Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Bizigiro «Tarteka, ekintzaile bainoago, eroak gara»

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA. Patxi Damian. Musikaria eta enpresaria

«Tarteka, ekintzaile bainoago, eroak gara»

Musika eta enpresa mundua uztartu ditu Damianek. Konposizioa ikasi du, musika hezkuntzan teknologia berriak sartzeko Soinuan proiektua sortu zuen, eta, egun, bere enpresa kudeatzen du.
Argazkia: NAK

2017-09-14 / Iker Tubia

Txistuarekin egin zituen lehenbiziko urratsak musikan, eta goi mailako ikasketak eginda, konposizio karrera atera zuen Patxi Damianek (Iruñea, 1987). Pianoa eta biolontxeloa ere jotzen ditu. Musikaren alorrean enpresa aukera asko daudela dio, eta bere esperientzia musika ikasleei azalduko die bihar NAK Nafarroako Musika Garaikidearen jaialdian.

Musikaren alorra interesgarria da enpresak sortzeko?

Oraindik jorratzeko dagoen sektorea da. Ez da musikan ari den enpresari askorik, edo enpresan ari den musikari askorik. Sektorea oso tradizionala da, eta horrek egitasmo hauek ulertzea zailtzen du, baina, hain zuzen ere, kontserbadorea denez, hamaika aukera berri daude garatzeko. Batzuk hasi dira: musika dendak, Blackbinder partiturak jo ahala bakarrik pasatzeko aplikazioa, webguneekin lotzen diren ikasliburuak, taldeen proiektuak kudeatzeko modu berritzaileak...

Teknologia berriei lotzea ezinbestekoa da?

Ezinbestekoa bainoago, sinbiosi natural bat da. Ez da teknologia berriak erabiltzea hautatzen dela; erabiltzen direla jakintzat ematen da.

Musika hezkuntzaren alorrari heldu zenion Soinuan proiektuarekin. Hor aldaketarik izan da?

Internet bidezko prestakuntza oso aurreratua dago, baina musikaren alorrean ez. Aukera bat zen musikak prestakuntzaren atala bide digitalera eraldatzen hastea, eta gu joera horri batzea. Baina hori ez zen gertatu. Bestalde, aldaketa guk bultzatu nahi bagenuen, inbertsio handia beharko genuke. Ez zen horretarako garaia.

Alorra tradizionalegia delako?

Musikariak tresna fisiko bat jotzen du. Beraz, oso zaila da eremu digitalera eramatea. Horregatik da tradizionalagoa. Noski, kontserbatorioko hezkuntzaz ari naiz. Herri musikak popak, jazzak, rockak, elektronikak... beste bide bat du.

Soinuan ez zen atera. Zein da irakasbide nagusia?

Has ditzagun musika proiektuak, saia gaitezen berritzen gure alorrean, baina egin dezagun proba ikuspegitik. Publikoak hau nahi du? Hala bada, aurrera. Tailerrean jendea animatu nahi dugu haien ideiak probatzera, baina ongi ikusita noiz egin aurrera eta noiz gelditu.

Funtzionatzen duenetz dioen neurgailua da gakoa?

Soinuanekin eta beste proiektuekin hori ikasi dut. Ezin zara desengainatu. Edonori deitzen diogu ekintzaile, baina denak ez gara ekintzaileak. Batzuetan, ekintzaile bainoago, eroak gara. Bideragarritasuna lehenbailehen frogatu behar da. Izan behar dugu ekintzaile txikiak, probekin hasi, eta bideragarria bada, izanen gara ekintzaile handiagoak.

Jende gaztearentzakoa da tailerra. Inportantea da haien rola?

Kontserbatorioa bukatzean mundua zalantzaz beterik dago. Bukatzen duzunean bi aukera dituzu: lan merkatu oso-oso konplikatu batera jo, edo zure proiektuak aurrera atera. Ba, gutxienez, kudeaketa gaitasuna eman diezaiegun karrera bukatu dutenei. Izan ere, gaur soilik musikatik bizitzea oso zaila da.

Aldaketak ailegatuko dira musika hezkuntzara?

Hala espero dut. Hainbat alorretan gerta daitezke aldaketak, besteak beste hezkuntzan. Noizbait ikusiko dugu prestakuntzaren zati handi bat norberak zuzenduko duela erabat. Unibertsitateko ikasketetan %40 edo %60 izanen da nahitaezkoa. Gaur egun kalitate handiko eskolak daude sarean, baita doan ere. Musikan ere bai, adibidez, historia, harmonia... Espazio fisiko batera joaterena bukatuko da, hori ezinbestekoa ez den kasuetan.

Zeintzuk lirateke beste alorrak?

Edukien kudeaketaren alorra dugu. Partituren afera mundu digitalera pasatu beharko da. Nola ibil daiteke inor biolontxelo izugarriarekin eta partituraz betetako karpetarekin hara eta hona? Eraman tableta bat, edo partiturak hodeian izan. Bestalde, audioen afera dago. Hemendik gutxira entseguetarako areto digitalak ikusiko ditugu. Izan ere, musikaren alorrean dagoen arazo handienetako bat da musikariak elkartzearena. Banda zabalerak ematen dituen aukerak aintzat hartu behar dira, baina mikrofono eta ordenagailu onekin, taldeko entseguak nork bere etxean eginen ditu.

Publizitatea

Sortu kontua
Iker Tubia Iker Tubia

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak