Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Bizigiro «Eboluzioa garapen teknologikoaren arabera moldatzen ari da»

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA. Helena Gonzalez. Biologoa

«Eboluzioa garapen teknologikoaren arabera moldatzen ari da»

Geneak belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira, baina horiek moldatu egiten direla dio Gonzalezek. Hori da epigenetika. Teknologiarekin batera gizakia bera ere garatzen ari dela dio.
Argazkia: BERRIA
Biologoa den arren, biologiaren dibulgazioan dabil buru-belarri Helena Gonzalez (Salamanca, Espainia, 1983). Big Van Ciencia dibulgatzaile taldeko kide da, eta zientziarekin umorezko bakarrizketak egiten ditu. Tenemos menos genes que un brocoli... y se nota (Brokoli batek baino gene gutxiago ditugu... eta sumatzen da) liburua argitaratu berri du; genetikaren inguruko azalpenak ematen ditu han. Bihar Bilbon izango da, Naukas jardunaldietan.

Egiatan ditugu brokoli batek baino gene gutxiago?

Bai, egia da, eta min eman dezake esaten dizutenean. Egia esan, batzuei asko sumatzen zaie [barreak]. 2001. urtean giza genoma xehatzea lortu zenean, gure DNA guztia irakurri ahal izango zela pentsatzen genuen, eta gutaz jakin zitekeen guztia jakin ahal izango genuela pentsatzen zen.

Eta horrela izan zen?

Ez, ez zen horrela izan. Giza genomaren proiektuak eman zigun lehen ostikoa hori izan baitzen, garatuenak ginen organismoak ginela uste genuen, eta jabetu ginen uste genuena baino gene gutxiago genituela. Arratoi batek edo zizare batek adina gene ditugula jabetu ginen, eta brokoliak, pinuak eta platanoak baino askoz gutxiago. Shock egoera batean geratu ginen, zer gertatzen ari zen jakin gabe.

Alegia, munduko erdigune izan beharrean, bat gehiago ginela jabetu ginen.

Hori da. Egia da, hala ere, gure DNAk baduela gaitasun handi bat bere burua erregulatzeko, beste organismoek baino gehiago. Eta horri epigenetika deitzen diogu. Ez da organismo batek duen gene kopurua bakarrik, horiek erregulatzeko duen gaitasuna baizik. Egoera ezberdinetara egokitzeko gaitasuna da, DNA plastikoagoa izan dadin. Dena ez dago geneetan idatzita, harago dagoen erregulazio modu bat dago. Horren adibide egokiena bikiena da. %100 berdinak diren bikiak pertsona ezberdinak izan daitezke, gustu ezberdinak garatu ditzakete, bizi ezberdinak badituzte. Eta hori ezin da geneengatik izan. Hor dago erregulazio epigenetikoa. Horrek erakusten digu nola moldatzen diren gure izaerak, gustuak...

Brokoliak baino zerbait gehiago bagara orduan.

[Barreak] Hori da!

Milisegundo batean elkartutako gene kopuru bat garela diozu. Hori bakarrik gara?

Bai. Uneren batean gure organismoarentzako baliagarriak izan ziren gene eskukada bat gara. Horregatik hautatu zituen eboluzioak. Baina hori gara, zelula baten barruan dagoen gene kopuru bat.

Zerk egiten gaitu gure arbasoen berdin, eta gure ondorengoen ezberdin?

Ez pentsa zientziak oraindik galdera hori erantzun dezakeenik. Zerk egiten gaitu gizaki? Genomak segidan jartzen ditugunean, ikusten dugu gure DNA eta txinpantze edo gorilena %99 berdinak direla. Ez da hain erraza ikertzea zerk egiten gaituen gizaki, zer den gaitasun kognitiboak ematen dizkigun hori. Gero eta gehiagok uste dute epigenetikan duela oinarria. Baina oraindik asko dago erantzuteko.

Zer gara, gure arbasoak ala bizi duguna?

Azken finean, hori da epigenetika. Horrek erakusten digu nola eragiten dien inguruak gure geneei. Bagara gure arbasoak , asko jasotzen dugulako haiengandik; gure azalaren kolorea, begiena... Baina beste bereizgarri asko idatzi gabe daude geneetan, eta gure inguruaren araberakoak dira. Hezkuntzak molda ditzake geneak, musika entzuteak, irakurtzeak, kirola egiteak, jaten dugunak... Hori ez da gure arbasoengandik datorren karga genetikoa, baizik eta erabaki pertsonal bat da, eta horrek modulatzen du garen pertsona.

Irakurtzeak eta musika entzuteak gure genetika alda dezake?

Bai, elkarren arteko loturak modula ditzakete. Azken finean, gure burmuinean dauden lotura guztiak epigenetikaren eragina ere badira. Genetika ezin du aldatu kirolak, ez janariak, ez ezerk. Genetika duguna da, baina epigenetika moldagarria da, eta instrumentu jakin bat jotzeak, edo musika jakin bat entzuteak irakaspen prozesu batzuk hobetu ditzake.

Teknologia garatuz doan heinean gu harekin garatzen ari garela, alegia.

Bai. Hori eztabaidatu beharreko beste gai bat dela iruditzen zait. Gure eboluzioa garapen teknologikoaren arabera moldatzen ari garela esan daiteke eta.

Hobera ala okerrera?

Nik uste bi aurpegiak dituela. Pertsonen arteko harreman ugari gutxitzen ari dira sare sozialen eraginarengatik. Hori hobea ala okerragoa da? Hori eztabaidatu beharko litzateke, baina, niretzat, okerrerako da.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak