SELFIE BAT MARIJAIAREKIN. Maddi Bilbao. Tabernaria

«Denok izan nahi dugu bezero, eta ez tabernari beti»

Egunak joan eta egunak etorri, besteen aisialdirako lanean dihardu tabernariak, barraren beste aldean. Funtsezkoak dira Aste Nagusian, eta beste era batera pasatzen dituzte jaiak.

PERU AZPILLAGA.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2017ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Ez da lan makala tabernariena, egunero-egunero, besteen aisialdiaren mesedetan, asko dira bizitza barraren beste aldean pasatzen duten lagunak, baita diru pixka bat lortzeko asteburuetan edota jaietan tabernari lanetan ibiltzen diren gazteak ere.

Azken horietakoa da Maddi Bilbao. Zuzenbide ikasketak aurten amaitu dituen arren, jada hiru urte baino gehiago daramatza Aste Nagusian lanean. Orain dela urte bat sortutako Adaxka kultur elkartean ari da aurten. Bilboko Zazpikaleetako kale jendetsuenetariko batean: Someran.

«Gogorra egiten da», aitortu du Bilbaok, «lanera aurreko eguneko nekeagaz edo ajeagaz» heltzen delako, azaldu duenez. Hala ere «gustura» dabilela dio, gazte askok egiten dutelako lan, eta «harreman ona» dutenez, jai giroa izaten dutelako. Nahiago du goizez lan egin, jaikitzea kostatu arren horrela arratsaldean jaietan dauden hamaika ekitaldietako batera joateko aukera duelako.

Jaietan duten lanari lotuz, Bilboko Zazpikaleetan lan «nahikotxo» dutela adierazi du, oso berandu ixten ez duten arren. Gainera, kontatu duenez, jaietako gauzarik «kuriosoena» goiz batzuetan dagoen giroa da; hain zuzen ere, ireki berri dutenean: «Hamaiketan zabaltzen dugunez, Bilbo Zaharrean parrandan egon den jendea ere etortzen da batzuetan; orduan, bat egiten dute taberna berean muztioak edaten eta pintxoak jaten ari diren familiekin; oso bitxia da», azaldu du.

Pare bat egunetan libratzen duen arren, nekea pilatzen dela esan du: «Guk zortzi ordu egiten ditugu lan, baina, hemen gehienok konpartsakideak izanik, askotan, irten eta gutxira, sei orduko txandaren bat izaten dugu gure konpartsan». Besteetan, aldiz, lagunekin egon, kontzerturen bat ikusi eta etxera joaten dela azaldu du Bilbaok, «oso gutxi deskantsatzera», hurrengo egunean berriz lanera joateko; «zorakeria da». Dioenez, «jaietan ez dago norberarentzako astirik».

Tabernako lanari buruz, azaldu duenez, lanetik irtetean denek nahi dute zerbait hartu, hots, «bezero izan, eta ez denbora osoa tabernari; eskertzen da bezero izatea». Aitzitik, beren tabernan lan egiten duten sukaldarien lana ere nabarmendu nahi izan du. «Sekulako sukaldariak ditugu: goizean pintxoak egiten dituzte, eguerdian menuak jaietan, 60 pertsona ingururentzat eta, gauean, ogitartekoak. Lan handia egiten dute haiek ere», erantsi du Bilbaok.

Somera kalea, bestalde,«bizitasun handiko» kalea dela dio. «Taberna asko gaude, era guztietako jendea biltzen da, eta, gainera, antolatuta gaude Gora Somera lelopean». Horren harira, gehienak auzokideak izanik, kalea animatzeaz gain, edukiz betetzen eta auzoa errespetatzen ere saiatzen direla azaldu du Bilbaok.

«Bizirik irauteko» dabil lanean Bilbao. «Gaztea izanik, nire kabuz bizitzeko gai izan nahi dut». Badaki zein den kalean dagoen egoera, eta hori gutxi balitz bezala, ikastea ere «geroz eta garestiagoa» dela adierazi du; horregatik erabaki zuen asteburuetan lan egitea. «Are gehiago proiektu honetan, auzoko kultur elkarte bat izateak asko motibatu ninduen; ez da soilik lana, zerbaiten parte izatea ere bada». Adaxka kultur elkarteak urtebete eskas darama Somera kalean, Bilbaok azaldu duenez, Zazpikaleak auzo «berezia» izanik, leku propio baten beharra sumatu zuten hainbat auzokidek, eta horregatik erabaki zuten kultur elkartea sortzea, auzoari «zerbait berria» eskaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.