ekarri zuen. Hala ere, egun, emakumearen lana ez dago oso aitortua ohituren erruz: gizonek erabakitzen dute guztia. Dena den, askok unibertsitateko ikasketak dituzte, eta horren ondorioz ardura postuetara iristen dira; hala nola politikan. Familian ere garrantzia gehiago dute euren erabakiek.

Nola ikusten dute emakumeek egoera?

Inkesta bat egin dugu Kongoko gizartean; hots, hainbat eremutako emakumeei galdetu diegu egoeraren inguruan. Orokorrean, positiboak dira, gauzak aldatu direla ikusten dutelako. Hala ere, emakume askok ez dute heziketarik jaso. Ezagutzarik ez dutenez, ez dute egoera ondo ulertzen.

Aipatu duzu duela gutxi piztu direla borrokak, baina nola erantzun dute gizonezkoek?

Hasieran, oso negatiboa izan zen. Diskriminatuak sentitzen ziren. Baina, poliki-poliki barneratzen dabiltza emakumeek euren balioa daukatela eta errespetatu egin behar dituztela. Lehen, emakumeak baliorik gabeko zerbait bezala hartzen zituzten. Hori aldatzeak denbora beharko du.

Hedatua dago berdintasunaren ideia gizartean?

Ez asko. Erakunde bezala ikusarazten gabiltza berdintasuna behar dutela bakea lortzeko. Egoera asko gainditu behar dira oraindik, ordea; esaterako, familiaren ondarearena. Emakume bat ezkontzen denean jabetza bat bezala pasatzen dio bere familiak senarraren familiari. Bere sendiaren oinordekotza jasotzeko eskubide guztiak galtzen ditu.

Indarkeria matxista edo bazterketa soziala jasan duten emakumeekin lan egin duzu bereziki. Kongon ere arazo estrukturala al da indarkeria matxista?

Bai, batez ere bortxaketak eta sexu erasoak. Bortxaketa bat jasan ondoren sortzen da bazterketa soziala. Emakumeari egozten zaio errua: janzkerarekin gizonezkoak probokatzen dituela esaten da, adibidez.

Emakumea baztertzen dute bortxatu egin dutelako?

Bai, lotsagarria da, batez ere bere gizonarendako, baina baita komunitatearendako ere. Horregatik, emakume askok ez dute salatzen bortxaketa.

Zuen erakundeak medikuaren laguntza eta laguntza psikologikoa eskaintzen ditu, baita laguntza ekonomikoa eta judiziala ere. Gobernuak ez al lituzke behar horiek ase beharko?

Legeak existitzen dira, baina praktikan ez dute askorako balio. Gobernuak dio bortxaketa kopurua asko jaitsi dela, baina, noski, emakume askok ez dute salatzen.

Emakume batek salatzen badu, bide judiziala baliagarria al zaio?

Legez, zigorra hogei urtekoa da, baina, kartzelatutako norbait kalera irten daiteke bi astetara. Ustelkeria handia dago, eta, ordainduz gero, kalera irteten dira. Azkenean, emakumeari ez dio askorako balio.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.